PRENTSA ARETOA


bakea eta bizikidetza

Tortura Kasuak argitzeko baliabideak jartzeko eskaria egin dio SORTUk Nafarroako Gobernuari

Torturaren aitortza instituzionalean aurrerapausoak lortu ahal izateko, SORTUk exijitzen dio Nafarroako Gobernuari herrialdean izandako tortura kasuak ikertzeko baliabideak abia ditzan. Pauso horiek garrantzi berezia dute, biktimen aitortza eta erreparazioa lortze aldera eta etorkizunean berriro ez gertatzeko bermeak ezartze aldera. Iaz, Jaurlaritzako Giza Eskubideen idazkaritzak Kriminologiaren Euskal Institutuari eta EHUri enkargatutako txostenaren aurkezpenari esker aurrerapauso garrantzitsuak eman ziren torturaren aitortzan. Torturaren erabilpena sistematikoa izan dela ondorioztatzeko baliagarria izan da, gainera.

Espainiako Estatuak beti ukatu izan du tortura. Torturaren existentzia eta erabilpen sistematikoak agerian uzten ditu gatazkaren existentzia eta aktore ezberdinen inplikazioa, indarkeria alde ezberdinek erabili baitzuten. SORTUren aburuz, garrantzi berezia du biktima guztien aitortza integrala jasoko duen errelatoa indartzeak. Torturaren errealitatea aitortu behar da, irtenbideak bilatu eta justizia trantsizionalerantz pausoak emateko. Azken batean, torturapean egindako deklarazioen ondorioz pertsona ugarik urte luzeak eman dituzte espetxean edo espetxeratuta jarraitzen dute.

Tortura gure herriaren aurka erabilitako tresna izan da. Azken batean, 78ko erregimen posfrankistak tortura baliatu du herri honi dagozkion eskubideak gauzatzeko borondatea oztopatzeko eta bortizkeriaren bidez konfrontazioa inposatzeko.
Gaur, Torturaren Aurkako Eguna, mobilizazio hauetan parte hartzeko deia egiten dugu:

  • GAUR. Gasteiz: 19:30, Espainiako Subdelegazio parean, SORTUk deituta.
  • GAUR. Bilbo: 19:30, Funikular plazan.
  • IGANDEA, HILAK 17. Zizurkil: 13:00, Joxe Arregi Plazan plazan.

2019-02-13

-