PRENTSA ARETOA


bakea eta bizikidetza

Aterabide politiko eta demokratikoen garaia da, ez kartzelak betetzekoa

Asier Ezeiza euskal preso politiko ohiak espetxera itzuli beharko du gaur, Espainiako Auzitegi Nazionalak jarritako hemeretzi urte kondena betetzeko. Hernaniarrak bi urte daramatza kalean, aurrez beste hamabi urtez preso egon ostean. Egunotan bete berri dira bost urte ETAk bere burua desegin zuenetik; baita, halaber, Arnagako Adierazpenetik ere. Ordea, oraindik ere Espainiako Estatuak mendeku-politika erabiltzen jarraitzen du, gatazka politikoa konpontzeko prestutasunik gabe.

Mendekuak ez dakar bakerik. Alderantziz, Euskal Herriarentzat bake eta elkarbizitza demokratikoan oinarritutako agertoki berri bat nahi badugu, preso politikoen auziari irtenbidea ematea premiazkoa da. Horregatik, ez du inolako zentzurik 
kartzelak betetzeko estrategiarekin jarraitzean. Ezeizaren kasua ez da bakarra, gradu erregresioak eta auzi judizial berriak ere horren isla baitira.

Presoak dauden artean, gatazkaren oinarrian dagoen arazo politikoa konpontzea zailtzen da, irtenbide politiko eta demokratiko oro zapuztuz. Espainiako Estatuak ederki daki hori eta, presoak ez ezik, euskal jendartea ere gatibu du kartzelak husten ez diren bitartean. 

Sortuk kartzelak husteko eta gatazkari aterabide politiko eta demokratikoa aurkitzeko konpromisoa berresten du, Ezeizari babesa eta elkartasuna adieraztearekin batera.

2023-05-04

-
bakea eta bizikidetza

Herri indarrari esker, M3moriak bizirik dirau

Jakina da Euskal Herriko gatazkaren errelatoa borrokaleku garrantzitsu bilakatu dela azken urteotan. Oso konplexua da, eta nekez azal genezake bere jatorrian dauden arrazoi politikoei erreparatu gabe; nekez defenda daiteke demokraten eta biolentoen kontakizun bat, Espainiako Estatuak erabili duen indarkeriari begiratuz gero. Urteetan biolentzia hori gutxietsi eta estaltzeko ahalegina egon den arren, hura salatzeko eta memoria gordetzeko egin den lan nekaezinaren ondorioz, azken urteotan espazio eta aukera berriak irekitzen ari dira. Horren guztiaren ondorio dira torturaren txostenak, zenbait estatu krimenen aitortza, sozialki gero eta ezagunagoak diren estatu biolentziaren kasuak eta hainbat memoria guneren proiektuak, Martxoaren 3koarena kasu.

Zaramagan duela 47 urte jazotako sarraskiaren urtemuga testuinguru berezi batean izango da, San Frantzisko elizan M3moria gunea sortu eta berau ezaugarritzearen gaineko eztabaida irekia baitago. Horrela, Martxoaren 3ko krimenen salaketan urte luzez eta oztopo guztien gainetik lan egiten duten herri eragileentzat beste fase bat irekitzen hasi da. Izan ere, Martxoak 3 elkartea eta Memoria Gara ekimen herritarra, proiektuan eragiteko, aurrez aurreko harremana izaten ari dira hainbat instituziorekin. Azken horiek, urte luzeetan inpunitatea eta ahanztura ofiziala baimendu ostean, biktimen oroimen zentro bat irekitzeari atea zabaldu baitiote.

Martxoaren 3ak gure herrian ordezkatzen duena asko da. Ez gaude atzoko argazki zahar bati begira. Martxoaren 3a ez da oroimen hutsa. Martxoaren 3ak borroka eremu asko elikatu izan ditu. 47 urtez, sarraskiaren inpunitatea salatu eta eraildako langileak oroitzearekin batera, aldarrikapen eta askotariko balioek ezaugarritu dute data. Hauek ere badirelako martxoaren 3a gorpuzten dutenak: langile elkartasuna, gazte problematika, klase borroka, justizia soziala, borroka feminista, askatasun demokratikoen aldeko borroka, internazionalismoa, antimilitarismoa, intsumisioa eta beste abar luze bat. Euskal Herriaren aldeko borroka eraldatzaile eta emantzipatzaileen kronika erraz osa daitekeelako urtemuga guztien argazki eta aldarrikapenekin. Hau da Martxoaren 3a eta bere memoria. Horregatik egiten zaie hain deseroso erakunde publiko jakin batzuei eremu honen baitan lanean hastea gaur egun. Ia bost hamarkada berandu heldu diren horiek, garaiko borroka grina, konpromisoa, elkartasuna eta duintasuna eguneratu eta irmoki mantentzen duen herri eta memoria batekin aurkitu direlako parez pare.

