Kondenen Kudeaketarako Auzitegiak espetxean 32 urte daramatzan eta 70 urtetik goiti dituen Jon Parot euskal preso politikoaren baldintzapeko askatasuna onartu zuen atzo. Fiskaltzak helegitea jarrita ordea, berriro ere askatasunerako perspektibak itxi dizkiote Jon Paroti. Onartezina iruditzen zaigu fiskaltza antiterroristak hartu duen jarrera. Bakegileek beraiek erran dutenez, begi bistakoa da “estatu mendeku” baten aurrean gaudela.
Bakegileen azken hilabetetako mobilizazioak erakutsi dute Ipar Euskal Herriko hautetsien, gizarte-eragileen eta herritarren gehiengoak bat egiten duela Jon Parot eta Jakes Esnalen askatasunaren aldarrikapenarekin. Gehiengo horren nahia errespeta dezala exijitzen diogu Frantses Estatuari; utz diezaiola behingoz mendeku estrategian tematzeari!
Frantses Estatuak sortu nahi duen eszenatoki ezin larriagoaren aurrean, Ion Parot eta Jakes Esnalen kasuen konponbidea irtenbidea behartzeko Bakegileek uztailaren 23rako deitu duten Ipar Euskal Herriaren blokeo egunarekin bat egiten dugu.
Europako Giza Eskubideen Auzitegiak agindutakoa bete behar du. Atzo Auzitegi Gorenak Xabier Atristainen kasuan Estrasburgoren ebazpenari uko egitea erabaki ondoren, gaur Ertzaintzak Atristain atxilotu eta Martuteneko espetxean sartu dute.
Espainiar justizia Xabierrekin egiten ari denak ez dauka izenik. Ze justizia mota da legeari muzin egin eta sudur puntan jartzen zaiona egiten duena? Sinpleki, ezin zaio justizia deitu. Estatu aparatuen inpunitatean eta giza eskubideen urraketamn sakondu baizik ez du egiten.
Lau ideia azpimarratu nahi ditu gaur Sortuk, Estrasburgoko tribunalak esandakoaren argitara:
1. Xabier Atristainen aurkako prozesu judiziala injustua izan zen bere osotasunean. Injustizia horrek prozedimendu osoari eragiten dio eta beraz ez dago ezer zuzendu daitekeenik haren baitan.
2. Auzitegi Gorenak Estrasburgoren sententzia bete behar du eta ezin du beste sententzia bat berridatzi nahieran.
3. Espainiar judikaturak euren sententzia baliogabetu behar du, Europak bota egin duelako, eta ez dute hori egin, justu kontrakoa baizik.
4. Xabier Atristain orain espetxean dago sententzia injustu bat betetzen. Europak kartzelan 11 urte modu injustuan bete dituela esan du eta Europaren esanetan beste sei urte bete arazi nahi dizkio orain Auzitegi Gorenak.
Barrabaskeria honen aurrean, demokraziaren aldeko eragile politiko, sindikal eta sozialei ahotsa altxatzeko deia egiten die Sortuk. Aski da.
Estrasburgoko Auzitegiaren aginduari muzin egin eta Xabier Atristainen zigorra ez indargabetzeko erabakia aurrekaririk gabeko astakeria da, espainiar Estatuak euskal independentismoaren aurka erabilitako giza-eskubideen urraketei erabateko inpunitatea eskaintzen diena. Auzitegi Gorenak gaur kaleratutako erabakia, beraz, ozen salatzen dugu, eta bidegabekeria honen aurka ahotsa altxatzeko eskatzen diegu gainerako eragile politiko, sindikal eta sozialei, herri honetan askatasun, bake eta elkarbizitza demokratiko agertoki bat eraikitzea oztopatzen baitu.
Xabier Atristaini 17 urteko zigorra ezarri zioten bere oinarrizko eskubideak urratu ondoren, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak aho batez ebatzitakoaren arabera. Defentsarako eskubidea eta prozesu justu eta ekitatibo baterako eskubidea urratu zizkioten. Ez berari bakarrik, beste milaka euskal herritarrei ere baizik. Sakoneko Estatuak gai honi justizian oinarritutako arrazoizko aterabide bat eman beharrean aurrera ihes egitea erabaki du, Atristainen eskubide-urraketan sakonduz eta Estrasburgok presoen auziari aterabide justu eta logiko bat emateko ireki zuen aukera-leihoa itxi nahian. Espainiar judikaturaren jarrera honekin beste behin ere agerian gelditu da hau ez dela zuzenbide estatu bat.
Ostiral honetan, maiatzaren 6an, Habanako Saratoga Hotelean izandako ustekabeko leherketaren ondorioz, gutxienez 22 pertsona hil eta 64 zauritu dira.
Sortuk eta Euskal Herriko ezker independentistak doluminak helarazi nahi dizkie Kubako herriari, Kubako Alderdi Komunistari eta Errepublikako Gobernuari. Gure elkartasuna eta sentimenduak zauritutako eta ospitaleratutako pertsonekin eta biktima guztien senide eta maiteekin daude.
¡Fuerza Cuba!
Frantziako Estatuaren espetxe-politika kriminalak oraindik indarrean dituen bizi-arteko kartzela zigorrak salatzeko, larunbatean EH Bai-k Baionan antolatutako manifestazioan parte hartzeko dei egiten du Sortuk. Korsikako gizartearen gehiengo zabalak preso politikoen afera konpontzeko eskariei muzin egin izan die Parisek, eta Yvan Colonnari hilzorian zegoelarik baino ez zion kendu DPS estatutua eta kondena, ez lehenago. Ekidin zitekeen heriotza hori!
Yvan Colonna 2003an atxilotu eta bizi-arteko zigorrera kondenatu zuten. Ordutik, behin eta berriz salatu zituen DPS edo zaintza bereziko presoaren estatutua izateagatik pairaturiko eskubide urraketak. Estatutu horren aitzakiarekin ukatu zioten Yvanni kondena Korsikan betetzeko aukera. Korsikako jendartearen gehiengo zabalaren eta bertako instituzioen aldarrikapena den preso politikoen askatze-bidea oztopatzeko jarreran gotortuta dago Estatu frantsesa. Preso politikoak etxera ekarri eta Korsikako zein Euskal Herriko gatazkei irtenbide demokratikoa emateko deia egiten diogu Estatua frantsesari.
Berandu baino lehen, beraz, bizi-arteko espetxe-zigorra duten Jakes Esnal eta Jon Kepa Parot euskal preso politikoak etxera bidean jar ditzaten exijitzen dugu. Horregatik, larunbatean, 15:00etan Baionako San Andres Plazatik abiatuko den manifestazioan parte hartzeko deia egiten dugu.
Bide batez, ostiral hau hileko azken ostirala dela gogoratzen dugu. Horregatik, konponbidearen alde eta presoak, iheslariak eta deportatuak etxera bidean jartzearen alde kale eta plazetan antolatutako mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten dugu.
Konponbiderako garaia da!
2022-03-24