PRENTSA ARETOA


bakea eta bizikidetza

Aitor Zelaia eta Galder Barbadok kalean eta aske behar dute

Auzitegi Nazionalak launa urteko kartzela zigorra ezarri die Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazte
arabarrei. SORTUk honakoa dio:


• Erabat garaiz eta tokiz kanpoko kasua izan da eta da Aitor eta Galderren aurkakoa. Ezker abertzaleak
bakea eta askatasuna erdiesteko fase berri bat irekitzeko hautua egin eta bultzatu du Euskal Herrian.
Halako operazioek, epaiketek eta sententziek gure herria iraganean kateatzeko helburua dute eta
hori onartezina da.


• Euskal jendarteko esparru zabalen borrokari esker, gatazkaren konponbidean urrats esanguratsuak
egin dira azken urteetan. Presoen esparruan ere estatuen posizio gotortuak mugiarazi ditu urrats
batzuk ematera bultzatuz.


• Guzti horren aurka, poliziako, judikaturako eta oro har sakoneko Estatuko zenbait sektore
bakearen eraikuntza prozesua oztopatzeko jardunean ari dira. Aitor eta Galderren aurkako operazioa
testuinguru horretan ematen da.


• Espetxeak husteko garaia da, ez betetzen jarraitzekoa. Salbuespen legediekin amaitu behar da.
Auzitegi Nazionala soberan dago.


• Norabide horretan, gure elkartasun eta babes osoa adierazten diegu Aitor eta Galderri. Oztopoak
oztopo, Euskal Herrian demokraziaren, bakearen eta askatasunaren alde borrokan segiko du SORTUk.

2021-02-02

-
euskal herria

Ertzaintzaren azken egunetako kargak direla eta

Ertzaintzaren azken egunetako kargak direla-eta, eta zehatzago, Donostian San Sebastian egunez izandako gertakari larrien harira, elkartasuna adierazten die Sortuk Ertzaintzak zauritutakoei eta honako balorazioa egiten du:

1. Mundu mailako pandemia betean gaude. Egoera honetan, sarri esan dugunez, elkar zaintzea eta arduraz jokatzea dagokigu guztioi.

2. Eusko Jaurlaritzak pandemiaren ondorioen kudeaketan egin duen gauza bakarra neurri murriztaileak hartzea izan da, izurriari aurre egiteko ardura osoa norbanakoaren gain utziz. Estrategia honen bidez Eusko Jaurlaritzak administrazio publiko gisa dituen ardurei ihes egiten die: uko egin dio birusaren hedapenari aurre egin ahal izateko Osakidetzan behar beste arakatzaile kontratatzeari, lehen arreta zerbitzua indartzeari eta txertaketa bizkortzeko egin beharreko inbertsioak egiteari, garraio publikoaren maiztasuna areagotzeari, kaltetutako sektoreak ekonomikoki sustengatzeari eta oro har zerbitzu publikoak indartzeari. Hori gutxi balitz, gardentasun faltaz jokatzen ari da eta horrek guztiak jendartean mesfidantza eta nekea areagotzen du, hain justu konfiantza eta kohesioa ezinbestekoak direnean.

3. Ertzaintza egunotan izaten ari den jokabidea guztiz justifikaezina eta onartezina da. Batetik, antzeko gertaeren aurrean jokabide zeharo ezberdina izaten ari da. Sektore sozial jakinak kriminalizatzeko nahia dago eta irmoki salatzen dugu. Bestetik, neurri murriztaileen ezein urraketak ez du egunotan erabiltzen ari den bortizkeria justifikatzen. Poliziaren helburua arazoak ekiditea izan beharko luke eta ez horiek sortu edo larriagotzea.

4. Agentearen “vamos a tirar a dar” larria justifikatzeko Zubiaga sailburu ordeak “prozeduraren parte dela” adierazi du. Bada, guk diogu jarduteko modu horren ondorio direla Iñigo Cabacasena bezalako heriotzak edo atzoko kargetako matrailezur hautsiak. Horrela jokatzen duen polizia ez da polizia demokratikoa. Ertzaintzan arazo handia dago. Polizia ereduari buruzko herri eztabaida sakona egin eta sakoneko erreforma egiteko garaia dela uste du Sortuk.

