Auzitegi Nazionalean gaur amaitu den epaiketan fiskaltzaren zigor-eskaria betetzen bada, Asier Ezeiza euskal preso politiko ohiak beste hemeretzi urte eman beharko ditu espetxean. Lazgarria da, gero, ETAren jarduera armatua amaitu eta 11 urte pasa ondoren, oraindik ere Espainiako Estatuak mendeku-politika amaigabean gotortuta ikustea, gatazka konpontzeko prestutasunik gabe.
Mendekuak ez dakar bakerik. Alderantziz, Euskal Herriarentzat bake eta elkarbizitza demokratikoan oinarritutako agertoki berri bat nahi badugu, preso politikoen auziari irtenbidea ematea premiazkoa da, eta horrenbestez ez du inolako zentzurik kartzelak betetzeko bulkadari eustea. Ezeizaren kasua ez da bakarra, bistan da, eta kosta ahala kosta hainbat auzi judizial azkartzen ari dira kartzelak betetzeko asmoz, azken egunotan Auzitegi Nazionalean ikusten ari garen moduan.
Estatuak presoak gatibu dituen bitartean, euskal jendartea ere du gatibu, presoak dauden artean gatazkaren oinarrian dagoen arazo politikoa konpontzea zailtzen dela baitaki, irtenbide politiko eta demokratiko oro zapuzten dela baitaki.
Sortuk kartzelak husteko eta gatazkari aterabide politiko eta demokratikoa aurkitzeko konpromisoa berresten du.
2022-12-20