Astelehenean Bizkaian atxilotutako bi herritarrak kartzelaratzeko agindua dela eta, SORTUk honako hau adierazten du:
1. Bistan da oraindik orain herri hau iraganera itzultzea nahi duten sektoreak existitzen direla, zehazki sakoneko estatuaren kasuan kosta ahala kosta borroka armatuaren mamua luzatzeko eta bizirik mantentzeko interesa oso nabarmena izanik, argiki Euskal Herriaren askapen bidea oztopatzearekin batera preso politikoen auzia betikotzeko asmoz.
2. Auzitegi Nazionalaren eskuhartzea salatzen du SORTUk. Espetxean beste bi lagun sartu ditu. Erabaki horrek ez die mesederik egiten Euskal Herriari, bakeari eta bizikidetzari. Berriz diogu: ez da espetxeak betetzeko unea, haiek hustutzekoa baizik.
3. SORTUk lanean jarraituko du preso politiko guztiak etxeratzea ahalbidetuko duen estrategia eraginkorren alde. Horretarako, adostasun zabalak bilatuko ditu hainbat eremutan, izan eremu sozialean, politikoan, instituzionalean zein sindikalean.
2020-11-18