SORTUk bat egiten du Euskal Herriko Mugimendu Feministak Martxoaren 8rako egin duen greba deialdiarekin. Eta bide batez, baliatu nahi dugu Politika Feministaren garaia dela ozenki aldarrikatzeko.
XXI. mendeko iraultzak emakumeon eta herrion izena du. Lurraldea behar da bizitza erdigunean jarriko duen antolamendu ekonomiko eta politikoa gauzatzeko. Era berean, burujabetza eta boterea behar dira lurralde honetan bizi den komunitateak trantsizio feminista gara dezan. Feminismoa behar da, bizitzak erdigunean kokatu eta justizia soziala gauza dadin.
Feminismoaren eta askatasunaren kontrako ofentsiba mundu zabalean indartzen ari den honetan, Euskal Herria aukera bilakatzen da. Emakume sektore zabal baten aktibazioaren eta feminismoaren hedapen historiko baten aurrean gaude. Euskal jendartearen gehiengoak emakumeok pairatzen dugun biolentzia eta diskriminazioei erabateko ukoa agertzen die. Euskal lurraldeetako instituzioetan aldaketa politiko eta sozialaren aldeko indar-harreman berriak daude, gehiengo sindikal abertzale eta konprometitua dago eta jendarte antolatu dinamikoa.
Euskal Herriko Mugimendu Feministak eskatu du Itun Sozial berria eraikitzea. Inoizko baldintza soziopolitiko egokienak ditugu demokrazia eta emantzipazioan urratsak emateko, feminismoa ardatz duen jendarte baterantz ibilbidea hausnartu, adostu eta jorratzeko. Feministok aukera hau baliatu behar dugu, politika feministak zentroan ezarriz, emakumeek beren etorkizuna libreki erabaki dezaten bideak eskainiz.
Emantzipazio-borroken historian ezagunak dira aurrera eta atzera urratsak, lortutako espazioak eta galdutako eskubideak. Ofentsiba neoliberalak inboluzioa ekarri du, pobrezia eta babesgabetasuna biderkatu, esparru publikoa murriztu... Hortaz, galtzen ari garenaren defentsa soilean baino, eredu berri baten eraikuntzan kokatu behar dugu. Krisiari aurre egiteak urgentzia du eta urgentzia hori aukera bilakatu behar da Euskal Herri hobea lortzeko, emantzipazioan urratsak emateko.
Martxoaren 8a feminismoa politikaren erdigunean eta politika feministari beharrezko ahalduntzea emateko ibilbidean hitzordu bat da. Euskal Herriko Mugimendu Feministak Euskal Herrian dagoen sentsibilitateari mobilizazio bidea eskaini eta euskal jendartearen politizazioan lagunduko du berriz ere.
Ezkerreko independentiston erronka ez da M-8ra mugatzen, harago joanda, M-8ak Feminismoa euskal agenda politiko, ekonomiko eta sozialean kokatzeko bidea izan behar du. Politika Feministaren garaia da!