Atzeratu egin dute Ibon Fernandez Iradi gaixorik larri den euskal presoari buruzko ebazpena, berez atzo plazaratu behar bazuten ere. Epaileak epea zabaltzea eskatu du erabakia hartzeko. Ondorioz, azaroaren 12ra arte ez da horren inguruko ebazpenik kaleratuko. Horrekin batera, aste honetan bertan Jose Angel Otxoa de Eribe preso ohia hil dela kontuan hartuta, gaixotasun larri eta sendaezina duten presoen egoera dramatikoari berehalako irtenbidea eman behar zaio. Horren harira antolatutako mobilizazioetan parte hartzeak berebiziko garrantzia du. Larunbatean, Sarek antolatuta, 17:00etan Gasteizko Artiumetik abiatuko den manifestazioan parte hartzeko deia egiten dugu.
Fernandez Iradiri 2011n diagnostikatu zioten esklerosi anizkoitza. Aurretik, gaixo diren hainbat euskal presori zigorra etetea onartu zuen fiskaltzak. Crohn eritasuna duen Lorentxa Gimon, esaterako, 2018ko martxoan irten zen kalera. Horrez gain, 2017ko apirilaren 26an utzi zuten aske aurtengo urtarrilaren 26an zendu zen Oier Gomez gasteiztarra minbiziari aurre egiteko.
Fernandez Iradiren kasuan, zigorra eteteko eskaera baztertu zuen Parisko Apelazio Auzitegiak 2016an. Geroztik, bere osasunak ez du hobera egin, eta haren osasun egoeraren inguruan hainbat salaketa eta adierazpen plazaratu dira, Ipar zein Hego Euskal Herrian. Martxoaren 14an, Gipuzkoako Batzar Nagusietako Giza Eskubideen Batzordeak aho batez eskatu zion Frantziako Gobernuari Ibon Fernandez Iradi kaleratzek, bere gaixotasuna dela kausa.
Bestalde, bada gaixorik larri dagoen beste preso bat Frantziako kartzeletan: Gurutz Maiza etxarriarra. Bere askatasuna aldarrikatzeko, Sarek “iluntasunetik etxera” egitasmoa abiatu zuen den irailean.