Ertzaintza bortizki oldartu zaie gaur justizia eza eta autoritarismoa salatzeko modu baketsuan kalera irten diren milaka gazteri, eta hogei bat lagun atxilotu dituzte. Hori dela eta, SORTUk honako hau adierazten du:
1. Elkartasuna
Atxilotuei eta haien inguruneari gure elkartasuna eta babesa helarazten diegu. Atxiloketak erabat lekuz kanpo daude. Era berean, lehenbailehen aske utzi ditzaten exijitzen dugu.
2. Salaketa
Ertzaintzak Bilbon eta Gasteizen erakutsi duen jarrera bortitza gogor salatzen dugu. Mobilizazioak bukatutakoan oldartu zaizkie Jaurlaritzaren poliziak manifestariei, oso modu bortitzean oldartu ere. EAJ oker dabil bide horretatik, errepresioa eta indarkeria albo batera utz ditzan exijitzen diogu.
3. Mobilizazioak
SORTUk bat egiten du Ernaik gaurko antolatu dituen mobilizazioekin, euskal gehiengo sindikalak biharko antolatu dituenekin eta etzi Gure Eskuk egingo duen manifestazioarekin. Amorrua kalera atera behar da. Eraso autoritarioen aurrean ez gaude geldirik. Hori dela eta, dei egiten diogu euskal jendarteari mobilizazio horietan guztietan parte har dezan.