Sortuk Nazio Batzar delegatua egin du herrietako arduradun politikoekin. Une politikoaren garrantzia partekatu dute, tartean, hastear den hauteskunde zikloarena. Kidegoa inoiz baino gehiago EH Bilduren baitan aktibatzeko eta lan egiteko konpromisoa berretsi du, ezker independentismoa ahalik eta gehien indartzeko helburuz.
Ezker independentismoak asko du jokoan maiatzean hasi eta gutxienez bi urtez luzatuko den hauteskunde ziklo honetan: garai ezegonkorrak bizi ditugu, eta zibilizazio gisa erronka erraldoiak ditugu parez pare, baita herri moduan ere. Hauteskundeen osteko instituzioetako indar-korrelazioek eta horietan hartzen den norabide politikoak herritarron bizi baldintzak eta Euskal Herriaren etorkizuna bera baldintzatuko dituzte.
Erronka eta trantsizio horiei parametro subiranista eta eraldatzaileetatik erantzungo die ezker independentismoak, euskal herritarron bizitzak erdigunean jarriz. Norabide horretan eragiteko, behar-beharrezkoa da gehiengoak eraikitzea eta ahalik eta instituzio gehien gobernatzea. Gainera, independentziarako indarra biltzea da euskal nazio askapen mugimenduaren erronka eta zalantzarik ez dago, EH Bilduk instituzioetan indarra metatzeak askapen prozesuan jauzia egiteko baldintzak sor ditzakeela.
Horregatik, Sortuk ahalegin guztiak jarriko ditu ezker independentismoaren eragiteko gaitasuna ahalik eta handiena izan dadin. Beraz, kide guztiok EH Bilduren baitan aktibatu eta lan egingo dugu inoiz baino gehiago, arduraz bezainbeste ilusioz.
2023-02-09