PRENTSA ARETOA


bakea eta bizikidetza

Presoen kaleratze bakoitzak elkarbizitzarako bidea indartzen du

Euskal preso politikoen kaleratzea eta Agustin Almarazen harrera dela eta honakoa adierazten du Sortuk:

Espetxetik irtetzen den preso bakoitza elkarbizitzara eta bakera hurbiltzen gaituen gertakaria da. Elkarbizitza eraikitzeko ezinbestekoa da presoen eskubideak urratzen dituen salbuespen politikarekin amaitzea eta kalerako bidea bultzatzea. Espetxe legedi arrunta aplikatuko balitz euskal preso politikoen %84ak kalea zapaltzen egon behar luke honezkero. Espainiar Estatuan daudenen %89. 157 preso horiei legea bihurrituz irteera baimenetarako, hirugarren gradurako edo baldintzapeko askatasunerako eskubidea ukatzen ari zaie Estatua, preso ahalik eta denbora luzeenean atxikitzeko helburuarekin. Agustin Almarazek 26 urte eman ditu espetxean. Ia 25 Andaluzian urrunduta eta lehen graduan, muturreko egoeran. Zigorraren hiru laurdenak 2014an bete zituen eta beraz behar baino 7 urte gehiago eman ditu preso.

Abuztuan kaleratu diren bost euskal preso politikoak euren kondenak azken egunera arte beteta irten dira. 11 eta 13 urte arteko zigorrak Frantziar Estatukoen kasuan eta 25 urte luzekoak Espainiar Estatuan, azken hilabetera arte Euskal Herriko espetxeak zapaldu ere egin gabe gehienen kasua. Normaltasunetik eta elkarbizitzaren aldeko jarreratik gutxi du errealitate horrek.

Aieteko Konferentziatik eta ETAren borroka armatuaren behin betiko amaieratik 10 urtera, 199 euskal herritarrek preso segitzen dute oraindik arrazoi politikoengatik. Munduan gatazkaren konponbiderako edozein prozesutan eman zaio aterabide bat presoen auziari, elkarbizitza eta bake egoera indartu ahal izateko. Preso, iheslari edo deportatu bakar bat espetxeann edo erbestean den artean ezinezkoa izango da bake osoaz hitz egitea.

Nekez eraikiko da elkarbizitza besteari zer egin behar duen edo zer egin dezakeen edo ez inposatuz. Harrera ekitaldien kontra jotzen dutenen helburua, hau da, amak, aitak edo lagunek euren maiteak espetxetik irtetzean besarkatzea debekatu nahi dutenen helburua, garaile eta garaituen errelato bakarra inposatzea da, eta horrek elkarbizitzatik urruntzen gaitu.

Hainbat elkarte ultra, arduradun politiko eta komunikabidetatik preso, iheslari eta deportatu politikoen eskubideen, etxeratzearen eta asistentziaren alde lanean ari direnen aurka egiten duten kriminalizazioak ez dio inolako ekarpenik egiten elkarbizitzaren eraikuntzari eta are, bakearen etsaien agenda indartu baizik ez du egiten.

Euskal Herrian behin betiko elkarbizitza eta bakea erdietsi ahal izateko gatazka politikoari aterabide demokratikoa eman behar zaio. Espainiar eta Frantziar Estatu zapaltzaileek gure etorkizuna demokratikoki erabaki ahal izateko eskubidea ukatzen segitzen dute.

2021-08-25

-