nazioartea
Yvan Colonna preso politiko korsikarra bortizki erasotu du gaur beste preso batek Arleseko espetxean.
Sortuk gogor salatu nahi du Yvan Colonnak jasandako erasoa. 2003an atxilotu eta bizi arteko zigorrera kondenatutako presoak behin eta berriz salatu ditu DPS edo zaintza bereziko presoaren estatutua izateagatik pairaturiko eskubide urraketak. Estatutu horren aitzakiarekin ukatzen zaio Yvanni kondena Korsikan betetzeko aukera. Bien bitartean, Korsikako jendartearen gehiengo zabalaren eta bertako instituzioen aldarrikapena den preso politikoen askatze bidea oztopatzeko jarreran gotortuta dago Frantses Estatua.
Sortuk elkartasuna helarazi nahi die Yvan Colonnaren senide eta lagunei zein Korsikako askapen mugimenduari. Sulidarità.
2022-03-02
-
sortu
III. Kongresu honetan akreditatuta daudenek Sorturen nazio zuzendaritza-organoak aukeratuko dituzte, Nazio Kontseilua eta Nazio Idazkaritza, urtarrilaren 19tik 21era egingo den bozketan. Horrez gain, Kontu Batzordea eta Berme Batzordea nork osatuko duen hautatuko du militantziak. Emaitza larunbatean ezagutuko dugu, Sorturen kongresua ixteko egingo den batzarrean, Bilboko Bikaia pilotalekuan.
Hautatua izango den zuzendaritza honek hainbat ezaugarri beteko ditu, Herrigaian hartutako konpromisoak betez. Batetik, herrialdeen arteko oreka bermatzeko hartutako konpromisoa beteko du. Bestetik, Plan Feministan jasota dago zuzendaritza organoetako ordezkarien %40 gutxienez emakumeak izan behar direla. 30 lagunetik 14 izango dira emakumeak eta 16 gizonezkoak, Sortu feministatzeko hartutako konpromisoan aurrerapauso esanguratsua emanez.
Ezker abertzaleko belaunaldi ezberdinak ordezkatzen dituen zuzendaritza izango da, eta era berean, gazte belaunaldi bat ere inkorporatuko da zuzendaritza arduretara. Perfilei begiratuta, Herrigaian jasotako erronkei heltzeko gaitasuna izango duten kideak dira, herrigintzan zein militantzia esparru ezberdinetan ibilbidea duten kideak baitira: mugimendu feministan, ekologistan, hezkuntza mugimenduan, euskalgintzan...
Honako hiru organo hauen osaera bozkatuko da 2022ko urtarrilaren 19ko 00:00etatik 2022eko urtarrilaren 21eko 23:59ra bitartean: Nazio Kontseilua, Kontu Batzordea eta Berme Batzordea.
Nazio Kontseilua, hautagaitzak
- NAZIO IDAZKARITZA: Nazio Kontseilua parte den Nazio Idazkaritzarako hautagaitza bozkatuko da batetik (hor, herrialde bakoitzeko arduraduraduna herrialde bakoitzean bozkatu beharko da, bloketik bereizita). Honako hauek osatzen dute hautagaitza:
- Idazkari nagusia: Arkaitz Rodriguez Torres (Altza, 1979). Sortuko idazkari nagusia 2017tik. EH Bilduko Legebiltzarkidea Gasteizen. Jarrain hasia militatzen. Bateragune auziagatik berriz epaitu nahi du Auzitegi Gorenak. Industria Elektronikan ingeniari teknikoa.
• Idazkari teknikoa (idazkariorde lehena): Nuria Alzugarai Gartzia (Donostia, 1974). Sortuko idazkari teknikoa 2017tik. Ezker abertzaleko erakunde ezberdinetan ibilbidea. Administrazio eta Kudeaketarako Informatikan Goi Mailako Teknikaria. Haur eta Gazteen aisialdi-hezkuntzan aritutakoa eta Giza-kultur Dinamizaziorako eremu ezberdinetan formakuntza.
