Asier Bengoa euskal preso politikoa Herrera de la Manchako espetxera urruntzea onartezintzat jotzen du SORTUk. Ulertezina da Sanchezen alderdiak iazko udan Gobernura iristean aldaketak iragarri arren, PPren espetxe-politikan funtsezko aldaketarik ez gauzatzea. Gobernu frantziarrak Lannemezanera hurbildu ondoren, estraditatu eta Herrera de la Manchako espetxera urrundu dute Asier Bengoa Euskal preso politikoa.
Frantziako estatuan 12 urtez preso egon eta bere zigorra amaitu ondoren, otsailean espainiaratu zuten Bengoa, gelditzen zaion hiru urteko zigor bat betetzeko. Ordutik hona, Soto del Realen egon da.
Rajoy agintean zen bitartean, aldaketak egin zituen Gobernu frantziarrak eta 2018ko lehen sei hilabeteetan 25 preso hurbildu zituen Mont de Marsan eta Lannemezango espetxeetara. Hala ere, sei hilabete horietan espainiaratutako preso politiko guztiak urrundu egin zituzten sistematikoki.
Gero, Sanchezen Gobernuak aldaketak iragarri zituen. Baina espetxe-politika berri horrek ez du abiadurarik hartzen. Eskuin muturreko lobbyek baldintzatu egiten dute edozein erabaki. Salbuespen legeak eta espetxe-politika eraiki zituen espainiar eskuinaren beldur da Gobernua. Guztiz salagarria da Sanchezen Gobernua sektore ultra eta atzerakoienen horien gatibu izatea.
PSOEren agintaldian EPPK-ko 25 preso hurbildu dituzte, baina bakar bat bera ere ez dute Euskal Herrira ekarri. 200-400 kilometroko gerrikoa mantentzen ari dira. Eta orain Frantziako Gobernuak hurbildutakoak urruntzen ditu Espainiakoak.
2019-04-12