PRENTSA ARETOA


ekonomia eta bizi baldintzak

Ertzaintzaren jarrera oldarkorra dela eta

Ernai gazte antolakundeak “Larrialdi egoeran gaude” lelopean atzo egindako mobilizazio baketsuen aurka Ertzaintzak erabilitako biolentzia eta jarrera oldarkorra dela eta, honako hau adierazten du SORTUk:

   • Babesa eta elkartasuna helarazten dizkiegu zauritu eta atxilotuei, bai eta horien guztien senide eta hurbileko lagunei. Zaurituak lehenbailehen sendatzea espero dugu eta atxilotuak berehala aske uzteko exijitzen dugu.

   • Ertzaintzaren erantzun basatia salatzen dugu. Esanguratsua bezain kezkagarria da Erkoreka jaunaren Polizia, faxistak babesten eta zuritzen ari den bitartean, gupidarik gabe oldartzea gazteen kriminalizazioa salatzen dutenen aurka, haien lanpostuen defentsan irteten diren langileen aurka edota kapitalismoaren basakeria salatzen duten aktibisten aurka. Bistan da Polizia eredu honek herritarren zerbitzura egon beharrean interes partikular batzuei baino ez diela erantzuten, eta hori onartezina da. SORTUk polizia ereduaren inguruko herri gisako eztabaida ezinbestekotzat jotzen du. Besteak beste, euskal jendartearen balore nagusiekin bat ez datozen jokamoldeak dituen polizia baita Ertzaintza.

   • EAJk osasun larrialdiaren kudeaketan erakutsi duen gaitasun eza poliziarekin estali nahi duela salatzen dugu. Orain askoz hobeto egongo ginateke jendea jipoitzen darabilten indarraren hamarrena gauzak modu enpatiko eta ez autoritario batean egiten eta herri honen burujabetza berreskuratzen saiatuko balira.

   • SORTUk arreta ez desbideratzeko exijitzen du. Oraindik konpondu gabeko osasun-larrialdi betean jarraitzen dugu. Era berean, krisi sozial eta ekonomiko honek milaka gazte, emakume, pentsiodun, langabe, migratzaile eta abarri eragiten die. Ez dezagun ahaztu. Guk argi dugu: krisi honek eredu sozial eta produktiboaren eztabaida partekatua eskatzen du eta ez errepresioa. Krisi honen aurrean elkartasuna eta justizia soziala lehenetsi behar dira eta ez oldartze polizialak. Krisia kapitalak ordaindu behar du, berak ekarri baikaitu egoera honetara, berak utzi baikaitu babesik gabe pandemiaren aurrean politika neoliberal eta pribatizatzaileak sustatzean.

   • Bukatzeko, SORTUk, atzoko gertaerak salatzeko Ernai gazte erakundeak gaurko Bilbon eta Gasteizen deitu dituen mobilizazioetan parte hartzera deitzen du. 

2021-05-08

-
bakea eta bizikidetza

30 urtetik gorako erbestealdiaren ostean, Sarrionandiak eta Azkaratek familia bisitatu dute Euskal Herrian

Hiru hamarkada baino gehiago atzerri behartuan eman ostean, Joseba Sarrionandia eta Agustin Azkarate iheslari ohiak Euskal Herrira itzuli dira euren familiak eta gertukoak bisitatzera.

Joseba Sarrionandia 63 urteko iurretarra, 1980an atxilotu zuen espainiar Poliziak eta torturak salatu zituen. 1985ean egin zuen ihes Martuteneko espetxetik, Imanol Larzabalen kontzertu baten ostean bafle batean ezkutatuta Iñaki Pikabearekin batera. Ordutik urteak eman ditu toki ezezagunean, 2016an Habanan bizi dela jakin arazi zuen arte. Dena den, bere berri izan dugu urte guzti hauetan bere literatur jardun oparoari esker eta lan intelektualari esker.