Dagoeneko atzeman diren zailtasunak, mesfidantzak eta kontraesanak kudeatzeko garaiak dira, baina bistatik galdu gabe PNV-PSEk zuzentzen duten erakundeak halako proiektu publiko bat gauzatzera bultzatu izana herri eragileen garaipena dela, azaleratzen ari baitira posible dela argazki huts baterako erabiliak izaten diren proiektu gris eta estatikoak baldintza daitezkeela eduki eta mugimenduz betetzeko; eta, era berean, frogatu dute herri eragileen parte hartze eraginkorra bermatu gabe nekez egin dezaketela aurrera.

M3MORIA hizki larriz. Martxoak 3 elkarteak piztuta mantendu duena, Memoria Gara ekimenak berritu duena eta milaka norbanako, dozenaka herri eragile, sindikatu eta mugimendu politiko zehatz batzuek defendatu dutena hasiera-hasieratik. Horretan ere egon da ezker abertzalea eta horretan ere jarraituko dugu.

Aurten, beraz, ohiko mobilizazioekin bat egin eta inpunitatearen salaketarekin batera, ezinbestekoa da memoria eragileen lana hauspotzea, babestea eta duten zilegitasuna bermatzea, erakundeak parez pare izanda egin beharreko lanari begira.

Gasteizko sarraskiaren lekuko izan zen elizan Memoria Gune bat eraikitzeko aukera irekita egotea, aipatu bezala, badelako herri garaipen bat. Gure herriaren errelatoa kolektiboki eraikitzeko aurrerapauso bat. Lan egin dezagun atzeraezina bihurtzeko.

Gora Martxoaren 3a!

2023-03-02

-
bakea eta bizikidetza

Torturaren itzalpeko galderei erantzuteko garaia da, aitortza, erreparazioa eta ez errepikatzea bermatzeko

Aurtengo otsailaren 13a testuinguru berezi batean iritsi zaigu: lehenengoz, Nafarroa Garaian 1960tik aurrera izandako tortura-kasuen errealitate gordina azalarazi du Kriminologiaren Euskal Institutuak urtarrilean argitaratutako txostenak. Ikerketa horri eta 2017an argitaratutako Araba, Bizkai eta Gipuzkoako txostenari esker, Euskal Herriko azken 60-70 urtetako torturen lehenengo argazki bat daukagu.

Ordea, txosten eta zenbaki horiek abiapuntu bat dira; badakigu tortura jendeak isilpean gorde duen sufrimendu bat dela, gaiaren inguruan egon den tabu eta kriminalizazioaren ondorioz. Gainera, haietako askoren testigantzak ezingo ditugu jaso ere egin, hilda daudelako jadanik.

Tortura eta egia aitortzen hasteko oinarri bat jarri dute testigantza eta zifra horiek. Lortu dugu tortura isilpetik argira ateratzea, eta errealitate ukaezin bat izan dela frogatzea. Orain, zenbaki instituzional horiek izanda, galdera berriak egiteko garaia da, egia aitortu eta ez errepikatzeko bermeak jartzeko: Nork torturatu du? Non? Noiz? Zergatik? Zertarako?

Kolore guztietako poliziek eragin dituzte torturak, Espainiako eta EHko komisaria eta kuarteletan. Tortura gatazka politiko baten testuinguruan praktikatu dute, modu planifikatu batean egin ere. Alegia, tortura sistematikoa izan da Espainiako Estatuan, eta helburu argi bat izan du: euskal disidentzia politikoa isilaraztea eta zapaltzea. Horren atzean erantzukizun eta erantzule politikoak daude: torturak praktikatu dituztenak eta hori ahalbidetu dutenak. 