• Barne koordinatzailea (idazkariorde bigarrena): Oihana San Vicente Zerain (Agurain, 1976). Sortuko Arabako arduraduna 2017tik. Jarrai gazte antolakundean hasia militatzen, ezker abertzaleko erakunde ezberdinetako kidea izan da. Formakuntzaz psikologoa.
• Norabidetze estrategikorako gunearen arduraduna: David Pla Martin (Iruñea, 1975). Sorturen Nafarroako idazkaritzako kidea 2020tik. Ikasle Abertzaleak eta Jarrain hasi zen militatzen. Gatazkaren konponbiderako ETAren mintzakidea izana eta borroka armatuaren behin betiko amaiera iragarri zuen kideetako bat.
• Barne-antolaketa arduraduna: Itsasne Fernandez Duarte (Oiartzun, 1987). Sortuko barne antolaketa arduraduna 2020tik. Aurrez Gipuzkoako idazkaritzako kidea. Plan Feministaren osatze prozesuko eta lantaldeko kidea. Ikasle mugimenduan militatzen hasia. Gazte mugimenduan ibilia. Ingeles Magisteritzan diplomatua.
• Ekintza politikoko arduraduna: Kizkitza Gil de San Vicente Gurrutxaga (Donostia, 1974). Sortuko ekintza politikoko arduraduna 2017tik. Ikasle Abertzaleaken militatzen hasia, ezker abertzalearen baitako prozesu feministaren sustatzailea, Ipar Hegoa Fundazioan formakuntza sindikalean jardundakoa eta ezker abertzaleko hainbat erakundetan militante izana. Soziologian ikasketak.
• Herrigintzako arduraduna: Xabi Iraola Larraia (Igeldo, 1993). Azken urte hauetan Sortuko Herrigintza lan taldean ibilia eta Gipuzkoako idazkaritzako kidea. Ernairen hastapenetatik bertako militantea. Lehen Hezkuntzako irakaslea ikasketaz.
• Komunikazio arduraduna: Gotzon Elizburu Begiristain (Soraluze 1988). Sortuko komunikazio arduraduna 2017tik. Euskalgintzan militatzen hasia, ikasle mugimenduko eta gazte mugimenduko kide izana. Multimedia komunikazioan masterra.
• Nazioarteko arduraduna: Elena Beloki Resa (Areta, 1961). Iratzar Fundazioko nazioarteko departamentuko arduraduna 2017tik. Transform Europe! sarean Iratzarreko ordezkaria da. Antropologoa, Nazio Harremanetan aditua, Informazio zientzietan lizentziatua eta Magisteritzan diplomatua.
• Gatazkaren ondorioen konponbiderako batzordearen arduraduna: Haimar Altuna Ijurko (Lizartza, 1976). Sortuko Gipuzkoako arduraduna 2017tik. Gaztetatik Jarrai gazte erakundean militatzen hasia, ezker abertzaleko erakunde ezberdinetan militatu du. Elektronikako FP2 ikasketak eginak eta langilea Industria Horniduretako familia enpresa batean.
• Nafarroako arduraduna: Lur Albizu Etxetxipia (Artazu, 1993). Nafarroako idazkaritzako kidea 2020tik. Ikasle mugimenduan hasi zen militatzen, mugimendu feministako kidea da eta Ernaiko kide izan da. Gasteizen Euskal Ikasketak egina, gerora Irakaskuntza Masterra eta Hizkuntza Plangintzan graduondokoa. Lanbidez euskara teknikaria.
• Arabako arduraduna: Jon Iker Aramendi Jimenez (Gasteiz, 1989). Sortuko Arabako idazkaritzako kidea 2018tik. Ernai antolakundean eta herri mugimenduko hainbat eremutan ibilia. Natura eta paisaia baliabideen kudeaketa eta antolamenduko goi mailako teknikaria. Haur hezkuntzako goi mailako teknikaria. Lanbidez, lorezaina.
