PRENTSA ARETOA


demokrazia eta erabakitzeko eskubidea

Urriaren 1ean Kataluniari elkartasuna agertzeko mobilizazioak egingo ditu SORTUK

SORTUk elkarretaratzeak egingo ditu datorren asteartean, urriaren 1eko Erreferendumaren bigarren urteurrenean, Kataluniako herria pairatzen ari den errepresioa salatzeko eta hango mugimendu independentistari elkartasuna agertzeko.
“Autodeterminazioa ez da delitua, Euskal Herria eta Katalunia elkarrekin bat” lelopean. Honako hauek izango dira urriaren 1ean aurreikusitako mobilizazio-hitzorduak:
• Bilbo: Arriaga Plazan (20:00)
• Gasteiz: Andre Mari Zuriaren Plazan (19:30)
• Donostia: Artzai Onean (19:00)

2019-09-04

-
bakea eta bizikidetza

Estrasburgoren ebazpenak gabezia juridiko, politiko eta etiko larriak dauzka

SORTUk harriduraz eta atsekabez jaso du Europako Giza Eskubideen Auzitegiak gaur kaleratutako ebazpenaren berria, estatu-terrorismoak eragindako biktimen kalte-ordainei buruzkoa, bakean eta bizikidetzan aurrera egiteko gabezia juridiko, politiko eta etiko larriak dauzkana.

Alde juridikotik, sinistezina da ebaztea kalteordainak ukatzeak ez duela errugabetasun-printzipioa urratzen. Orain arte horrelako baieztapen larririk ez da adierazi. Biktimak umiliatzeko baino ez du balio.

Politikoki, estatu-terrorismoak izandako zigorgabetasuna areagotu besterik ez du egiten ebazpen honek. Egia, aitortza eta erreparazioan sakondu beharrean, kontrako norabidea hartu du Estrasburgok. Herri honek bake eta bizikidetza agertoki berri bat eraikitzeko determinazioari mesederik ez dio egiten.

Ikuspegi etikotik, gisa honetako ebazpenek biktima batzuk ikusezin bihurtzen dituzte, berriz ere, eta kategorizazio bat ezartzen du biktimen artean. Horrek batzuen birbiktimizazioa areagotu besterik ez du egiten. 
 

2019-07-18

-
bakea eta bizikidetza

Josu Urrutikoetxea kontrol judizialpean aske uzteari buruz

Josu Urrutikoetxea behin-behinean aske uztea berri ona dela uste du SORTUk. Norabide egokian hartutako erabakia da. Auzitegiak kontuan hartu du Euskal Herriko azken urteotako bilakaera politikoa eta Josu Urrutikoetxeak bete duen papera. Izan ere, Josu Urrutikoetxea izan zen da bakearen aldeko konpromiso handiena erakutsi duen etakideetako bat. Hain zuzen, berak jarri zion ahotsa ETA desegin zeneko agiriari. Bera izan zen zen ETAren indarkeria euskal politikagintzako ekuazio politikotik behin-betiko ateratzeko protagonista nagusietako bat.

Euskal gizartearentzat albiste itxaropentsua da. Epailearen erabaki honek erakusten du Euskal Herrian posible dela bakean, demokrazian eta bizikidetzan oinarritutako agertoki berri bat eraikitzea eskema zaharrak alboratuta, gatazkaren konponbidean dauden korapilo konpon baitaitezke nagusiak hitz eginaz eta adostasunetara iritsita.

Madrilentzako irakasgai garrantzitsua izan beharko luke gaur Parisen hartutako erabaki honek. Utzi egin beharko lioke euskal gizarteak bake agertoki baten alde erakutsi duen determinazioa zangotrabatzeari. ETA desagertu zen, ETAren biolentzia betiko desagertu zen baina herri honetan biolentziak izan badira: estatuen biolentziak indarrean jarraitzen dute. Azken batean, dispertsio politika indarrean mantentzea ere biolentzia da. Gaixorik larri diren presoak espetxean mantentzea biolentzia da. Onen eta gaiztoen, justuen eta injustuen, garaileen eta garaituen errelato bat inposatzen saiatzea ere biolentzia delako. Eta, nola ez, Euskal Herriaren, Kataluniaren eta Estatuko gainerako herrien autodeterminazio eskubidea indarrez galaraztea ere biolentzia delako.