Beraz, oraindik asko dugu egiteko memoria oso bat eta elkarbizitza sendo bat eraikitzera begira; besteak beste, aitortza sozial, politiko eta instituzionala falta da. Bide horretan, torturatuen lana eta jarrera aktiboa funtsezkoa izan da; pasa den larunbatean Donostian egindako agerraldia da horren isla. Euren eskubideak aldarrikatzeko eta auzia itzalpetik argira ateratzeko lan handia egiten ari dira, eta hori aitortu eta eskertu nahi diegu. 

Guztion bultzadarekin hel diezaiegun behingoz erantzuteko dauden galderei, aitortzaren, erreparazioaren eta ez errepikatzeko bermeen bidean. Eta, zehazki, dei egin nahi diegu Espainiako Gobernuari, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroa Garaiko Gobernuari dagozkien erantzukizunak euren gain hartzeko eta eragindako mina aitortzeko, hori baita auzi honi aterabide justu eta demokratiko bat emateko egin dezaketen ekarpen egokiena.

2023-02-13

-
sortu

Sortuk anbizioz eta arduraz ekingo dio hauteskunde zikloari, ezker independentismoa indartzeko helburuz

Sortuk Nazio Batzar delegatua egin du herrietako arduradun politikoekin. Une politikoaren garrantzia partekatu dute, tartean, hastear den hauteskunde zikloarena. Kidegoa inoiz baino gehiago EH Bilduren baitan aktibatzeko eta lan egiteko konpromisoa berretsi du, ezker independentismoa ahalik eta gehien indartzeko helburuz.

Ezker independentismoak asko du jokoan maiatzean hasi eta gutxienez bi urtez luzatuko den hauteskunde ziklo honetan: garai ezegonkorrak bizi ditugu, eta zibilizazio gisa erronka erraldoiak ditugu parez pare, baita herri moduan ere. Hauteskundeen osteko instituzioetako indar-korrelazioek eta horietan hartzen den norabide politikoak herritarron bizi baldintzak eta Euskal Herriaren etorkizuna bera baldintzatuko dituzte.

Erronka eta trantsizio horiei parametro subiranista eta eraldatzaileetatik erantzungo die ezker independentismoak, euskal herritarron bizitzak erdigunean jarriz. Norabide horretan eragiteko, behar-beharrezkoa da gehiengoak eraikitzea eta ahalik eta instituzio gehien gobernatzea. Gainera, independentziarako indarra biltzea da euskal nazio askapen mugimenduaren erronka eta zalantzarik ez dago, EH Bilduk instituzioetan indarra metatzeak askapen prozesuan jauzia egiteko baldintzak sor ditzakeela.

Horregatik, Sortuk ahalegin guztiak jarriko ditu ezker independentismoaren eragiteko gaitasuna ahalik eta handiena izan dadin. Beraz, kide guztiok EH Bilduren baitan aktibatu eta lan egingo dugu inoiz baino gehiago, arduraz bezainbeste ilusioz.

2023-02-09

-
bakea eta bizikidetza

Konponbide garaia da, ez kartzelak betetzekoa.

Auzitegi Nazionalean gaur amaitu den epaiketan fiskaltzaren zigor-eskaria betetzen bada, Asier Ezeiza euskal preso politiko ohiak beste hemeretzi urte eman beharko ditu espetxean. Lazgarria da, gero, ETAren jarduera armatua amaitu eta 11 urte pasa ondoren, oraindik ere Espainiako Estatuak mendeku-politika amaigabean gotortuta ikustea, gatazka konpontzeko prestutasunik gabe.

Mendekuak ez dakar bakerik. Alderantziz, Euskal Herriarentzat bake eta elkarbizitza demokratikoan oinarritutako agertoki berri bat nahi badugu, preso politikoen auziari irtenbidea ematea premiazkoa da, eta horrenbestez ez du inolako zentzurik kartzelak betetzeko bulkadari eustea. Ezeizaren kasua ez da bakarra, bistan da, eta kosta ahala kosta hainbat auzi judizial azkartzen ari dira kartzelak betetzeko asmoz, azken egunotan Auzitegi Nazionalean ikusten ari garen moduan.

Estatuak presoak gatibu dituen bitartean, euskal jendartea ere du gatibu, presoak dauden artean gatazkaren oinarrian dagoen arazo politikoa konpontzea zailtzen dela baitaki, irtenbide politiko eta demokratiko oro zapuzten dela baitaki.

Sortuk kartzelak husteko eta gatazkari aterabide politiko eta demokratikoa aurkitzeko konpromisoa berresten du.

2022-12-20

-