5. Zentzu horretan, Segurtasun Sailari dei egiten dio berehala amaitzeko poliziaren bortizkeriarekin, depuratu ditzala egunotako jazoeren arduradunak eta jarrera justifikaezin hauek justifikatu beharrean autokritika egin dezala. Eusko Jaurlaritzari arduraz jokatzeko deia egiten dio Sortuk. Ez diezaiela ihes egin bere ardurei. Pandemiari ezin zaio aurre egin neurri murriztaileekin soilik, are gutxiago borra golpeka.

2021-01-21

-
bakea eta bizikidetza

a

Astelehenean, hiru euskal herritarrek deklaratu beharko dute Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrean inputatu gisa, 2002ko atentatu baten harira: Ruben Genbeltzu Gonzalez Arbizun bizi den andoaindarra, Jon Lizarribar Lasarte urnietarra eta Itxaso Zaldua Iriberri preso hernaniarra. Kasu honetan ere estatuak argi eta gerbi diosku ez duela gatazka politikoa gainditzeko inolako borondaterik, eta epaitegiak darabiltza iraganera kateatzeko. ETAren jarduera armatua orain dela ia hamarkada bat amaitu bazen eta erakunde hori desegin bazen ere, eskuin-mutur polizial, judizial eta mediatikoak era honetako sumarioak aurkezten dituzte herri honek bakean, bizikidetzan eta askatasunean aurrera egin ez dezan.

Era guztietara, bake, bizikidetza eta askatasun agertoki berri bat eraikitzeko herri honek duen determinazioa ezin dute zapuztu estamentu horiek. Bada garaia Estatuak behingoagatik bide politiko eta demokratiko hutsen aldeko apustua egin dezan, eta herri honen borondateari oztopoak jartzeari utz diezaion. Arduraz jokatzeko garaia da.

Berresten dugu gatazka politikoari irtenbide demokratikoa emateko ordua dela, eta ez errepresioan tematzekoa. Espetxeak husteko garaia da, ez haiek betetzen jarraitzekoa.

2020-12-23

-
bakea eta bizikidetza

Auzitegi Nazionalak bi herritar kartzelaratzeko aginduaren aurrean

Astelehenean Bizkaian atxilotutako bi herritarrak kartzelaratzeko agindua dela eta, SORTUk honako hau adierazten du:

1. Bistan da oraindik orain herri hau iraganera itzultzea nahi duten sektoreak existitzen direla, zehazki sakoneko estatuaren kasuan kosta ahala kosta borroka armatuaren mamua luzatzeko eta bizirik mantentzeko interesa oso nabarmena izanik, argiki Euskal Herriaren askapen bidea oztopatzearekin batera preso politikoen auzia betikotzeko asmoz.

2. Auzitegi Nazionalaren eskuhartzea salatzen du SORTUk. Espetxean beste bi lagun sartu ditu. Erabaki horrek ez die mesederik egiten Euskal Herriari, bakeari eta bizikidetzari. Berriz diogu: ez da espetxeak betetzeko unea, haiek hustutzekoa baizik.

3. SORTUk lanean jarraituko du preso politiko guztiak etxeratzea ahalbidetuko duen estrategia eraginkorren alde. Horretarako, adostasun zabalak bilatuko ditu hainbat eremutan, izan eremu sozialean, politikoan, instituzionalean zein sindikalean.

2020-11-18

-
bakea eta bizikidetza

Santi Brouard eta Josu Muguruzaren ekarpena balioan jarriko da ostiralean Bilbon egingo den manifestazioan

Santi Brouard eta Josu Muguruzaren konpromisoa eta dedikazioa balorean jarriko ditu SORTUk azaroaren 20an, ezker abertzaleko bi militanteen hilketen urteurren-egunean, Bilbon egingo duen manifestazioan. Hurrenez hurren, 36 eta 31 urte beteko dira aurten estatu-aparatuek Santi eta Josu hil zituztela.

‘Herriari emanak gara’ lelopean Bilboko kaleak zeharkatuko ditu, 19:00etatik aurrera. Aurten, Santi Brouard hil zuten kontsultatik abiatuko da manifestazioa, 19:00etan. Ondoren, Diego Lopez de Haro Kale Nagusitik udaletxeraino abiatuko da. Covidaren pandemia dela eta, antolakuntzak beharrezko segurtasun neurriak hartuko ditu kutsatzeko aukera murrizteko.

Ezker abertzaleko bi militante hauek erakutsitako konpromiso sondoa gogora ekarriko dugu manifestazio honetan. Izan ere, Santi eta Josu herriari emanak izan ziren bai haien esparru militantean bai haien lanbideetan. Euskal Herri aske baten alde zuten guztia eman zuten.

2020-11-17

-