Arkaitz Rodriguez SORTUko idazkari nagusiak 78ko Erregimena kolpatzen jarraitzeko ideia berretsi du gaur eguerdian Berriozarren eginiko ‘Kolpez Kolpe’ ekitaldi nazionalean. “Apirilaren 28an eta maiatzaren 26an independentismoak jasoko duen bozka bakoitza 78 Erregimenarentzat kolpe bana izango da”, adierazi du.
Rodriguezek gogoratu du Nafarroako Aldaketa indartzeko beharra. “Orain lau urte bota genuen Erregimena erakundeetatik. Orain Aldaketari eutsi behar diogu eta Aldaketan sakontzen jarraitu behar dugu. Horretarako, kalera atera beharra dago, mobilizatu beharra dago. Eta horretarako erakundeetan ahalik eta EH Bildurik indartsuena ere behar dugu. ”, bere esanetan. Horrez gain, SORTUko idazkari nagusiaren aburuz, “ezkerreko soberanismoak 78ko Erregimenari behin-betiko kolpea eman behar dio”.
Haritz Romeo: “Kolpez Kolpe lortuko dugu Erregimena eraistea Nafarroa berria eraikitzeko”
Haritz Romeo, SORTUren Nafarroako idazkariak gogoratu du 78ko Erregimenak Nafarroan ezarritako botere-sistemak ahalbidetu duela frankismoan agintzen zuten familia berberek agintzen jarraitzea. “Nahieran kontrolatu dituzte botere-guneak: instituzionalak, ekonomikoak, mediatikoak eta kulturalak. Zer pentsatu behar dugun esan digute, zer egin, zer sentitu; eskura dituzten baliabide guztiak erabiliz, Nafarroa alternatiboaren ahotsa isilaraztearren”.
Era guztietara, herri-sektoreek aurrera egitea lortu dute eta ezarritako sistemari arrakala ireki diote, Romeoren arabera. Horregatik, lan horretan sakontzen jarraitzea premiazkoa da. Etorkizunari aurre egiteko bi modu daude bere iritziz: “Ustelkeriaren eta murrizketen Nafarroara itzuli, pribatizazio eta errepresioen garaira, pertsonak lehenesten ez diren horretara; edo bestela Nafarroaren burujabetzaren bidean sakontzea geure bizitzaren gaineko kontrol handiagoa eta normaltasun politikoa eskuratzeko, Erregimenaren zutabeak deseraikitzeko prozesuari helduta.
“Nafarroa alternatiboak lehioak irekitzea eta alfonbrak altxatzea lortu du. Borrokatutako urte hauek guztiek balio izan dute herri-sektoreak ahalduntzeko eta erakundeak demokratizatzeko prozesua abiatzeko balio izan dute. Baina ez da nahikoa. Erakundeek, eragile sozialek eta herri-sektoreek insistitu egin behar dugu. Ezin gara konformatu pitzaduratik datorkigun oxigeno apurrarekin. Kolpez kolpe lortuko dugu erregimena eraistea Nafarroa berri bat eraikitzeko“.
2019-03-16SORTUk bat egiten du Euskal Herriko Mugimendu Feministak Martxoaren 8rako egin duen greba deialdiarekin. Eta bide batez, baliatu nahi dugu Politika Feministaren garaia dela ozenki aldarrikatzeko.
XXI. mendeko iraultzak emakumeon eta herrion izena du. Lurraldea behar da bizitza erdigunean jarriko duen antolamendu ekonomiko eta politikoa gauzatzeko. Era berean, burujabetza eta boterea behar dira lurralde honetan bizi den komunitateak trantsizio feminista gara dezan. Feminismoa behar da, bizitzak erdigunean kokatu eta justizia soziala gauza dadin.
Feminismoaren eta askatasunaren kontrako ofentsiba mundu zabalean indartzen ari den honetan, Euskal Herria aukera bilakatzen da. Emakume sektore zabal baten aktibazioaren eta feminismoaren hedapen historiko baten aurrean gaude. Euskal jendartearen gehiengoak emakumeok pairatzen dugun biolentzia eta diskriminazioei erabateko ukoa agertzen die. Euskal lurraldeetako instituzioetan aldaketa politiko eta sozialaren aldeko indar-harreman berriak daude, gehiengo sindikal abertzale eta konprometitua dago eta jendarte antolatu dinamikoa.
Euskal Herriko Mugimendu Feministak eskatu du Itun Sozial berria eraikitzea. Inoizko baldintza soziopolitiko egokienak ditugu demokrazia eta emantzipazioan urratsak emateko, feminismoa ardatz duen jendarte baterantz ibilbidea hausnartu, adostu eta jorratzeko. Feministok aukera hau baliatu behar dugu, politika feministak zentroan ezarriz, emakumeek beren etorkizuna libreki erabaki dezaten bideak eskainiz.
