Ernai gazte antolakundeak “Larrialdi egoeran gaude” lelopean atzo egindako mobilizazio baketsuen aurka Ertzaintzak erabilitako biolentzia eta jarrera oldarkorra dela eta, honako hau adierazten du SORTUk:
• Babesa eta elkartasuna helarazten dizkiegu zauritu eta atxilotuei, bai eta horien guztien senide eta hurbileko lagunei. Zaurituak lehenbailehen sendatzea espero dugu eta atxilotuak berehala aske uzteko exijitzen dugu.
• Ertzaintzaren erantzun basatia salatzen dugu. Esanguratsua bezain kezkagarria da Erkoreka jaunaren Polizia, faxistak babesten eta zuritzen ari den bitartean, gupidarik gabe oldartzea gazteen kriminalizazioa salatzen dutenen aurka, haien lanpostuen defentsan irteten diren langileen aurka edota kapitalismoaren basakeria salatzen duten aktibisten aurka. Bistan da Polizia eredu honek herritarren zerbitzura egon beharrean interes partikular batzuei baino ez diela erantzuten, eta hori onartezina da. SORTUk polizia ereduaren inguruko herri gisako eztabaida ezinbestekotzat jotzen du. Besteak beste, euskal jendartearen balore nagusiekin bat ez datozen jokamoldeak dituen polizia baita Ertzaintza.
• EAJk osasun larrialdiaren kudeaketan erakutsi duen gaitasun eza poliziarekin estali nahi duela salatzen dugu. Orain askoz hobeto egongo ginateke jendea jipoitzen darabilten indarraren hamarrena gauzak modu enpatiko eta ez autoritario batean egiten eta herri honen burujabetza berreskuratzen saiatuko balira.
• SORTUk arreta ez desbideratzeko exijitzen du. Oraindik konpondu gabeko osasun-larrialdi betean jarraitzen dugu. Era berean, krisi sozial eta ekonomiko honek milaka gazte, emakume, pentsiodun, langabe, migratzaile eta abarri eragiten die. Ez dezagun ahaztu. Guk argi dugu: krisi honek eredu sozial eta produktiboaren eztabaida partekatua eskatzen du eta ez errepresioa. Krisi honen aurrean elkartasuna eta justizia soziala lehenetsi behar dira eta ez oldartze polizialak. Krisia kapitalak ordaindu behar du, berak ekarri baikaitu egoera honetara, berak utzi baikaitu babesik gabe pandemiaren aurrean politika neoliberal eta pribatizatzaileak sustatzean.
• Bukatzeko, SORTUk, atzoko gertaerak salatzeko Ernai gazte erakundeak gaurko Bilbon eta Gasteizen deitu dituen mobilizazioetan parte hartzera deitzen du.
2021-05-08