• Ipar Euskal Herriko arduraduna: Aitor Servier Etxexuri (Azkaine, 1997). Sortuko eta EH Baiko militantea. Ikasle mugimenduan militatzen hasia, Aitzina! gazte antolakundearen eratze prozesuan parte hartu zuen. Bertan bozeramailetza eta koordinazio ardurak bete ditu zenbait urtez. Bertsolaria.
• Bizkaiko arduraduna: Paul Laka Garamendi (Algorta, 1990). Sortuko Bizkaiko idazkaritzako kidea 2020tik. Aurretik, Algortako arduradun politikoa. Gazte antolakundean hasi zen militatzen. Getxoko eta Bizkaiko EH Bilduko mahai politikoko kidea da. Basogintza goi-mailako gradua Derioko Nekazal Eskolan.
• Gipuzkoako arduraduna: Aritz Artzallus Agirrezabala (Azpeitia, 1981). Sortun Gipuzkoako idazkaritzako kidea 2017tik. Gazte mugimenduan militatzen hasia eta preso politikoen eskubideen aldeko mugimenduko kide izana. Ikus-entzunezko komunikazioan lizentziatua.
- Horrez gain, NAZIO KONTSEILUA OSATZEKO BESTE HAMAR HAUTAGAIAK BOZKATUKO DIRA, banan-banan, nazio irizpideak kontuan hartuta. Hautagaiak hauexek dira:
- Aiora Epelde Agirre (Aizarotz, 1977). Jarrain hasia militatzen. Jarrai eta Gazteriak erakundeen bategite prozesuan eta Haikaren sorreran parte hartu zuen. Ezker abertzaleko lehen prozesu feministaren talde sustatzailean aritua. Bilgune Feministaren sorreran parte hartu zuen. 2019an Sorturen lehen Plan Feministaren ardura hartu zuen.
• Ane Sainz-Espiga Garcia (Barakaldo, 1996). Urteetan militatu izan du Ikasle Abertzaleaken. Ernairen sorrera prozesuan batu zen gazte antolakundera. Herrian, gazte eta herri mugimenduan beti ibili da murgilduta. Egun, Ernai eta Euskal Herriko Neska* Gazteen sarea dira bere militantzia espazio nagusia.
• Asier Zamorano Arri (Algorta, 1993). Algortako gazte zein herri mugimenduko hainbat espaziotan parte hartzearekin batera, Ernai gazte antolakundeko eratze prozesuan hasi zuen ezker abertzaleko ibilbidea. 2021etik Sortuko Bizkaiko idazkaritzako kidea da.
• David Oroz Alonso (Urdiain, 1974). Gazte mugimenduan eta gizarte mugimenduetan aritutakoa. Hamar urtez LABeko delegatua. Duela sei urtetik Urdiaingo alkatea, eta duela lau urtetik Sakanako Mankomunitateko lehendakaria.
• Eli Zubiaga San Jose (Lekeitio, 1967). Oso gaztetatik ekin zion ezker abertzalean militatzeari. Herri mugimenduan, euskalgintzan eta presoen inguruko dinamiketan aritua. Egun, Sorturen hezkuntza lantaldeko kidea da. Hezkuntzaren inguruan Plaza Hutsan egin den azken gogoetan parte hartu du hainbat kiderekin batera.
• Haizea Kortaberria Garetxana (Eibar, 1995). Ernairen sorrera prozesuan hasi zuen militantzia. Ikasle Abertzaleak antolakundean militatu zuen Unibertsitate garaian. Ernai eta Euskal Herriko Neska* Gazteen sarean aritua.
• Ibai Redondo Beitia (Bergara, 1981). Oso gaztetatik euskalgintzan eta hezkuntza mugimenduan konprometitua: EHE, Ikasle Abertzaleak, Euskal Herriak Bere Eskola, AEK, Aztiker, Euskararen Topagunea, Sortzen eta LABen militatu du besteak beste. Euskal Filologian lizentziatua.
