SORTUk gogor salatzen du Ertzaintzaren eta justizia espainiarraren neurri-bitasuna. Urtarril hasieran Amurrioko familia abertzale baten etxearen kontra tiro egin zuen polizia ohia kargurik gabe kalean dabilen bitartean, argudio ezin ahul eta lausoagoak erabiliz atxilotu ditu Ertzaintzak gaur bi gazte arabar. Batak Amurrioko epaitegian deklaratu zuen bitartean, beste biak salbuespeneko Auzitegi Nazionalera eraman dituzte. Berriz ere agerian geratu da espainiar justiziaren izaera arbitrarioa. Ertzaintzaren jarrerak ere kezka eragiten du.
Galder Barbado eta Aitor Zelaia berehala aske uzteko exijitzen dugu. Herri honek eraiki nahi duen bake eta bizikidetzaren aurkako norabidean doaz gaurko atxiloketak. Oraindik badira aktore politiko garrantzitsuak iraganari eta gatazkari lotuta jarraitu nahi dutenak; urteetan ezker abertzalearen kriminalizazioarekin eroso sentitu direnak; euskal testuinguru soziopolitiko berrira egokitzeko batere interesik erakusten ez dutenak. Izan ere, kezkatuta gaude eragile horiek errealitate paralelo batean bizi direla ikusita: herri honek azken urteetan bakearen eta bizikidetzaren aldeko urrats garrantzitsuak eman dituen bitartean, independentisten aurkako kriminalizazioari lotuta jarraitzeko tematuta daude. Izan ere, zazpi urte baino gehiago dira ETAk jarduera armatua utzi zuenetik, ia bi urte dira armagabetzea gertatu zenetik eta ia urtebete ETA desegin zenetik.
Ez da espetxeak betetzeko garaia, haiek hustekoa baizik. SORTUk beste behin ere prestutasun osoa agertzen du aliantza zabalak eraikitzeko, herri honek benetako bake eta normalizazioa eskura ditzan.
Operazioa salatzeko eta bi atxilotuen askatasuna exijitzeko, mobilizazioak antolatu ditu SORTUk arratsalde honetarako, ‘Atxilotuak askatu. Utzi Euskal Herria bakean!’ lelopean, Amurrioko plazan (19:00) eta Gasteizko Andre Mari Zuriaren Plazan (19:00).