PRENTSA ARETOA


sortu

Kidegoaren gehiengo zabalak Herrigaia ponentzia babestu du

50 puntuko aldea atera dio Herrigaia ponentziak Lurrari Lotuz osoko zuzenketari, azken honek jasotako babesa hirukoiztuz.

2.948 akreditatuk (%71) egin du Herrigaia ponentziaren alde, 919k (%22) Lurrari Lotuz osoko zuzenketaren alde eta 297k (%7) zuri bozkatu dute.

Bestalde, parte hartzea handia izan da. 4.164 pertsonek bozkatu dute, erroldaren %52,5ak. Honek bultzada handia ematen dio Herrigaia ponentziak jasotako proposamen politikoari.

Herrigaia hastapenik eraikuntza kolektiboa izan da. 500 buruz buruko elkarrizketen, dozenaka herri batzarren eta udaran egindako bi Nazio Topaketen emaitza, eta hala izango da aurrerantzean ere. Eztabaida prozesuak aurrera jarraitzen du. Abenduaren 5a bitarte Herrigaia ponentziari zuzenketa partzialak egiteko aukerak irekita segitzen du. Abenduaren 13an jasotako zuzenketa partzialen Memoria akreditatuen esku jarriko da eta abenduaren 17tik 19ra bozkatu ahal izango da.

Errolda

(Parte hartzako eskubidea dutenak)

Parte hartzaileakEmandako botoaHerrigaiaLurrari LotuzZuri
7.9364.5564.1642.948919297

 
%52,5%71*%22*%7*

*Emandako botoaren gaineko ehunekoak dira.


 


 

2021-11-22

-
bakea eta bizikidetza

Elkarbizitza demokratikoaren mesedetan, utz dezatela errelato bakarra inposatzeari

Argalaren hilketaren urteurrenean, 2018an Arrigorriagan egindako oroimen-ekitaldiagatik Covitek jarritako salaketa Auzitegi Nazionalak birritan atzera bota duela eta, honako hau adierazten du SORTUk:

- Estatuaren biolentzia, torturak eta polizia gehiegikeriak salatzen diren bakoitzean, kriminalizazio saiakerak izan ohi dira. Hala gertatu zen Arrigorriagako ekitaldi harekin. Argalaren hilketak argitu gabe jarraitzen duela salatu zen. Argala militante politiko bat izan zen, estatu-terrorismoaren biktima izan zena, soldatapeko mertzenarioek hil zutena Konstituzio espainiarra bozkatu eta bi astera.

- Eskubide guztiak, biktima guztiak, memoria guztiak. Azken batean, sufrimendu guzti-guztien oroimena aldarrikatzen dugu, batzuena eta besteena, inor bazterrean utzi gabe. Soilik memoria partekatu baten bidez eraiki ahal izango baita elkarbizitza demokratikoa. Horrek esan nahi du ezin dela ukatu existitu den biolentzietako bat. Horrek esan nahi du ezin dela ukatu existitu diren sufrimenduetako bakar bat.

- Horregatik, bizikidetza demokratikoari oztopoak jartzen ari diren guztiei exijitzen diegu utz diezaiotela errelato bakarra inposatzen saiatzeari. Horiei guztiei dei egiten diegu albora dezatela garaile eta garaituen errelatoa, zintzoen eta gaiztoen errelatoa. Sinistarazi nahi digute hemen ez dela gatazka politikorik izan, biolentzia bakarra eta biktima bakarrak ETArenak izan direla. Sinistarazi nahi digute gerra zikina, legeen bihurritzea, tortura, komunikabideen itxiera eta abar luze bat gure irudimenaren fruitu baino ez direla direla.

- Gisa honetako kriminalizazio saiakeren aurrean adierazpen askatasuna eta gure errelatoa egiteko eskubidea defenditzen ditugu. Inork ez digu inposatuko esan behar duguna, ez pentsatu behar duguna, ez eta sentitu behar duguna ere.

2021-09-30

-
bakea eta bizikidetza

Presoen kaleratze bakoitzak elkarbizitzarako bidea indartzen du

Euskal preso politikoen kaleratzea eta Agustin Almarazen harrera dela eta honakoa adierazten du Sortuk:

Espetxetik irtetzen den preso bakoitza elkarbizitzara eta bakera hurbiltzen gaituen gertakaria da. Elkarbizitza eraikitzeko ezinbestekoa da presoen eskubideak urratzen dituen salbuespen politikarekin amaitzea eta kalerako bidea bultzatzea. Espetxe legedi arrunta aplikatuko balitz euskal preso politikoen %84ak kalea zapaltzen egon behar luke honezkero. Espainiar Estatuan daudenen %89. 157 preso horiei legea bihurrituz irteera baimenetarako, hirugarren gradurako edo baldintzapeko askatasunerako eskubidea ukatzen ari zaie Estatua, preso ahalik eta denbora luzeenean atxikitzeko helburuarekin. Agustin Almarazek 26 urte eman ditu espetxean. Ia 25 Andaluzian urrunduta eta lehen graduan, muturreko egoeran. Zigorraren hiru laurdenak 2014an bete zituen eta beraz behar baino 7 urte gehiago eman ditu preso.

Abuztuan kaleratu diren bost euskal preso politikoak euren kondenak azken egunera arte beteta irten dira. 11 eta 13 urte arteko zigorrak Frantziar Estatukoen kasuan eta 25 urte luzekoak Espainiar Estatuan, azken hilabetera arte Euskal Herriko espetxeak zapaldu ere egin gabe gehienen kasua. Normaltasunetik eta elkarbizitzaren aldeko jarreratik gutxi du errealitate horrek.