• Iker Alcedo Cano (Portugalete, 1993). Portugaleteko Sortuko militantea eta Ernai gazte antolakundeko kide ohia. Euskal Ikasketetan graduatua eta euskara irakaslea.
• Karlos Monteagudo Fernandez (Deustu, 1981). Deustuko gazte antolakundeko taldean hasi zen, eta ezker abertzaleko hainbat erakundetan parte hartu du. Militantzia hori herri-mugimenduko lanarekin uztartu du, batez ere arlo sozioekonomikoan arituta. Egun, LABeko delegatua Santurtziko Udalean.
• Txoli Mateos Gonzalez (Zeberio, 1956), HBko Mahai Nazionaleko kide izan zen. Ekarpen akademiko handia egin du estatugintzaz. “Aniztasunaren kudeaketa demokratikoa Nafarroan: Bizikidetza” izeneko ikerketaren Talde Eragileko kide. EHUko Soziologia irakasle erretiratua.
- BESTE HAUTAGAI BANA BOZKATUKO DA HERRIALDEKA, herrialde bakoitzeko irizpideak kontuan hartuta:
• Arabatik: Maddi Isasi Azkarraga (Lezama-Amurrio, 1995). Ikasle mugimenduan eta gazte mugimenduetan ibilia; eta Mugimendu Feministako kidea. Gizarte Langintzan graduatua eta EHUn Berdintasun Masterreko ikaslea.
• Bizkaitik: Gotzon Amaro Lopez (Santutxu-Bilbo, 1977). Sortuko militantea Santutxun. Ezker abertzaleko erakunde desberdinetan ibilitakoa, Bilboko Udaleko langilea eta formakuntzaz Gizarte Langintzan graduatua.
• Gipuzkoatik: Amaia Etxabe Goikoetxea (Arrasate, 1988). Gaztetatik ezker abertzalean militatzen. Herri mugimenduko eragile desberdinetan parte hartu du eta egun Bilgune Feministako kide ere bada. Ikasketaz ingeniaria eta irakaslea. Hezkuntzaren eremuan murgilduta dago.
• Ipar Euskal Herritik: Clara Rouget Aranibar. Lillen sortua eta 1998an Euskal Herrira bizitzera etorria. Segi gazte erakundean ibilia. Zuzenbide ikasketak egin ondoren, euskal preso politikoen abokatua izandakoa, gaur egun Udalbiltzan Ipar Euskal Herrirako teknikaria.
• Nafarroa Garaitik: Gorka Mayo Hermoso de Mendoza (Iruñea, 1977). Soziologia eta antropologia ikasketak. Ezker abertzaleko hainbat erakundetan ibilia.
Telematikoki eta aurrez aurre
Kongresu prozesu honetarako akreditatuta dauden pertsonek edukiko dute bozkatzeko aukera. Zehazki, zentsoa 7.936 lagunekoa da. Bi modutan izango dute bozkatzeko aukera:
1) Telematikoki: partehartu.sortu.eus plataformaren bidez egingo da.
2) Aurrez aurre: Auzo, herri eta eskualdeetan jarriko diren bozketa guneetan egingo da.
Bozketaren emaitza Kongresuaren itxiera-batzarrean jakingo da, larunbatean. 11:30etan, Bizkaia pilotalekuan hasiko den ekitaldi horrek, Sorturen komunitatea elkartzeko balioko du. Era berean, Herrigaia ponentzian jasotako erronka nagusiak eta hurrengo urteetarako asmoak partekatzeko unea izango da. Kongresu prozesu honi amaiera emanda, aldaketa politiko eta sozialerako borroka indartzea izango da Sorturen helburua datozen hilabeteetan. Independentziarako indarra metatzea izango da xedea; batetik, aldaketa politiko eta soziala bilatzen duten eragileekin elkarlana eta aliantzak bilatuz; bestetik, herritarrekin batera mobilizazio eta ekimenetan aktibo izanez; eta azkenik, ezker abertzaleko kidegoa esparru ezberdinetan aktibo bilakatuz.
