Josu Urrutikoetxea behin-behinean aske uztea berri ona dela uste du SORTUk. Norabide egokian hartutako erabakia da. Auzitegiak kontuan hartu du Euskal Herriko azken urteotako bilakaera politikoa eta Josu Urrutikoetxeak bete duen papera. Izan ere, Josu Urrutikoetxea izan zen da bakearen aldeko konpromiso handiena erakutsi duen etakideetako bat. Hain zuzen, berak jarri zion ahotsa ETA desegin zeneko agiriari. Bera izan zen zen ETAren indarkeria euskal politikagintzako ekuazio politikotik behin-betiko ateratzeko protagonista nagusietako bat.
Euskal gizartearentzat albiste itxaropentsua da. Epailearen erabaki honek erakusten du Euskal Herrian posible dela bakean, demokrazian eta bizikidetzan oinarritutako agertoki berri bat eraikitzea eskema zaharrak alboratuta, gatazkaren konponbidean dauden korapilo konpon baitaitezke nagusiak hitz eginaz eta adostasunetara iritsita.
Madrilentzako irakasgai garrantzitsua izan beharko luke gaur Parisen hartutako erabaki honek. Utzi egin beharko lioke euskal gizarteak bake agertoki baten alde erakutsi duen determinazioa zangotrabatzeari. ETA desagertu zen, ETAren biolentzia betiko desagertu zen baina herri honetan biolentziak izan badira: estatuen biolentziak indarrean jarraitzen dute. Azken batean, dispertsio politika indarrean mantentzea ere biolentzia da. Gaixorik larri diren presoak espetxean mantentzea biolentzia da. Onen eta gaiztoen, justuen eta injustuen, garaileen eta garaituen errelato bat inposatzen saiatzea ere biolentzia delako. Eta, nola ez, Euskal Herriaren, Kataluniaren eta Estatuko gainerako herrien autodeterminazio eskubidea indarrez galaraztea ere biolentzia delako.
Zentzu horretan, dei egiten diogu estatu espainiarrari eta PSOEri egin dezatela behingoz, bere garaian ezker abertzaleak egin zuen bezalaxe, estrategia demokratiko eta baketsu baten aldeko apustua. Egin diezaiotela behingoz uko beren biolentziari. Egin dezatela behingoz apustu bakearen alde, demokraziaren alde eta herri honen eskubide nazionalak eta sozialak errespetatzearen alde.