Emantzipazio-borroken historian ezagunak dira aurrera eta atzera urratsak, lortutako espazioak eta galdutako eskubideak. Ofentsiba neoliberalak inboluzioa ekarri du, pobrezia eta babesgabetasuna biderkatu, esparru publikoa murriztu... Hortaz, galtzen ari garenaren defentsa soilean baino, eredu berri baten eraikuntzan kokatu behar dugu. Krisiari aurre egiteak urgentzia du eta urgentzia hori aukera bilakatu behar da Euskal Herri hobea lortzeko, emantzipazioan urratsak emateko.
Martxoaren 8a feminismoa politikaren erdigunean eta politika feministari beharrezko ahalduntzea emateko ibilbidean hitzordu bat da. Euskal Herriko Mugimendu Feministak Euskal Herrian dagoen sentsibilitateari mobilizazio bidea eskaini eta euskal jendartearen politizazioan lagunduko du berriz ere.
Ezkerreko independentiston erronka ez da M-8ra mugatzen, harago joanda, M-8ak Feminismoa euskal agenda politiko, ekonomiko eta sozialean kokatzeko bidea izan behar du. Politika Feministaren garaia da!
Xabier Arzalluz Antia buruzagi jeltzale ohiaren heriotza dela-eta, SORTUk doluminak helarazi nahi dizkie haren senitartekoei, gertuko lagunei eta, oro har, Euzko Alderdi Jeltzalearen komunitate politiko osoari.
Arkaitz Rodriguez SORTUko idazkari nagusiaren esanetan, “gure arteko ezberdintasun politikoak gorabehera, haren itzal handia eta herri honen historian utzitako oinatz sakona aitortu nahi ditugu”.
2019-02-28Torturaren aitortza instituzionalean aurrerapausoak lortu ahal izateko, SORTUk exijitzen dio Nafarroako Gobernuari herrialdean izandako tortura kasuak ikertzeko baliabideak abia ditzan. Pauso horiek garrantzi berezia dute, biktimen aitortza eta erreparazioa lortze aldera eta etorkizunean berriro ez gertatzeko bermeak ezartze aldera. Iaz, Jaurlaritzako Giza Eskubideen idazkaritzak Kriminologiaren Euskal Institutuari eta EHUri enkargatutako txostenaren aurkezpenari esker aurrerapauso garrantzitsuak eman ziren torturaren aitortzan. Torturaren erabilpena sistematikoa izan dela ondorioztatzeko baliagarria izan da, gainera.
Espainiako Estatuak beti ukatu izan du tortura. Torturaren existentzia eta erabilpen sistematikoak agerian uzten ditu gatazkaren existentzia eta aktore ezberdinen inplikazioa, indarkeria alde ezberdinek erabili baitzuten. SORTUren aburuz, garrantzi berezia du biktima guztien aitortza integrala jasoko duen errelatoa indartzeak. Torturaren errealitatea aitortu behar da, irtenbideak bilatu eta justizia trantsizionalerantz pausoak emateko. Azken batean, torturapean egindako deklarazioen ondorioz pertsona ugarik urte luzeak eman dituzte espetxean edo espetxeratuta jarraitzen dute.
Tortura gure herriaren aurka erabilitako tresna izan da. Azken batean, 78ko erregimen posfrankistak tortura baliatu du herri honi dagozkion eskubideak gauzatzeko borondatea oztopatzeko eta bortizkeriaren bidez konfrontazioa inposatzeko.
Gaur, Torturaren Aurkako Eguna, mobilizazio hauetan parte hartzeko deia egiten dugu:
Suposizio hutsetan oinarrituta bidali ditu Auzitegi Nazionalak Galder Barbado eta Aitor Zelaia gazte arabarrak kartzelara. Beste behin ere eskandaluzko erabaki onartezin bat hartu du salbuespeneko epaitegiak. Hori dela eta, mobilizazioetan parte hartzeko dei egiten du SORTUk.
Ertzaintzak berariaz puztutako txosten-poliziala abiapuntutzat hartuta eta suposizioetan oinarrituta bidali dituzte kartzelara. Beste kapitulu amorragarri bat gehiago Auzitegi Nazionalaren historia ilunean, errotulagailuz pintaketa egin zuen Julen Ibarrola amurrioarraren espetxeratzearen kasuan bezala, Alfredo Remirezen zigorraren kasuan bezala edo Altsasuko zortzi gazteen kasuan bezala. Eta sistema judizial espainiarrak batzuekin eta besteekin darabilen neurri-bitasuna are eskandalagarriagoa da: Amurrioko familia abertzale baten kontra ustez tiro egin zuen polizia ohia libre dagoelako inolako neurririk gabe.
Onartezina da Auzitegi Nazionalak euskal herritarren etengabe bizitza gidatzea; herri honek gainditu nahi duen gatazka bati kosta ahala kosta eustea. ETAren jarduera armatua orain dela zazpi urte bukatu zen, armagabetzea orain dela ia bi izan zen eta iaz desegin zen. Baina herritarrak zigortzen jarraitu nahi dute.
Datozen egunotan antolatuko diren protesta bilkura eta mobilizazioetan parte hartzeko dei egiten du SORTUk.