PRENTSA ARETOA


sortu

Babes zabalarekin onartu dira balantzea, araudia eta Berme Batzordea Sorturen Batzar Nazionalean

Larunbatean Atarrabiako kiroldegian eta telematikoki ospatu den Batzar Nazionalean, babes zabalarekin onartu dira azken lau urteetako balantze politiko-organizatiboa, irailaren 29an hasiko den eztabaida prozesurako araudia eta Berme Batzordea. Modu horretan oinarri txukuna jarri diogu kongresuari, eta gure jarduna eraginkortzeko hausnartu eta eztabaidatzeaz gain, datozen hilabeteetan herri honen erritmoa bizitzen segiko dugu.


448 lagunek parte hartu duten batzarrean, botoa eman dutenen %88k babestu du hain zuzen Kontseilu Nazionalak aurkeztu duen balantze politiko-organizatiboa; %90k araudia eta %96k araudia betearazteaz arduratuko den Berme Batzordea.

Parte hartzaileak: 448
 BAIEZTXURIEMANDAKO BOTOAABSTENTZIOA
Balantzea342321639058
Araudia349142638959
Berme Batzordea36231437969


 

2021-06-19

-
bakea eta bizikidetza

Josu Urrutikoetxeak bakea lortzeko egindako ahalegina kriminalizatu nahi dute

Josu Urrutikoetxearen aurkako epaiketak agerian utzi du, beste behin ere, Espainiako Estatuaren baitan bezalaxe, Frantziakoan ere badirela sektore boteretsu batzuk erosoago bizi direnak iraganari kateatuta: gerra logika hutsean jarraitzen dute, gatazka konpontzeko inolako borondaterik gabe. Jakina den moduan, Urrutikoetxea euskal gatazka konpontzeko bitartekari gisa behin baino gehiagotan aritu izan da. Parisko Zigor Auzitegiko prokuradorea, hala ere, tematuta dago bakea lortzeko ahalegina kriminalizatzearekin.

Urrutikoetxeari egozten zaion egitate bakarra Oslon egotea da, elkarrizketetarako ordezkaritza bateko partaide gisara. Leporatze horren bidez, elkarrizketa bera delitu bihurtu nahi du.

Zoritxarrez, bakeak herri honetan eta estatuetan etsai boteretsuak daude, eta bake justu eta iraunkor bat oztopatzen jarraitzen dute. Euskal jendartearen nahirik eta desiorik handienari eraso egiten jarraitzen dute.
 

2021-06-17

-
bakea eta bizikidetza

Premiazkoa da iheslari eta deportatu politikoen afera lehenbailehen konpontzea

Pozik hartu dugu David Urdin iheslari politiko ohiaren askatasunaren albistea, kondena larri baten arriskua saihestuta kalean baitago. Onena litzateke gainerako iheslari eta deportatuek ere etxera itzultzeko aukera izango balute, inolako oztoporik gabe.

Iheslari eta deportatuen afera lehenbailehen konpontzea ezinbestekoa da, bake, askatasun eta bizikidetza demokratikoan oinarritutako jendarte bat nahi badugu. Konponbide garaia da. Lege arruntean oinarritutako neurriak aplikatuz gero, oraintxe bertan konpon liteke iheslari eta deportatuen afera. Horrexegatik dei egiten diogu Auzitegi Nazionalari itzultzea nahi duten iheslariei oztopoak jartzeari utz diezaien. Haietariko askok torturaren sufrikarioa saihestearren alde egin zuten. Era berean, Espainiako eta Frantziako estatuei exijitzen diegu beraiek abiatu zuten deportazioaren figura legez kanpokoa indarrik gabe utz dezaten.

Oraindik 28 iheslari politiko eta zortzi deportatu politiko daude. Guztiak etxean eta aske behar ditugu.
 

2021-06-10

-
bakea eta bizikidetza

Ez dago elkarbizitza demokratikorik Estatuaren biolentzia zuritu eta haren inpunitatea iraunarazten bada

Memoriaren eta elkarbizitzaren eraikuntzaren alorrean, Estatu espainiarraren ekimenez azken egunotan izandako gertaera eta erabaki larriak salatzen ditu SORTUk. Era berean, Jaurlaritzak eta Bilboko Udalak Madrilgo jarrera horren segidismoa egiten dutela ere salatzen dugu, estatuaren biolentziaren biktimen bazterketari eta errelato bakarraren ezarpen saiakerei babesa eman baitiete. Madrilgo zein hemengo erakundeei exijitzen diegu arduraz jokatu eta biktima guztien mina errespeta dezatela.

