David Plaren atxiloketa salatzen du SORTUk, eta berehala aske utz dezaten exijitzen du. Muntaia polizial baten aurrean gaudela esan dezakegu, leporatzen zaizkion egitateek ez baitute oinarri juridikorik, ikerketan frogatuta gelditu zen moduan.
Garbi dago Espainiako Estatuan eta Hego Euskal Herrian sektore eta estamendu boteretsu askok iraganeko dinamiketan iltzatuta jarraitzen dutela eta aurrerapausoak emateko deseroso sentitzen direla. Gogora dezagun, halaber, herri honetan garai berri bat irekitzeko, besteak beste funtsezkoa izan dela David Plak eginiko ekarpena.
Berriz diogu: ez da kartzelak betetzeko garaia, hustekoa baizik, bake eta askatasun agertoki berri bat eraiki nahi badugu.
Horregatik guztiagatik antolatu diren mobilizazioetan parte hartzeko dei egiten dugu.
2020-02-13Sortu alderdi-mugimenduak kezka agertu nahi du El Salvadorrek bizi duen egoerarekiko. Nayib Bukele presidenteak armada eta polizia mobilizatu zituen matxinadara deituz, Salvadorko Konstituzioaren 87. artikuluan oinarrituta. Matxinatzeko eskubidea Konstituzioan aitortutako eskubide bat da, herriari ematen zaiona, ordena konstituzionala berrezartzeko xedearekin.
Konstituzioaren legezkotasuna urratuz, Nayib Bukele presidenteak Kongresua militarizatu du biltzarkideei 109 milioi dolarreko mailegu bati buruzko beren eskakizunak onar ditzaten exijitzeko eta presionatzeko. Gertaera hori demokraziaren eta El Salvadorren bakea ahalbidetzen duten zutabeen aurkako ekintza larria da.
Militarren irudiak, kaleak eta Kongresua okupatuz, 70-80ko hamarkadako El Salvadorko diktadura eta gerra zibil garai ilunagoetara garamatza atzera.
Sortuk Estatu Kolpea salatzen du eta gure babesa adierazi nahi diegu El Salvarko herritarrei eta, larritasun eta ziurgabetasun uneak bizitzen egongo den El Salvadorko euskal komunitateari.
2020-02-10Bilboko eta Baionako karrikak olatu erraldoi bihur daitezen, larunbatean Sarek ‘Atera Bidera. Orain Presoak’ lelopean deitu duen manifestaziora joateko dei egin du SORTUk. Olatua sortu eta denon artean mugitu behar dugu, egoera astintzeko, Parisko eta Madrilgo agintariak behingoz mugiarazteko eta salbuespeneko egoera anker hau betiko amaitzeko, gure herriak behingoz bake eta askatasun agertoki bat eraiki dezan.
Euskal preso politikoen egoera konpontzeari dagokionean, ez dugu espero Espainiako Gobernu berriak urrats ausartik egingo duenik jendartearen eta eragileen bulkadarik ezean. Jakin badakigu hori ez dela berez gertatuko. Horregatik da garrantzitsua asteburuan kaleak betetzea, eratu berri den Gobernuak presoak etxera bidean jarriko dituen egitasmoari behingoz hel diezaion.
EH Bilduren mahai politikoak oinarriei galdetuko die Espainiar Erreinuan PSOE eta Unidas Podemosen arteko koalizio gobernuari bide emateaz. Mahaiak posizioa finkatu eta proposamena luzatu du: EH Bilduren bost diputatuek abstentzio aktiboaren bidez Pedro Sanchezen inbestidura ahalbidetzea. Horretarako arrazoiak ere azaldu dizkio kidegoari.
Bada, Sorturen Kontseilu Nazionalak aho batez bat egin du EH Bilduren mahai politikoaren irakurketatekin eta proposamenarekin.
Hauteskunde kanpainetan lau lehentasun finkatu genituen: 1.-Inboluzioari eta autoritarismoari aurre egitea; 2.-Azken urteotako politika eta neurri neoliberalak atzerarazi eta langile eta herri sektoreen lan eta bizi baldintzak hobetzea; 3.-Euskal Errepublika helburu, 78ko Erregimenaren krisian sakondu eta gure herriaren autodeterminazio eskubidea eskuratzea; 4.-Euskal preso, iheslari eta deportatu politikoak etxeratzea.
Ez gara inozoak; ezagun zaigu PSOEren historia iluna, baita ere Podemos-ek, ibilbide laburra izanagatik, dagoeneko metatu duen huts egite eta errenuntzia-soka luzea. Ezin eszeptikoagoak gara, beraz, gobernu horrek egin nahi/ahal izango duenarekin. Guztiarekin, baina, PSOE eta Unidas Podemosen gobernu hori aipatu lehentasunetan aurrera egiteko aukera gehien eskaintzen duen eskenatokia delakoan gaude.
Edonola ere, espainiar gobernutan ez, gure herriarengan dugu guk konfiantza. Beti bezala, herri indarra, aktibazio soziala eta borroka izango dira aipatu lehentasunetan aurrera egin eta garaipenak lortzeko giltza.
Dei egiten diogu ezker abertzaleko oinarriari EH Bilduren mahai politikoak deitutako kontsultan parte hartzera eta bere proposamena babesteko.
Sorturen Kontseilu Nazionala, 2019ko abenduaren 31n
2019-12-31Jose Ramon Lopez de Abetxuko preso ohiaren hitzaldia galarazteko saiakerak ez du bakea eta bizikidetza eraikitzen laguntzen; alderantziz, sufrimendua pairatu duten batzuren ahotsa isilarazi nahi da, gertatu diren (eta gertatzen ari diren) sufrimendu jakin batzuk estaltzeko. Jose Ramon Lopez de Abetxukok 31 urte eman zituen kartzelan, eta ezarritako zigorra oso-osorik bete zuen, azken egunera arte, nahiz eta bihotzeko gaixotasun larri eta sendaezin bat izan. Hala ere, sektore politiko batzuek ez dute interesik hitz egiteko oraindik indarrean den ankerkeria bati buruz.
Jesus Loza Espainiako Gobernuaren ordezkariak ez du inolako autoritate etikorik gaiari buruz hitz egiteko. Ixilik egon zen duela gutxi Sanchez Corbik eman zuen hitzaldiagatik. Gogora dezagun guardia zibil hori Kepa Urra torturatzeagatik zigortu zutela, nahiz eta gerora kondekoratu eta mailaz igo zuten. Zertan ari da Loza, orduan? Onen eta gaiztoen kontakizun manikeoa inposatu nahian, horrela oraindik indarrean dagoen espetxe politika krudela justifikatzeko?
Presoen auziak berehalako konponbidea behar du, batez ere gaixotasun larri eta sendaezina dutenen kasuari dagokionean. 2019an bertan hil dira Oier Gomez, Juan Mari Maizkurrena eta Jose Angel Otxoa de Eribe. Haien patua oso bestelakoa zatekeen espetxe-politika mendekuan eta gorrotoan oinarritu izan ez balitz.
20 dira gaixotasun larri eta sendaezina duten preso politikoak. Gaixorik den edozein pertsonak behar ditu arreta berezitua eta ingurune egokia, sendagaiez gain, are gehiago gaixotasuna larria edo sendaezina denean.