2022-01-19
-
bakea eta bizikidetza
Bart Iruñean izan den harrera ekitaldia dela-eta, Sortuk honakoa adierazten du:
- Ez dauka zerikusirik txikiena atzoko ongi etorriarekin. Nabarmena eta jakina da beste sektore batzuek antolatu dutela, ezker abertzalearkein zerikusirik ez dutenak. Pertsona horiek EPPKk adierazitako borondatearen kontra jokatu dute eta ez dute Kolektiboak hartutako erabakia errespetatu.
- Sortu EPPKk 2021eko azaroaren 30ean argitaratu zuen Agirian jakinarazitako erabakiarekiko konpromiso erabatekoan berresten da. “Aurrerantzean, harrerak soilik hurkoen giroko esparru pribatuan jasotzeko” erabakian, alegia.
- Ezker abertzaleak egiten duena esaten du eta esaten duena egiten du. Zentzu horretan, Sorturen eta ezkerreko independentismoaren aurka jotzeko hainbat eragile eta komunikabide egiten ari diren ekimen horren erabilera maltzurra salatzen dugu.
2021-12-24
-
ekonomia eta bizi baldintzak
2010 eta 2012ko Lan Erreformek sindikatuen boterea eta gaitasuna mugatu, prekarietatean eta babesgabetasunean oinarritutako lan harreman ereduari bide eman, kaleratze indibidual eta kolektiboak erraztu eta hitzarmen kolektiboak Estatu mailan zentralizatu zituzten.
PSOE/Unidas Podemos Gobernuak, CEOE patronalak eta CCOO eta UGT sindikatuek adostu duten aurreakordioak ez ditu elementu hauek guztiak indargabetzen, ez du horretarako nahirik ezta anbiziorik erakusten. Patronalari beto eskubidea eman zaio eta Espainia mailako sindikatuek uko egin diote mobilizazio bidezko presioari. Euskal langileon interesak ordezkatzen dituzten eragileok eztabaida honetatik baztertuak izan dira.
Hitzarmen kolektiboen Estatu mailako akordioen gailentzea mantentzen da. Honek, euskal langileen lan baldintzak nabarmen okertzen ditu eta Euskal Herrian dagoen gehiengo sindikal eta politiko aurrerakoiaren eragin gaitasuna guztiz mugatzen du.
ADI! Jarraitu euskal gehiengo sindikalak eta EH Bilduk adieraziko duten jarrera eta iragarriko dituzten ekimenak. Asko dago jokoan eta borrokatu dezagun gure etorkizuna.
Euskal Herrian lan egin eta bizitzearen alde, Euskal Herrian erabaki eta lehiatu euskal langileon lan eta bizi baldintzak.
2021-12-24
-
bakea eta bizikidetza
Mikel Albisu Donostiako epaitegian deklaratzera deitu du gaur Audientzia Nazionalak. Elkartasuna eta babesa adierazteko elkarretaratzea egin da Konponbidea eta bakea, Mikel Albisu gurekin lelopean. Gaurko gertaera hau ez da kasu isolatu bat, honen atzean salbuespeneko legedian oinarritzen den Espainiako Audientzia Nazionala dago. Hiru urte luze igaro dira Mikelek espetxea atzean utzi zuenetik, eta deialdi berri honek erakusten du berriro ere kartzelak bete nahi dituztela, Euskal Herria iraganera kateatuta mantentzeko.
Aieteko Adierazpenetik 10 urte betetzen diren honetan ezkerreko independentismoak urtez urte, egunez egun, urratsak ematen dihardu, eta urratsak ematen jarraituko du; herri honetan bakea, elkarbizitza eta Estatuarekin dugun gatazka politikoari irtenbide justu bat emateko. Beste batzuk, aldiz, kontrako norabidean ari dira. Bide hori oztopatu nahi dute, herri honi berriro ere sufrimendua eta mina eragin, eta erabateko ukazioa ezartzeko.
Herri honetan bakeak, elkarbizitzak eta konponbideak Mikel gure artean egotea eskatzen du.
2021-12-21
-