Hiru hamarkada baino gehiago atzerri behartuan eman ostean, Joseba Sarrionandia eta Agustin Azkarate iheslari ohiak Euskal Herrira itzuli dira euren familiak eta gertukoak bisitatzera.
Joseba Sarrionandia 63 urteko iurretarra, 1980an atxilotu zuen espainiar Poliziak eta torturak salatu zituen. 1985ean egin zuen ihes Martuteneko espetxetik, Imanol Larzabalen kontzertu baten ostean bafle batean ezkutatuta Iñaki Pikabearekin batera. Ordutik urteak eman ditu toki ezezagunean, 2016an Habanan bizi dela jakin arazi zuen arte. Dena den, bere berri izan dugu urte guzti hauetan bere literatur jardun oparoari esker eta lan intelektualari esker.
Agustin Azkarate 69 urteko iheslari oreretarra ere itzuli da Euskal Herrira hamarkadetako erbestearen ondoren. Azkarate Guardia Zibilak atxilotu zuen 1986an eta tortura latzak pairatu zituen. Kartzelatua izan zen nahiz eta epaileak kartzelako ospitalean ingresatzea agindu zuen.
Lizarra-Garazi garaian Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak etxera itzultzeko hartu zuen erabakiaz geroztik, gatazka politikoaren ondorioz ihes egin behar izan duten 200 kide itzuli dira Euskal Herrira. Aieteko Konferentziatik hamar urte beteko dira aurten. Ezker abertzaleak estrategia aldaketarekin Euskal Herrian gatazka politikoa konpontzeko ziklo aldaketaren alde egindako apustu sendoak, iheslarien etxeratzea azkartu du azken urteetan. 2013an EIPK-k bere ibilbide orria berritu zuen Miarritzen egindako ekitaldian. Gaur egun, 41 iheslari geratzen dira munduan zehar, horietatik 8 deportatuak.
2021-04-22