Suposizio hutsetan oinarrituta bidali ditu Auzitegi Nazionalak Galder Barbado eta Aitor Zelaia gazte arabarrak kartzelara. Beste behin ere eskandaluzko erabaki onartezin bat hartu du salbuespeneko epaitegiak. Hori dela eta, mobilizazioetan parte hartzeko dei egiten du SORTUk.
Ertzaintzak berariaz puztutako txosten-poliziala abiapuntutzat hartuta eta suposizioetan oinarrituta bidali dituzte kartzelara. Beste kapitulu amorragarri bat gehiago Auzitegi Nazionalaren historia ilunean, errotulagailuz pintaketa egin zuen Julen Ibarrola amurrioarraren espetxeratzearen kasuan bezala, Alfredo Remirezen zigorraren kasuan bezala edo Altsasuko zortzi gazteen kasuan bezala. Eta sistema judizial espainiarrak batzuekin eta besteekin darabilen neurri-bitasuna are eskandalagarriagoa da: Amurrioko familia abertzale baten kontra ustez tiro egin zuen polizia ohia libre dagoelako inolako neurririk gabe.
Onartezina da Auzitegi Nazionalak euskal herritarren etengabe bizitza gidatzea; herri honek gainditu nahi duen gatazka bati kosta ahala kosta eustea. ETAren jarduera armatua orain dela zazpi urte bukatu zen, armagabetzea orain dela ia bi izan zen eta iaz desegin zen. Baina herritarrak zigortzen jarraitu nahi dute.
Datozen egunotan antolatuko diren protesta bilkura eta mobilizazioetan parte hartzeko dei egiten du SORTUk.
SORTUk gogor salatzen du Ertzaintzaren eta justizia espainiarraren neurri-bitasuna. Urtarril hasieran Amurrioko familia abertzale baten etxearen kontra tiro egin zuen polizia ohia kargurik gabe kalean dabilen bitartean, argudio ezin ahul eta lausoagoak erabiliz atxilotu ditu Ertzaintzak gaur bi gazte arabar. Batak Amurrioko epaitegian deklaratu zuen bitartean, beste biak salbuespeneko Auzitegi Nazionalera eraman dituzte. Berriz ere agerian geratu da espainiar justiziaren izaera arbitrarioa. Ertzaintzaren jarrerak ere kezka eragiten du.
Galder Barbado eta Aitor Zelaia berehala aske uzteko exijitzen dugu. Herri honek eraiki nahi duen bake eta bizikidetzaren aurkako norabidean doaz gaurko atxiloketak. Oraindik badira aktore politiko garrantzitsuak iraganari eta gatazkari lotuta jarraitu nahi dutenak; urteetan ezker abertzalearen kriminalizazioarekin eroso sentitu direnak; euskal testuinguru soziopolitiko berrira egokitzeko batere interesik erakusten ez dutenak. Izan ere, kezkatuta gaude eragile horiek errealitate paralelo batean bizi direla ikusita: herri honek azken urteetan bakearen eta bizikidetzaren aldeko urrats garrantzitsuak eman dituen bitartean, independentisten aurkako kriminalizazioari lotuta jarraitzeko tematuta daude. Izan ere, zazpi urte baino gehiago dira ETAk jarduera armatua utzi zuenetik, ia bi urte dira armagabetzea gertatu zenetik eta ia urtebete ETA desegin zenetik.
Ez da espetxeak betetzeko garaia, haiek hustekoa baizik. SORTUk beste behin ere prestutasun osoa agertzen du aliantza zabalak eraikitzeko, herri honek benetako bake eta normalizazioa eskura ditzan.
Operazioa salatzeko eta bi atxilotuen askatasuna exijitzeko, mobilizazioak antolatu ditu SORTUk arratsalde honetarako, ‘Atxilotuak askatu. Utzi Euskal Herria bakean!’ lelopean, Amurrioko plazan (19:00) eta Gasteizko Andre Mari Zuriaren Plazan (19:00).
Gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoei buruzko hainbat albiste jarraitzeko aukera izan dugu azken asteotan. Tamalgarrienak hilaren 5ean eta 26an izan ziren, hurrenez hurren Juan Mari Maizkurrena eta Oier Gomez hil zirenean. Bi preso ohien kasuan, gaixotasun larri eta sendaezina diagnostikatukoan, gelditzen zitzaien zigorra eten behar izan zuten espetxe-administrazioek 2017an. Eta urtarrila atzo amaitu zen Asier Aginakori berriki antzemandako gaixotasun baten ondotik sinatutako beste zigor-etete batekin, hilaren 15ean, urgentziaz kirurgia-operazioa egin ondoren.
