Venezuelatik datozen albisteen harira, SORTUk estatu-kolpe saiakera salatzen du. Era berean, SORTU dei egiten dio euskal gizarteari adi egoteko eta maniobra autoritario nahiz antidemokratiko hau salatzeko antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzeko.
2019-04-30Gaur goizean jakin dugunez, Guardia Zibilak Beñat Zelaia gazte altsasuarra atxilotu du epailearen aurretik pasa arazteko, duela bizpahiru urte Leioako Campusean izandako istiluetan ustez parte hartzeagatik.
SORTUk gaztearen berehalako askatasuna exijitzen du. Euskal Herriak aspaldian behin eta berriz erakutsi du bakean eta askatasunean bizitzeko nahia. Eta gaur berriz ere gazteen aurka eta Altsasuren aurka jo du Guardia Zibilak. Noiz eta hauteskunde bezperan. Ez da kasualitatea. Guardia Zibilak giro politikoa nahasteko duen asmoa agerian uzten du berriz ere atxiloketa honek.
SORTU bakearen eta bizikidetza demokratikoaren aldeko konpromisoan berresten da. Horretarako, Guardia Zibilak Euskal Herritik alde egin behar du.
2019-04-27Andoni Goikoetxea gazteluarraren atxiloketa gogor salatzen du SORTUk. Hemen batzuek interes handiegia dute herri honek aurrrera egin ez dezan, kosta ahala kosta iraganera kateatzen saiatzen baitira. Bakean eta bizikidetzan oinarritutako agertoki bat irrikaz desio du Euskal Herriak, eta horretarako ezinbestekoa da kartzelak hustea. Ez da, beraz, espetxeak betetzeko garaia, horrek ez baitu bake agertoki bat eraikitzen laguntzen. Goikoetxea lehenbailehen askatu eta herri hau bakean utz dezaten exijitzen dugu.
Andoni Goikoetxea apirilaren 9an epaitu zuten Auzitegi Nazionalean, eta kalean zen epaiaren zain. Bere abokatuek epaiaren inguruan deus ez dakitela atxilotu du gaur Guardia Zibilak kontrol batean.
Goikoetxea 2017ko azaroan utzi zuen libre Frantziako Estatuak, 7 urteko zigorra beteta.
2019-04-24
SORTUk gaurko apirilaren 17 hau, Preso Politikoen Nazioarteko Egun hau, baliatu nahi du euskal preso, iheslari eta deportatu politikoak etxean libre behar ditugula aldarrikatzeko. Testuinguru honetan, aurten antolatu den ekitaldi nazionala Lemoan izango da, apirilaren 19an. 17:00etik aurrera hango frontoian parte hartzeko deia egiten diegu herritarrei.
Batez ere Espainiako Erresuma espetxe-politika erabiltzen ari da askapen prozesua baldintzatzeko. Azken batean, Euskal Herriaren agenda baldintzatu nahi du Estatu espainiarrak, frustrazioa eragin eta ezker-independentismoa iraganera kateatzeko. Azken urteetan, baina, Euskal Herrian aldarrikapen garrantzitsu bihurtu da espetxe-politikaren aldaketa-premia.
Analisi politikoetatik harago, jende askoren espektatibekin eta sentimenduekin jokatzen ari dira gobernu espainiar eta frantziarra. ETA desegin ondoren eta espetxe-politikaren aldeko eskaera inoiz baino zabalagoa denean, gaixo diren presoekiko eta adinduekiko bidegabekeriak agerian uzten du arrazoi politikoengatik dauzkatela preso, legedia ezinezkoraino bihurriturik. Azken batean independentismoa zigortu nahi dute.
Hori dela eta, SORTUren aburuz, garrantzitsua da Gobernu espainiarrak ezarritako blokeoa haustea. Eta horretarako mobilizazioarekin jarraitzea ezinbestekoa da. Horregatik, presoen gaiari konponbidea aurkitzeko dinamika sozial, instituzional eta elektoralak sustatzeari garrantzitsua deritzogu.
Eskuin muturrari, autoritarismoari eta faxismoari aurre egin behar diegu, PP, Ciudadanos edo Vox bezalako taldeek jende askoren etorkizuna arriskuan jartzen baitute, batez ere emakumeen, migratzaileen eta LGTBI kolektiboko kideen kasuan. Horrenbeste lan eta nekeren ostean lortutako hainbat eskubide galtzeko arriskuan jartzen dituzte.
Santiago Abascal buruagi ultraren Donostiako ekitaldia amaitu ondoren, Kursaal ingurua desinfektatu egin du SORTUk. Aktibista boluntario talde batek ingurua prezintoz inguratu eta bazter guztiak ondo garbitu dituzte. Modu horretan, jendeari eskuin muturraren, autoritarismoaren eta faxismoaren arriskuez ohartarazi nahi diegu. Era berean, ekimen honen bidez, talde ultra horiei adierazten diegu hemen ez direla ongi etorriak.
Ekimenean parte hartu duen SORTUko Gotzon Elizburu kidearen esanetan, “Trifatxitoak bazter guztiak zakarkeriaz, irainez eta gezurrez zikindu nahi ditu. Horregatik, Gora Herria! ekimenak desinfekzio kanpaina hau jarri du abian gaitz hau desagerrarazteko, plaga bihurtu baino lehen. Gure etorkizuna dago jokoan”.
SORTUk gisa honetako desinfekzio gehiago egingo dituela iragarri du.