PRENTSA ARETOA


bakea eta bizikidetza

Herri indarrari esker, M3moriak bizirik dirau

Jakina da Euskal Herriko gatazkaren errelatoa borrokaleku garrantzitsu bilakatu dela azken urteotan. Oso konplexua da, eta nekez azal genezake bere jatorrian dauden arrazoi politikoei erreparatu gabe; nekez defenda daiteke demokraten eta biolentoen kontakizun bat, Espainiako Estatuak erabili duen indarkeriari begiratuz gero. Urteetan biolentzia hori gutxietsi eta estaltzeko ahalegina egon den arren, hura salatzeko eta memoria gordetzeko egin den lan nekaezinaren ondorioz, azken urteotan espazio eta aukera berriak irekitzen ari dira. Horren guztiaren ondorio dira torturaren txostenak, zenbait estatu krimenen aitortza, sozialki gero eta ezagunagoak diren estatu biolentziaren kasuak eta hainbat memoria guneren proiektuak, Martxoaren 3koarena kasu.

Zaramagan duela 47 urte jazotako sarraskiaren urtemuga testuinguru berezi batean izango da, San Frantzisko elizan M3moria gunea sortu eta berau ezaugarritzearen gaineko eztabaida irekia baitago. Horrela, Martxoaren 3ko krimenen salaketan urte luzez eta oztopo guztien gainetik lan egiten duten herri eragileentzat beste fase bat irekitzen hasi da. Izan ere, Martxoak 3 elkartea eta Memoria Gara ekimen herritarra, proiektuan eragiteko, aurrez aurreko harremana izaten ari dira hainbat instituziorekin. Azken horiek, urte luzeetan inpunitatea eta ahanztura ofiziala baimendu ostean, biktimen oroimen zentro bat irekitzeari atea zabaldu baitiote.

Martxoaren 3ak gure herrian ordezkatzen duena asko da. Ez gaude atzoko argazki zahar bati begira. Martxoaren 3a ez da oroimen hutsa. Martxoaren 3ak borroka eremu asko elikatu izan ditu. 47 urtez, sarraskiaren inpunitatea salatu eta eraildako langileak oroitzearekin batera, aldarrikapen eta askotariko balioek ezaugarritu dute data. Hauek ere badirelako martxoaren 3a gorpuzten dutenak: langile elkartasuna, gazte problematika, klase borroka, justizia soziala, borroka feminista, askatasun demokratikoen aldeko borroka, internazionalismoa, antimilitarismoa, intsumisioa eta beste abar luze bat. Euskal Herriaren aldeko borroka eraldatzaile eta emantzipatzaileen kronika erraz osa daitekeelako urtemuga guztien argazki eta aldarrikapenekin. Hau da Martxoaren 3a eta bere memoria. Horregatik egiten zaie hain deseroso erakunde publiko jakin batzuei eremu honen baitan lanean hastea gaur egun. Ia bost hamarkada berandu heldu diren horiek, garaiko borroka grina, konpromisoa, elkartasuna eta duintasuna eguneratu eta irmoki mantentzen duen herri eta memoria batekin aurkitu direlako parez pare.

Dagoeneko atzeman diren zailtasunak, mesfidantzak eta kontraesanak kudeatzeko garaiak dira, baina bistatik galdu gabe PNV-PSEk zuzentzen duten erakundeak halako proiektu publiko bat gauzatzera bultzatu izana herri eragileen garaipena dela, azaleratzen ari baitira posible dela argazki huts baterako erabiliak izaten diren proiektu gris eta estatikoak baldintza daitezkeela eduki eta mugimenduz betetzeko; eta, era berean, frogatu dute herri eragileen parte hartze eraginkorra bermatu gabe nekez egin dezaketela aurrera.

M3MORIA hizki larriz. Martxoak 3 elkarteak piztuta mantendu duena, Memoria Gara ekimenak berritu duena eta milaka norbanako, dozenaka herri eragile, sindikatu eta mugimendu politiko zehatz batzuek defendatu dutena hasiera-hasieratik. Horretan ere egon da ezker abertzalea eta horretan ere jarraituko dugu.

Aurten, beraz, ohiko mobilizazioekin bat egin eta inpunitatearen salaketarekin batera, ezinbestekoa da memoria eragileen lana hauspotzea, babestea eta duten zilegitasuna bermatzea, erakundeak parez pare izanda egin beharreko lanari begira.

Gasteizko sarraskiaren lekuko izan zen elizan Memoria Gune bat eraikitzeko aukera irekita egotea, aipatu bezala, badelako herri garaipen bat. Gure herriaren errelatoa kolektiboki eraikitzeko aurrerapauso bat. Lan egin dezagun atzeraezina bihurtzeko.

Gora Martxoaren 3a!

2023-03-02

-