Aieteko Konferentziatik eta ETAren borroka armatuaren behin betiko amaieratik 10 urtera, 199 euskal herritarrek preso segitzen dute oraindik arrazoi politikoengatik. Munduan gatazkaren konponbiderako edozein prozesutan eman zaio aterabide bat presoen auziari, elkarbizitza eta bake egoera indartu ahal izateko. Preso, iheslari edo deportatu bakar bat espetxeann edo erbestean den artean ezinezkoa izango da bake osoaz hitz egitea.

Nekez eraikiko da elkarbizitza besteari zer egin behar duen edo zer egin dezakeen edo ez inposatuz. Harrera ekitaldien kontra jotzen dutenen helburua, hau da, amak, aitak edo lagunek euren maiteak espetxetik irtetzean besarkatzea debekatu nahi dutenen helburua, garaile eta garaituen errelato bakarra inposatzea da, eta horrek elkarbizitzatik urruntzen gaitu.

Hainbat elkarte ultra, arduradun politiko eta komunikabidetatik preso, iheslari eta deportatu politikoen eskubideen, etxeratzearen eta asistentziaren alde lanean ari direnen aurka egiten duten kriminalizazioak ez dio inolako ekarpenik egiten elkarbizitzaren eraikuntzari eta are, bakearen etsaien agenda indartu baizik ez du egiten.

Euskal Herrian behin betiko elkarbizitza eta bakea erdietsi ahal izateko gatazka politikoari aterabide demokratikoa eman behar zaio. Espainiar eta Frantziar Estatu zapaltzaileek gure etorkizuna demokratikoki erabaki ahal izateko eskubidea ukatzen segitzen dute.

2021-08-25

-
ekonomia eta bizi baldintzak

SORTUk bat egiten du Irungo Harrera Sarearen eta Elkar-ekinen mobilizazioekin

Esplotazioak eta miseriak aurpegi asko dituzte eta bere aurpegirik latzena erakutsi digu egunotan Euskal Herrian. Bi gazte hil dira, bata Irunen, ezezaguna, Bidasoa ibaia zeharkatzen ari zela eta bestea Azpeitian, Luis Enrique Soriano, lan esplotazio jarraitua sufritu ostean, bere buruaz beste egin duena.

SORTUk, ezer baino lehen, bere doluminik sentikorrenak helarazten dizkie bi gazteen senide eta gertukoei eta gogor salatzen ditu bi gertakari hauek.

Irungo kasuan, azken hilabeteetan Euskal Herria modu artifialean zatitzen duen muga Bidasoa ibaia igerian zeharkatuz hil den hirugarren pertsona da atzokoa. Ez dira gertakari isolatuak eta desgrazia hutsak. Europar Batasunaren politika migratzaile erabat okerraren ondorio dira heriotza hauek. Erakundeek miseriatik ihesi datozen lagun hauei eskua luzatzeko obligazioa dute eta horrekin batera, euren herrialdeetatik alde egitera behartzen dituzten zapalkuntzak justiziaren eta berdintasunaren alde borrokatzeko betebeharra dute. Aldiz, guztiz bestelako jokabidea erakusten ari dira zapalkuntza eta esplotazioa mantenduz eta beharra dutenei ezikusiarena eginez. Beste behin ere, erakundeek betetzen ez dituzten ardurak herri ekimenetik betetzeko ahalegina goraipatu nahi du SORTUk.

Azpeitiko Luis Enrique Sorianoren kasuak berriz, azken hiru urteetan jasan duen lan esplotazio egoera jarraituarekin zer ikusi zuzena duela dirudi. Zoritxarrez ez dugu urrunera joan beharrik esplotazio eta arrazakeria egoera hauek existitzen direla ikusteko. Eta begi bistakoa da migratzailea eta gaztea izateak halako egoeretan aterabideak zaildu baizik ez dituela egiten. Non dago lan ikuskaritza halako kasuak detektatu eta horiei aurre egiteko? Gertakari hau ikertu eta erantzukizun guztiak argitzea espero du SORTUk.

Zentzu horretan, SORTUk bat egiten du, batetik, Irungo Harrera Sareak gaur 19:00etan San Juan Plazan “Bidasoa ez da hilobia izango” lelopean deitu duen mobilizazioarekin eta bestetik, Elkar-ekin mugimenduak Azpeitian bihar 18:30etan “Ahanzturarik ez, Luis Enrique gogoan. Esplotazioarekin amaitu” lelopean deitu duen elkarretaratzearekin.

Euskal Herria harrera herria izatearen alde.

Euskal Herria esplotaziorik gabeko herria izatearen alde.

Lehenik Herria.

2021-08-09

-
euskal herria

Sopelan gaur egindako atxiloketen harira

Gaur Sopelan egindako operazio poliziala salatzen dugu eta atxilotuei babesa eta elkartasuna helarazten dizkiegu. Era berean, bere etxera joan arren, atxilotzea lortu ez duten lagunari ere gure elkartasuna helarazten diogu.

Polizia espainiarraren eskuhartzea guztiz tokiz kanpo dago Euskal Herrian, are gehiago, herri-mugimenduko kideak kriminalizatu eta beldurtzeko. SORTUk irmo salatzen du operazio hau, eta Sopelan bertan deitua dagoen elkarretaratzean parte hartzera dei egiten du.

2021-07-22

-