Agustin Azkarate 69 urteko iheslari oreretarra ere itzuli da Euskal Herrira hamarkadetako erbestearen ondoren. Azkarate Guardia Zibilak atxilotu zuen 1986an eta tortura latzak pairatu zituen. Kartzelatua izan zen nahiz eta epaileak kartzelako ospitalean ingresatzea agindu zuen.

Lizarra-Garazi garaian Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak etxera itzultzeko hartu zuen erabakiaz geroztik, gatazka politikoaren ondorioz ihes egin behar izan duten 200 kide itzuli dira Euskal Herrira. Aieteko Konferentziatik hamar urte beteko dira aurten. Ezker abertzaleak estrategia aldaketarekin Euskal Herrian gatazka politikoa konpontzeko ziklo aldaketaren alde egindako apustu sendoak, iheslarien etxeratzea azkartu du azken urteetan. 2013an EIPK-k bere ibilbide orria berritu zuen Miarritzen egindako ekitaldian. Gaur egun, 41 iheslari geratzen dira munduan zehar, horietatik 8 deportatuak.

2021-04-22

-
bakea eta bizikidetza

SORTUk osasun irizpideak betez egingo ditu mobilizazioak larunbatean

SORTUk larunbat honetarako, Preso Politikoen Nazioarteko Egunerako, ‘Askatasuna’ lelopean mobilizazioak antolatu ditu. 12:00etan, Bilboko Jesusen Bihotzetik eta Donostiako Alderdi Ederretik abiatuko dira manifestazioak; 17:00etan, Iruñeko Sarasate Pasealekutik; eta 17:30ean Gasteizko Andra Mari Zuritik.

Osasun egoera dela eta, neurri guztiak betearaziko ditu SORTUk eta, era berean, administrazioek ezarritako neurri murriztaileak betetzeko eskatzen die herritarrei. Mobilizazioetara joateko aukera duten herritarrei elkar-zaintzeko deia egiten diegu.

Maiatzean eta ekainean euskal preso, iheslari eta deportatu politikoen alde egingo diren ekimen eta mobilizazioetan parte hartuz etxeratzeko aldarria indartzeko deia ere egiten dugu.
 

2021-04-13

-
euskal herria

Iñaki Aldekoaren konpromiso militantea balioan jarri beharra dago

SORTUk besarkada sentikor bat helarazten die Iñaki Aldekoaren senide eta hurbileko lagunei, saminez betetako une honetan. Aldekoa errepresaliatu politiko bat izan zen, herri honen independentziaren alde aritzeagatik espetxeratu zutena. Haren konpromiso militantea balioan jarri eta aitortu beharra dago.

Adiorik ez.
Garaipenera arte!

 


 

 

2021-04-08

-
bakea eta bizikidetza

Torturaren afera osoa argitara emateko bidean sakondu behar dugu, aitortza eta erreparazioa lortu arte

Egunotan plazaratutako informazioek, posizionamenduek eta erabakiek ebidentzia bat utzi dute agerian: torturaren aferak tabu izateari utzi dio. Geroz eta eragile gehiagok onartzen dute publikoki torturaren existentzia. Gaia isilpetik ateratzen ari da plaza publikora, oraindik aitortza ofizialetik urrun bagaude ere.

Nafarroako Parlamentuak gaur Mikel Zabalzaren heriotza ikertzeko hartutako erabakia ere norabide horretan doa. Halere, osotasunean erreparatu behar zaio torturaren aferari, torturak ez baitira kasu isolatuak, Estatu-aparatuek euskal independentismoaren aurka hamarkadaz hamarkada erabilitako praktika ohiko eta sistematiko bat baizik. Izan ere, Hego Euskal Herrian 5.657 tortura kasu egiaztatu dira.

Torturaren afera osoa argitara emateko bidean sakondu behar dugu. Tortura pairatu duten pertsonek aitortza eta erreparazioa behar-beharrezkoak dituzte, nork bere ardurei iskin egin gabe. Modu horretan lortuko du herri honek bake, bizikidetza eta askatasun agertoki berri bat.

Larunbatean Nafarroako Torturatuen Sareak deitutako manifestazioari atxikimendua erakusten dio SORTUk.
 

2021-03-01

-