Ertzaintzaren azken egunetako kargak direla-eta, eta zehatzago, Donostian San Sebastian egunez izandako gertakari larrien harira, elkartasuna adierazten die Sortuk Ertzaintzak zauritutakoei eta honako balorazioa egiten du:
1. Mundu mailako pandemia betean gaude. Egoera honetan, sarri esan dugunez, elkar zaintzea eta arduraz jokatzea dagokigu guztioi.
2. Eusko Jaurlaritzak pandemiaren ondorioen kudeaketan egin duen gauza bakarra neurri murriztaileak hartzea izan da, izurriari aurre egiteko ardura osoa norbanakoaren gain utziz. Estrategia honen bidez Eusko Jaurlaritzak administrazio publiko gisa dituen ardurei ihes egiten die: uko egin dio birusaren hedapenari aurre egin ahal izateko Osakidetzan behar beste arakatzaile kontratatzeari, lehen arreta zerbitzua indartzeari eta txertaketa bizkortzeko egin beharreko inbertsioak egiteari, garraio publikoaren maiztasuna areagotzeari, kaltetutako sektoreak ekonomikoki sustengatzeari eta oro har zerbitzu publikoak indartzeari. Hori gutxi balitz, gardentasun faltaz jokatzen ari da eta horrek guztiak jendartean mesfidantza eta nekea areagotzen du, hain justu konfiantza eta kohesioa ezinbestekoak direnean.
3. Ertzaintza egunotan izaten ari den jokabidea guztiz justifikaezina eta onartezina da. Batetik, antzeko gertaeren aurrean jokabide zeharo ezberdina izaten ari da. Sektore sozial jakinak kriminalizatzeko nahia dago eta irmoki salatzen dugu. Bestetik, neurri murriztaileen ezein urraketak ez du egunotan erabiltzen ari den bortizkeria justifikatzen. Poliziaren helburua arazoak ekiditea izan beharko luke eta ez horiek sortu edo larriagotzea.
4. Agentearen “vamos a tirar a dar” larria justifikatzeko Zubiaga sailburu ordeak “prozeduraren parte dela” adierazi du. Bada, guk diogu jarduteko modu horren ondorio direla Iñigo Cabacasena bezalako heriotzak edo atzoko kargetako matrailezur hautsiak. Horrela jokatzen duen polizia ez da polizia demokratikoa. Ertzaintzan arazo handia dago. Polizia ereduari buruzko herri eztabaida sakona egin eta sakoneko erreforma egiteko garaia dela uste du Sortuk.
5. Zentzu horretan, Segurtasun Sailari dei egiten dio berehala amaitzeko poliziaren bortizkeriarekin, depuratu ditzala egunotako jazoeren arduradunak eta jarrera justifikaezin hauek justifikatu beharrean autokritika egin dezala. Eusko Jaurlaritzari arduraz jokatzeko deia egiten dio Sortuk. Ez diezaiela ihes egin bere ardurei. Pandemiari ezin zaio aurre egin neurri murriztaileekin soilik, are gutxiago borra golpeka.
2021-01-21