PRENTSA ARETOA


bakea eta bizikidetza

Apirilak 17: espetxeratuen kaleratzea aldarrikatu du SORTUK

SORTUk gaurko apirilaren 17 hau, Preso Politikoen Nazioarteko Egun hau, baliatu nahi du euskal preso, iheslari eta deportatu politikoak etxean libre behar ditugula aldarrikatzeko. Testuinguru honetan, aurten antolatu den ekitaldi nazionala Lemoan izango da, apirilaren 19an. 17:00etik aurrera hango frontoian parte hartzeko deia egiten diegu herritarrei.

Batez ere Espainiako Erresuma espetxe-politika erabiltzen ari da askapen prozesua baldintzatzeko. Azken batean, Euskal Herriaren agenda baldintzatu nahi du Estatu espainiarrak, frustrazioa eragin eta ezker-independentismoa iraganera kateatzeko. Azken urteetan, baina, Euskal Herrian aldarrikapen garrantzitsu bihurtu da espetxe-politikaren aldaketa-premia.

Analisi politikoetatik harago, jende askoren espektatibekin eta sentimenduekin jokatzen ari dira gobernu espainiar eta frantziarra. ETA desegin ondoren eta espetxe-politikaren aldeko eskaera inoiz baino zabalagoa denean, gaixo diren presoekiko eta adinduekiko bidegabekeriak agerian uzten du arrazoi politikoengatik dauzkatela preso, legedia ezinezkoraino bihurriturik. Azken batean independentismoa zigortu nahi dute.

Hori dela eta, SORTUren aburuz, garrantzitsua da Gobernu espainiarrak ezarritako blokeoa haustea. Eta horretarako mobilizazioarekin jarraitzea ezinbestekoa da. Horregatik, presoen gaiari konponbidea aurkitzeko dinamika sozial, instituzional eta elektoralak sustatzeari garrantzitsua deritzogu.
 

2019-04-17

-