Gertatutakoaren ikuspegi partziala eskaintzen duen desmemoriala inauguratu du Estatu espainiarrak aste honetan, Gasteizen. Jaurlaritzak eta berau osatzen duten bi alderdiek sustengatu dute. Guztiek ere ondotxo dakite oso interes politiko zehatzen baitan ireki dela, Euskal Herrian gatazka politikoarentzat eta haren ondorioentzat irtenbide demokratikoa bilatu beharrean, estatuaren biolentzia zuritu eta biolentzia horren biktimek pairatutako sufrimendua ezkutatuz errelato bakarra inposatzeko.

Bestalde, Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak, aste honetan bertan, uko egin dio GALen sorreran Espainiako Gobernuak eta Felipe Gonzalezek izan zuten ardura aztertzeari; alegia, estatu-terrorismoaren biktimei egia ukatzen dieten bitartean, estatu-biolentziaren inpunitatea bermatzen ari dira.

Horrez gain, onartezina da Egiari Zor fundazioak egunotan pairatutako jazarpena Txabi Etxebarrieta euskal militante independentista eta antifaxistaren hilketa oroitzeko hainbat ekitaldi egiteko asmoa zela-eta. Bilboko Udala kasu honetan ez da biktimen ondoan jarri eta horrek zauria areagotu besterik ez du egiten. Gure elkartasuna eta babesa Egiari Zor fundazioari, Etxebarrietaren senideei eta haien senideen omenez negar egitea galarazita duten biktima guztiei. Eta galdera bat espainiar estatuari zein, bereziki, herri honetako arduradun instituzional nagusiei: norbaitek uste du eraiki daitekeela elkarbizitza demokratikorik Meliton Manzanas, Carrero Blanco eta enparauen gorespenaren, estatu biolentziaren zuriketa eta inpunitatearen eta estatu biolentzia horren biktimen diskriminazio eta are jazarpenaren oinarrien gainean?  

Ezinezkoa da elkarbizitza demokratikorik eraiki estatuaren biolentzia zuritzen bada eta haren inpunitatea iraunarazten bada. Ezin da, biktimen arteko diskriminazioak jarraitzen duen bitartean eta haietako batzuek jazarpena pairatzen duten bitartean.

Bizikidetza demokratikorik eraikiko bada, Estatu biolentziaren zuriketa eta inpunitatearekin amaitu beharra dago. Eta biolentzia horren biktimentzat, beste biolentzia batzuen biktimentzat bezalaxe, egia, justizia eta erreparazioa bermatu beharra dago. 

2021-06-06

-
nazioartea

Palestinarekin elkartasuna

Palestinako herria kalera atera da beste behin ere, Israelgo Estatuaren plan anexionistari aurre egiteko.

Nakba hasi zenetik, Israelgo Estatuak eta kolono juduek jarraitzen dute palestinarrak bere lur zein etxeetatik kanporatzeko politika maltzurrarekin. Milaka palestinar kanporatu dituzte haien lurretatik azken hamarkadetan. Horrek giroa gero eta gehiago ozpindu du.

Azkena kanporaketa Zisjordaniako Sheij Jarrah auzoan gertatzen ari da. Han ari dira Israelgo Polizia eta kolonoak familia palestinarrak haien etxeetatik kanporatzen. Horrek palestinarren haserrea ekarri du eta kale-protesta nabarmenak eragin ditu.

Beste behin ere palestinarren esku hutsak eta Israelgo Armada zein Poliziaren arma sofistikatuak aurrez aurre ari dira. Ondorioa agerikoa da: 600 zauritu baino gehiago Zisjordanian, eta enfrentamendu militarra Gazako lurralde setiatuan; Israelen bonbardaketek 24 hildako eragin dituzte gutxienez, horietatik 9 haurrak.

SORTU erakundeak elkartasuna helarazten dio Palestinako herriari. Horrekin batera, Israelgo Estatuari, politika anexionistarekin amaitzeko exijitzen diogu.

Herri palestinarraren autodeterminazio eskubidea, burujabetza edota independentziarako eskubidearen aldeko deia egiten dugu. Palestinako herriak libre eta bakean bizitzeko eskubidea eskubidea du.

Guk ere, maiatzaren 15ean, Nakbaren urteurrenean, politika anexionistekin amaitzeko eskatuko dugu eta Palestinar herriarentzat bakea eta konponbidea aldarrikatuko ditugu.

Gora herrien arteko elkartasuna.
Herrien mundua!
 

2021-05-11

-