PRENTSA ARETOA


bakea eta bizikidetza

Lopez de Abetxukoren aurkako jazarpenarekin sufrimendu jakin bat estali nahi dute

Jose Ramon Lopez de Abetxuko preso ohiaren hitzaldia galarazteko saiakerak ez du bakea eta bizikidetza eraikitzen laguntzen; alderantziz, sufrimendua pairatu duten batzuren ahotsa isilarazi nahi da, gertatu diren (eta gertatzen ari diren) sufrimendu jakin batzuk estaltzeko. Jose Ramon Lopez de Abetxukok 31 urte eman zituen kartzelan, eta ezarritako zigorra oso-osorik bete zuen, azken egunera arte, nahiz eta bihotzeko gaixotasun larri eta sendaezin bat izan. Hala ere, sektore politiko batzuek ez dute interesik hitz egiteko oraindik indarrean den ankerkeria bati buruz.

Jesus Loza Espainiako Gobernuaren ordezkariak ez du inolako autoritate etikorik gaiari buruz hitz egiteko. Ixilik egon zen duela gutxi Sanchez Corbik eman zuen hitzaldiagatik. Gogora dezagun guardia zibil hori Kepa Urra torturatzeagatik zigortu zutela, nahiz eta gerora kondekoratu eta mailaz igo zuten. Zertan ari da Loza, orduan? Onen eta gaiztoen kontakizun manikeoa inposatu nahian, horrela oraindik indarrean dagoen espetxe politika krudela justifikatzeko?

Presoen auziak berehalako konponbidea behar du, batez ere gaixotasun larri eta sendaezina dutenen kasuari dagokionean. 2019an bertan hil dira Oier Gomez, Juan Mari Maizkurrena eta Jose Angel Otxoa de Eribe. Haien patua oso bestelakoa zatekeen espetxe-politika mendekuan eta gorrotoan oinarritu izan ez balitz.

20 dira gaixotasun larri eta sendaezina duten preso politikoak. Gaixorik den edozein pertsonak behar ditu arreta berezitua eta ingurune egokia, sendagaiez gain, are gehiago gaixotasuna larria edo sendaezina denean.
 

2019-12-09

-
bakea eta bizikidetza

Berriz ere agerian gelditu da Espainiako demokraziaren kalitate-maila eskasa

Espainiako demokraziaren kalitate maila urria agerian geratu da berriro ere nazioarteko komunitatearen aurrean, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak gaur goizean Espainiako Erresuma zigortzean, Frantziako kartzeletan betetako zigorra zenbatzeko eskatzen zuten bi euskal preso politikoren babes-helegiteak ez zituelako onartu.

Ismael Berasategirentzat eta Rufino Arriagarentzat epaia beranduegi iritsi bada ere, Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak zigorrari lotutako kontuez inhibitu dela eta, ebazpenak agerian uzten du, beste behin ere, Espainiako sistema judizialak praktikan eskaintzen duen berme prozesalen gabezia. Izan ere, bi presoek “gutxienez segurtasun juridiko eza” jasan dutela adierazi du.

Estrasburgok maiz egin dio errieta Espainiako Estatuari berme prozesalak ez errespetatzeagatik. Izan ere, Espainiako Erresuma zazpi aldiz zigortu dute dagoeneko, torturak ez ikertzeagatik. Bateragune auzian, horrez gain, bost auzipetuei ere arrazoia eman zien, epaiketa justurik izan ez zutelako.

2019-11-26

-
bakea eta bizikidetza

Mobilizaziorako deia, gaixo diren presoen egoera dramatikoari irtenbidea aldarrikatzeko

Atzeratu egin dute Ibon Fernandez Iradi gaixorik larri den euskal presoari buruzko ebazpena, berez atzo plazaratu behar bazuten ere. Epaileak epea zabaltzea eskatu du erabakia hartzeko. Ondorioz, azaroaren 12ra arte ez da horren inguruko ebazpenik kaleratuko. Horrekin batera, aste honetan bertan Jose Angel Otxoa de Eribe preso ohia hil dela kontuan hartuta, gaixotasun larri eta sendaezina duten presoen egoera dramatikoari berehalako irtenbidea eman behar zaio. Horren harira antolatutako mobilizazioetan parte hartzeak berebiziko garrantzia du. Larunbatean, Sarek antolatuta, 17:00etan Gasteizko Artiumetik abiatuko den manifestazioan parte hartzeko deia egiten dugu.