Zentzu horretan, dei egiten diogu estatu espainiarrari eta PSOEri egin dezatela behingoz, bere garaian ezker abertzaleak egin zuen bezalaxe, estrategia demokratiko eta baketsu baten aldeko apustua. Egin diezaiotela behingoz uko beren biolentziari. Egin dezatela behingoz apustu bakearen alde, demokraziaren alde eta herri honen eskubide nazionalak eta sozialak errespetatzearen alde.
 

2019-06-19

-
bakea eta bizikidetza

Berriozarko atxiloketen harira

Gaur Berriozarren izandako atxiloketen harira, SORTUk salatzen du Guardia Zibilak zenbait indar politikorekin elkarlanean hauteskunde-kanpaina baliatu nahi dutela nahasmena eragiteko.

Euskal Herrian bake eta bizikidetza agertoki bat eraikitzeko guztien eskubideak bermatu behar dira, presoenak eta haien senideenak barne. Ezinezkoa da bakea eta bizikidetza agertoki hori eraikitzea presoen eskubideak etengabe urratzen badira, eta egoera bidegabe hori salatze hutsagatik jendea atxilotzen badute. Aipatu diren argazkietako presoen senideek eta lagunek 1.200 kilometro egin behar dituzte bisita bat egiteko, horrek dakarren arrisku guztiarekin. Atzo bertan, esaterako, auto-istripu bat izan zuen gertuago dagoen beste preso baten lagun batek.

Hori dela eta, atxilotuak berehala askatzeko exijitzen du SORTUk. Era berean, bakearen eta askatasunaren alde borrokan jarraituko duela berresten du.
 

2019-05-13

-
bakea eta bizikidetza

Barne Saila gizatasunik gabe jokatzen ari da gaixorik larri den Txus Martin presoarekin

Barne Sailak larri gaixo den Txus Martin preso politikoarekin erakutsi duen gizatasun eza salatzen du SORTUk. Polizia-neurri ikaragarriak jarri dizkiote eta bidegabeko tratua jaso du kirofanotik pasa beharra duela kontuan hartuta. Ebakuntza ostean, epaileak emandako baimen bereziaz gozatzeko aukera izan dezala exijitzen dugu, poliziarik gabe. Edozein gaixok bezala, bere eta bere familiaren intimitatea errespetatzeko eskubidea du, inolako injerentziarik gabe.

Txus Martin Hernando euskal preso politikoari, kardiopatia bat duela eta, bihotzeko ebakuntza behar izan diote gaur. Horretarako Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak baimen berezia eman zion. Polizia-zaintzarako neurri diskretuak agindu zituen epaileak. Atzo, baina, sei ertzainek eraman zuten Zaballako Espetxetik Txagorritxuko ospitalera, eskuburdinaz lotuta. Gero, arratsalde guztian bost ertzain egon ziren ospitaleko gelan eta haren bi senideri baino ez zoptem utzi zioten sartzen. Beraz, aldi berean zortzi pertsona egon ziren ospitaleko gelan. Ospitaleak dauzkan baldintzen aurka, senideak gelatik bota zituzten geroago, eta gaixoari gauez lagun egiteko eskubidea urratu zioten. Txus Martin kirofanoan sartu da gaur goizean eta berarekin batera kirurgia-amantala jantzita zeraman ertzain bat.

24 ordutan Martinen egoera nabarmen zaildu da, eta baimen berezia izanda ere, ospitalera joan izan den beste aldietan baino tratu okerragoa eta gogorragoa jaso du. Ageriko indefinizio eza dago Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralaren ebazpenean, ez baitu zehatz adierazten bihotzeko kirurjia-operazioan eta ebakuntza ostekoan nola gauzatu behar den baimen berezi hori. Are gehiago, indefinizio hori are larriagoa da Martinek 104.4 artikulua aplikatuta kalean egon behar baitzuen edo gutxienik etxean espetxe arinduan, bere gaixotasuna dela eta.

Txus Martin gaixotasun larri eta sendaezina duten 20 euskal preso politikoetako bat da. Kardiopatiaz gain, gaitz psikiatrikoa ere badu horrek dakartzan arrisku guztiekin. Gisa honetako ankerkeriek ez dute laguntzen euskal gizarteak merezi duen bake eta bizikidetza agertoki bat. Txus Martinek eta gaixorik diren presoek kalean egon behar dute.
 

2019-04-30

-