PRENTSA ARETOA


bakea eta bizikidetza

Elkarbizitza demokratikoaren mesedetan, utz dezatela errelato bakarra inposatzeari

Argalaren hilketaren urteurrenean, 2018an Arrigorriagan egindako oroimen-ekitaldiagatik Covitek jarritako salaketa Auzitegi Nazionalak birritan atzera bota duela eta, honako hau adierazten du SORTUk:

- Estatuaren biolentzia, torturak eta polizia gehiegikeriak salatzen diren bakoitzean, kriminalizazio saiakerak izan ohi dira. Hala gertatu zen Arrigorriagako ekitaldi harekin. Argalaren hilketak argitu gabe jarraitzen duela salatu zen. Argala militante politiko bat izan zen, estatu-terrorismoaren biktima izan zena, soldatapeko mertzenarioek hil zutena Konstituzio espainiarra bozkatu eta bi astera.

- Eskubide guztiak, biktima guztiak, memoria guztiak. Azken batean, sufrimendu guzti-guztien oroimena aldarrikatzen dugu, batzuena eta besteena, inor bazterrean utzi gabe. Soilik memoria partekatu baten bidez eraiki ahal izango baita elkarbizitza demokratikoa. Horrek esan nahi du ezin dela ukatu existitu den biolentzietako bat. Horrek esan nahi du ezin dela ukatu existitu diren sufrimenduetako bakar bat.

- Horregatik, bizikidetza demokratikoari oztopoak jartzen ari diren guztiei exijitzen diegu utz diezaiotela errelato bakarra inposatzen saiatzeari. Horiei guztiei dei egiten diegu albora dezatela garaile eta garaituen errelatoa, zintzoen eta gaiztoen errelatoa. Sinistarazi nahi digute hemen ez dela gatazka politikorik izan, biolentzia bakarra eta biktima bakarrak ETArenak izan direla. Sinistarazi nahi digute gerra zikina, legeen bihurritzea, tortura, komunikabideen itxiera eta abar luze bat gure irudimenaren fruitu baino ez direla direla.

- Gisa honetako kriminalizazio saiakeren aurrean adierazpen askatasuna eta gure errelatoa egiteko eskubidea defenditzen ditugu. Inork ez digu inposatuko esan behar duguna, ez pentsatu behar duguna, ez eta sentitu behar duguna ere.

2021-09-30

-