Aurtengo otsailaren 13a testuinguru berezi batean iritsi zaigu: lehenengoz, Nafarroa Garaian 1960tik aurrera izandako tortura-kasuen errealitate gordina azalarazi du Kriminologiaren Euskal Institutuak urtarrilean argitaratutako txostenak. Ikerketa horri eta 2017an argitaratutako Araba, Bizkai eta Gipuzkoako txostenari esker, Euskal Herriko azken 60-70 urtetako torturen lehenengo argazki bat daukagu.
Ordea, txosten eta zenbaki horiek abiapuntu bat dira; badakigu tortura jendeak isilpean gorde duen sufrimendu bat dela, gaiaren inguruan egon den tabu eta kriminalizazioaren ondorioz. Gainera, haietako askoren testigantzak ezingo ditugu jaso ere egin, hilda daudelako jadanik.
Tortura eta egia aitortzen hasteko oinarri bat jarri dute testigantza eta zifra horiek. Lortu dugu tortura isilpetik argira ateratzea, eta errealitate ukaezin bat izan dela frogatzea. Orain, zenbaki instituzional horiek izanda, galdera berriak egiteko garaia da, egia aitortu eta ez errepikatzeko bermeak jartzeko: Nork torturatu du? Non? Noiz? Zergatik? Zertarako?
Kolore guztietako poliziek eragin dituzte torturak, Espainiako eta EHko komisaria eta kuarteletan. Tortura gatazka politiko baten testuinguruan praktikatu dute, modu planifikatu batean egin ere. Alegia, tortura sistematikoa izan da Espainiako Estatuan, eta helburu argi bat izan du: euskal disidentzia politikoa isilaraztea eta zapaltzea. Horren atzean erantzukizun eta erantzule politikoak daude: torturak praktikatu dituztenak eta hori ahalbidetu dutenak.
Beraz, oraindik asko dugu egiteko memoria oso bat eta elkarbizitza sendo bat eraikitzera begira; besteak beste, aitortza sozial, politiko eta instituzionala falta da. Bide horretan, torturatuen lana eta jarrera aktiboa funtsezkoa izan da; pasa den larunbatean Donostian egindako agerraldia da horren isla. Euren eskubideak aldarrikatzeko eta auzia itzalpetik argira ateratzeko lan handia egiten ari dira, eta hori aitortu eta eskertu nahi diegu.
Guztion bultzadarekin hel diezaiegun behingoz erantzuteko dauden galderei, aitortzaren, erreparazioaren eta ez errepikatzeko bermeen bidean. Eta, zehazki, dei egin nahi diegu Espainiako Gobernuari, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroa Garaiko Gobernuari dagozkien erantzukizunak euren gain hartzeko eta eragindako mina aitortzeko, hori baita auzi honi aterabide justu eta demokratiko bat emateko egin dezaketen ekarpen egokiena.
2023-02-13