Kartzeletako egoera gordina bezain krudela da. Izan ere, preso gehienek 50 urte inguru eta gehiago dituzte; ia 200 presok 15 urte, 20 edo gehiago bete dituzte kartzela-erregimenik gogorrenetan; eta ia mediku- eta osasun-zaintzarik gabe daude. Juan Mari, Oier edo Asierren kasuak ez zeuden gaixotasuna duten presoen zerrendan, eta salatzen ari garen kartzeletako egoera kezkagarri horren erakusle dira. Itxura batean, gaixotasunik gabeko presoak ziren, eta gaitzak berandu antzeman eta diagnostikatu dizkiete. Horrelakoxea izan zen Kepa Arronategiren kasua: Jon Gurutz Maiza eta Joseba Erostegirekin batera, Jaiki Hadik urte hasieran eguneratutako gaixotasun larri eta sendaezina duten 21 presoen zerrendan sartu berri da. Gaixotasuna publikoa den kasuetan (15 preso) edo anonimoa den kasuetan (5), zerrenda horretako pertsona ia guztiek, denak ez esatearren, kalean egon beharko lukete, indarrean dagoen legedia aplikatuta. Kartzelan mantentzea erabat arriskutsua da haien osasunerako, eta txarrena ekar lezake. Gaixo terminalei buruz berriki bertan behera utzitako 3/2017 instrukzioak baino ez du gainditzen krudelkeria hori.
Hala eta guztiz, gaixo diren presoen eta haien patologien zerrenda berritua publikoki agertu ondoren, Jesus Loza Gobernuaren EAEko ordezkariak ez zuen jakin egoerak agintzen duen mailan egoten, eta ez zuen gizatasunik erakutsi. Gaixotasun kopurua eta haien gaitzak hutsaltzat jotzean, trufa egin zien gaixo diren presoei, haien familiei eta Estatuaren gabeziak betetzen ari diren medikuntza alorreko profesionalei. Harrituta omen dago gaixorik larri dauden preso kopuruaren igoerarekin, eta batzuei zein besteei –ezker abertzaleari barne– zehaztasun handiagoa exijitu zien.
Tamalez baina, urtarril honek eman dio erantzuna Loza jaunari. Hor dauzka kartzeletako errealitateari eta gaixotasun larriei buruzko zehaztasunak, gordintasun osoz. Beste hainbat egoera dramatikoren artean, bi heriotza izan dira, eta kondena etetea ekarri duen urgentziazko ebakuntza bat. Hori da zehaztasuna, Loza jauna. Hori dela-eta, ulertzen dugu senitartekoen kezka eta baita osasunaren nahiz giza-eskubideen alde ari direnen kezka, kartzeletan patologia psikiko larriak dituzten kasuekiko, minbizi kasuekiko, endekapenezko gaixotasun larrien kasuekiko, edo bihotz-patologia larrien kasuekiko.
Garai politiko berriak neurri humanitario berriak eskatzen ditu, eta espetxe-politika berriak gizatasuna izan behar du, ez gorrotoa, ez trufa, ez egoera hutsaltzea. Urtarrilaren 12an euskal gizarteak bere jarrera argi erakutsi zuen: 85.000 lagunek Bilbon eta Baionan urrunketaren aurkako aldarria kalera atera zuten eta gaixo diren presoak berehala aske lagatzeko eskatu zuten. Bihar, larunbata, berriz ere, kalera irten beharrean egongo gara, gaixotasun larri eta sendaezina duten presoen berehalako askatasuna exijitzeko. Egoeraren larritasuna eta premia dela-eta, SORTUk dei egiten du Sare eta Txus Martinen aldeko plataformak antolatutako mobilizazioetan parte hartzeko (12:00etan Donostian eta 13:00etan Galdakaon). Bereziki, Sarek bihar 17:00etan Gasteizen “Oier azkena izan dadila” lelopean egingo duen mobilizazioan parte hartzeko deia egiten dugu.
Ke-laino gehiago ez erabiltzeko eta behingoz berea den ardurari aurre egiteko exijitu dio SORTUk Espainiako Gobernuari, Jesus Loza Gobernuak EAEn duen ordezkariak goiz honetan egindako adierazpenaren harira. Orain arte –eta Marlaska barne ministroak berak onartu berri du– salbuespeneko politika erabili dute euskal preso politikoekin. Bada hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia: salbuespeneko politika albo batera utzi eta presoen eskubideak kontuan hartuko dituen espetxe-politikara igarotzeko, joan den larunbatean 85.000 herritarrek exijitu zuten moduan. Ardura Espainiako Gobernuaren teilatuan dago. Ez dezala, beraz, nahaste- jokorik erabili. Aterabidea eman diezaiola berea den ardurari.
2019-01-30Inperialismoak Venezuelan sustatu duen tentsio-eskalada salatzen du SORTUk.
Latinoamerikan Monroe doktrina aplikatzea eta inperialismoaren sustatutako estatu-kolpeak egitea diktadura-erregimen txotxongiloak jartzeko baino ez du balio.
Aski ezaguna da SORTUren babesa prozesu boliartarrarekiko eta Venezuelako herriarenganako. Estatu-kolpe saiakera dela eta, SORTUk Venezuelako herria eta haren Gobernua babesten dituela berresten du.
Soilik Venezuelako herriak konpon dezake Venezuela pairatzen ari den ataka estua, elkarrizketaren bidez eta kanpo-injerentziariik gabe. Honen moduko egoeretan, kanpo-eragileei dagokie elkarrizketa eta distentsioa erraztea konponbideak aurkitu ahal izateko. Kanpo-eragileek ez lukete inoiz tentsioa areagotzen eta konfrontazioa sustatu behar.
SORTU euskal gizarteari dei egiten dio estatu-kolpea salatzeko antolatu diren mobilizazioetan parte har dezan.
Venezuela Aurrera!
2019-01-24