Esplotazioak eta miseriak aurpegi asko dituzte eta bere aurpegirik latzena erakutsi digu egunotan Euskal Herrian. Bi gazte hil dira, bata Irunen, ezezaguna, Bidasoa ibaia zeharkatzen ari zela eta bestea Azpeitian, Luis Enrique Soriano, lan esplotazio jarraitua sufritu ostean, bere buruaz beste egin duena.
SORTUk, ezer baino lehen, bere doluminik sentikorrenak helarazten dizkie bi gazteen senide eta gertukoei eta gogor salatzen ditu bi gertakari hauek.
Irungo kasuan, azken hilabeteetan Euskal Herria modu artifialean zatitzen duen muga Bidasoa ibaia igerian zeharkatuz hil den hirugarren pertsona da atzokoa. Ez dira gertakari isolatuak eta desgrazia hutsak. Europar Batasunaren politika migratzaile erabat okerraren ondorio dira heriotza hauek. Erakundeek miseriatik ihesi datozen lagun hauei eskua luzatzeko obligazioa dute eta horrekin batera, euren herrialdeetatik alde egitera behartzen dituzten zapalkuntzak justiziaren eta berdintasunaren alde borrokatzeko betebeharra dute. Aldiz, guztiz bestelako jokabidea erakusten ari dira zapalkuntza eta esplotazioa mantenduz eta beharra dutenei ezikusiarena eginez. Beste behin ere, erakundeek betetzen ez dituzten ardurak herri ekimenetik betetzeko ahalegina goraipatu nahi du SORTUk.
Azpeitiko Luis Enrique Sorianoren kasuak berriz, azken hiru urteetan jasan duen lan esplotazio egoera jarraituarekin zer ikusi zuzena duela dirudi. Zoritxarrez ez dugu urrunera joan beharrik esplotazio eta arrazakeria egoera hauek existitzen direla ikusteko. Eta begi bistakoa da migratzailea eta gaztea izateak halako egoeretan aterabideak zaildu baizik ez dituela egiten. Non dago lan ikuskaritza halako kasuak detektatu eta horiei aurre egiteko? Gertakari hau ikertu eta erantzukizun guztiak argitzea espero du SORTUk.
Zentzu horretan, SORTUk bat egiten du, batetik, Irungo Harrera Sareak gaur 19:00etan San Juan Plazan “Bidasoa ez da hilobia izango” lelopean deitu duen mobilizazioarekin eta bestetik, Elkar-ekin mugimenduak Azpeitian bihar 18:30etan “Ahanzturarik ez, Luis Enrique gogoan. Esplotazioarekin amaitu” lelopean deitu duen elkarretaratzearekin.
Euskal Herria harrera herria izatearen alde.
Euskal Herria esplotaziorik gabeko herria izatearen alde.
Lehenik Herria.
2021-08-09