PRENTSA ARETOA


demokrazia eta erabakitzeko eskubidea

Arkaitz Rodriguez: “Ezkerreko independentismoaren bozka bakoitza kolpe bat da 78ko Erregimenarentzat”

Arkaitz Rodriguez SORTUko idazkari nagusiak 78ko Erregimena kolpatzen jarraitzeko ideia berretsi du gaur eguerdian Berriozarren eginiko ‘Kolpez Kolpe’ ekitaldi nazionalean. “Apirilaren 28an eta maiatzaren 26an independentismoak jasoko duen bozka bakoitza 78 Erregimenarentzat kolpe bana izango da”, adierazi du.

Rodriguezek gogoratu du Nafarroako Aldaketa indartzeko beharra. “Orain lau urte bota genuen Erregimena erakundeetatik. Orain Aldaketari eutsi behar diogu eta Aldaketan sakontzen jarraitu behar dugu. Horretarako, kalera atera beharra dago, mobilizatu beharra dago. Eta horretarako erakundeetan ahalik eta EH Bildurik indartsuena ere behar dugu. ”, bere esanetan. Horrez gain, SORTUko idazkari nagusiaren aburuz, “ezkerreko soberanismoak 78ko Erregimenari behin-betiko kolpea eman behar dio”.

Haritz Romeo: “Kolpez Kolpe lortuko dugu Erregimena eraistea Nafarroa berria eraikitzeko”

Haritz Romeo, SORTUren Nafarroako idazkariak gogoratu du 78ko Erregimenak Nafarroan ezarritako botere-sistemak ahalbidetu duela frankismoan agintzen zuten familia berberek agintzen jarraitzea. “Nahieran kontrolatu dituzte botere-guneak: instituzionalak, ekonomikoak, mediatikoak eta kulturalak. Zer pentsatu behar dugun esan digute, zer egin, zer sentitu; eskura dituzten baliabide guztiak erabiliz, Nafarroa alternatiboaren ahotsa isilaraztearren”.

Era guztietara, herri-sektoreek aurrera egitea lortu dute eta ezarritako sistemari arrakala ireki diote, Romeoren arabera. Horregatik, lan horretan sakontzen jarraitzea premiazkoa da. Etorkizunari aurre egiteko bi modu daude bere iritziz: “Ustelkeriaren eta murrizketen Nafarroara itzuli, pribatizazio eta errepresioen garaira, pertsonak lehenesten ez diren horretara; edo bestela Nafarroaren burujabetzaren bidean sakontzea geure bizitzaren gaineko kontrol handiagoa eta normaltasun politikoa eskuratzeko, Erregimenaren zutabeak deseraikitzeko prozesuari helduta.

“Nafarroa alternatiboak lehioak irekitzea eta alfonbrak altxatzea lortu du. Borrokatutako urte hauek guztiek balio izan dute herri-sektoreak ahalduntzeko eta erakundeak demokratizatzeko prozesua abiatzeko balio izan dute. Baina ez da nahikoa. Erakundeek, eragile sozialek eta herri-sektoreek insistitu egin behar dugu. Ezin gara konformatu pitzaduratik datorkigun oxigeno apurrarekin. Kolpez kolpe lortuko dugu erregimena eraistea Nafarroa berri bat eraikitzeko“.

2019-03-16

-