Fernandez Iradiri 2011n diagnostikatu zioten esklerosi anizkoitza. Aurretik, gaixo diren hainbat euskal presori zigorra etetea onartu zuen fiskaltzak. Crohn eritasuna duen Lorentxa Gimon, esaterako, 2018ko martxoan irten zen kalera. Horrez gain, 2017ko apirilaren 26an utzi zuten aske aurtengo urtarrilaren 26an zendu zen Oier Gomez gasteiztarra minbiziari aurre egiteko.

Fernandez Iradiren kasuan, zigorra eteteko eskaera baztertu zuen Parisko Apelazio Auzitegiak 2016an. Geroztik, bere osasunak ez du hobera egin, eta haren osasun egoeraren inguruan hainbat salaketa eta adierazpen plazaratu dira, Ipar zein Hego Euskal Herrian. Martxoaren 14an, Gipuzkoako Batzar Nagusietako Giza Eskubideen Batzordeak aho batez eskatu zion Frantziako Gobernuari Ibon Fernandez Iradi kaleratzek, bere gaixotasuna dela kausa.

Bestalde, bada gaixorik larri dagoen beste preso bat Frantziako kartzeletan: Gurutz Maiza etxarriarra. Bere askatasuna aldarrikatzeko, Sarek “iluntasunetik etxera” egitasmoa abiatu zuen den irailean.
 

2019-10-31

-
bakea eta bizikidetza

Voxen probokazio faxista eta Ertzaintzaren errepresioa saltzen ditu SORTUk

Vox alderdiak Bilbon gauzatutako probokazio faxistaren ondotik izandako gertakarien harira, honako hau adierazten du SORTUk:

1.- FAXISMOA ONARTEZINA DA
Onartezina da faxismoak egiten duen espazio publikoaren erabilera. Horrekin batera, mugimendu horrek daukan inpunitatea gogor salatzen dugu. Ulertezina da haien probokazio oro gauzatzen uztea.

2.- ERREPRESIOA SALATZEN DUGU
Ertzaintzak gauzatutako kaleen militarizazioa eta errepresioa gogor salatzen ditugu. Aurreko egunetan bezala, atzo ere Jaurlaritzaren Polizia bortizki oldartu zitzaien manifestariei. Berriz diogu: EAJ oker dabil errepresioaren bidetik.

3.- ATXILOTUEKIN ELKARTASUNA
Atxilotuei eta haien ingurune hurbilari elkartasuna helarazten diegu. Guztiak lehenbailehen aske uzteko eskaera egiten dugu.
 

2019-10-21

-
demokrazia eta erabakitzeko eskubidea

SORTUk Ertzaintzaren bortizkeria saltau eta atxilotuak aske uzteko exijitzen du

Ertzaintza bortizki oldartu zaie gaur justizia eza eta autoritarismoa salatzeko modu baketsuan kalera irten diren milaka gazteri, eta hogei bat lagun atxilotu dituzte. Hori dela eta, SORTUk honako hau adierazten du:

1. Elkartasuna

Atxilotuei eta haien inguruneari gure elkartasuna eta babesa helarazten diegu. Atxiloketak erabat lekuz kanpo daude. Era berean, lehenbailehen aske utzi ditzaten exijitzen dugu.

2. Salaketa

Ertzaintzak Bilbon eta Gasteizen erakutsi duen jarrera bortitza gogor salatzen dugu. Mobilizazioak bukatutakoan oldartu zaizkie Jaurlaritzaren poliziak manifestariei, oso modu bortitzean oldartu ere. EAJ oker dabil bide horretatik, errepresioa eta indarkeria albo batera utz ditzan exijitzen diogu.

3. Mobilizazioak

SORTUk bat egiten du Ernaik gaurko antolatu dituen mobilizazioekin, euskal gehiengo sindikalak biharko antolatu dituenekin eta etzi Gure Eskuk egingo duen manifestazioarekin. Amorrua kalera atera behar da. Eraso autoritarioen aurrean ez gaude geldirik. Hori dela eta, dei egiten diogu euskal jendarteari mobilizazio horietan guztietan parte har dezan.
 

2019-10-17

-