PRENTSA ARETOA


bakea eta bizikidetza

Larunbatean Baionara, bizi-arteko zigorraren aurka, konponbidearen alde

Frantziako Estatuaren espetxe-politika kriminalak oraindik indarrean dituen bizi-arteko kartzela zigorrak salatzeko, larunbatean EH Bai-k Baionan antolatutako manifestazioan parte hartzeko dei egiten du Sortuk. Korsikako gizartearen gehiengo zabalak preso politikoen afera konpontzeko eskariei muzin egin izan die Parisek, eta Yvan Colonnari hilzorian zegoelarik baino ez zion kendu DPS estatutua eta kondena, ez lehenago. Ekidin zitekeen heriotza hori!

Yvan Colonna 2003an atxilotu eta bizi-arteko zigorrera kondenatu zuten. Ordutik, behin eta berriz salatu zituen DPS edo zaintza bereziko presoaren estatutua izateagatik pairaturiko eskubide urraketak. Estatutu horren aitzakiarekin ukatu zioten Yvanni kondena Korsikan betetzeko aukera. Korsikako jendartearen gehiengo zabalaren eta bertako instituzioen aldarrikapena den preso politikoen askatze-bidea oztopatzeko jarreran gotortuta dago Estatu frantsesa. Preso politikoak etxera ekarri eta Korsikako zein Euskal Herriko gatazkei irtenbide demokratikoa emateko deia egiten diogu Estatua frantsesari.

Berandu baino lehen, beraz, bizi-arteko espetxe-zigorra duten Jakes Esnal eta Jon Kepa Parot euskal preso politikoak etxera bidean jar ditzaten exijitzen dugu. Horregatik, larunbatean, 15:00etan Baionako San Andres Plazatik abiatuko den manifestazioan parte hartzeko deia egiten dugu.

Bide batez, ostiral hau hileko azken ostirala dela gogoratzen dugu. Horregatik, konponbidearen alde eta presoak, iheslariak eta deportatuak etxera bidean jartzearen alde kale eta plazetan antolatutako mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten dugu.

Konponbiderako garaia da! 

2022-03-24

-