PRENTSA ARETOA


bakea eta bizikidetza

Ez dago elkarbizitza demokratikorik Estatuaren biolentzia zuritu eta haren inpunitatea iraunarazten bada

Memoriaren eta elkarbizitzaren eraikuntzaren alorrean, Estatu espainiarraren ekimenez azken egunotan izandako gertaera eta erabaki larriak salatzen ditu SORTUk. Era berean, Jaurlaritzak eta Bilboko Udalak Madrilgo jarrera horren segidismoa egiten dutela ere salatzen dugu, estatuaren biolentziaren biktimen bazterketari eta errelato bakarraren ezarpen saiakerei babesa eman baitiete. Madrilgo zein hemengo erakundeei exijitzen diegu arduraz jokatu eta biktima guztien mina errespeta dezatela.

Gertatutakoaren ikuspegi partziala eskaintzen duen desmemoriala inauguratu du Estatu espainiarrak aste honetan, Gasteizen. Jaurlaritzak eta berau osatzen duten bi alderdiek sustengatu dute. Guztiek ere ondotxo dakite oso interes politiko zehatzen baitan ireki dela, Euskal Herrian gatazka politikoarentzat eta haren ondorioentzat irtenbide demokratikoa bilatu beharrean, estatuaren biolentzia zuritu eta biolentzia horren biktimek pairatutako sufrimendua ezkutatuz errelato bakarra inposatzeko.

Bestalde, Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak, aste honetan bertan, uko egin dio GALen sorreran Espainiako Gobernuak eta Felipe Gonzalezek izan zuten ardura aztertzeari; alegia, estatu-terrorismoaren biktimei egia ukatzen dieten bitartean, estatu-biolentziaren inpunitatea bermatzen ari dira.

Horrez gain, onartezina da Egiari Zor fundazioak egunotan pairatutako jazarpena Txabi Etxebarrieta euskal militante independentista eta antifaxistaren hilketa oroitzeko hainbat ekitaldi egiteko asmoa zela-eta. Bilboko Udala kasu honetan ez da biktimen ondoan jarri eta horrek zauria areagotu besterik ez du egiten. Gure elkartasuna eta babesa Egiari Zor fundazioari, Etxebarrietaren senideei eta haien senideen omenez negar egitea galarazita duten biktima guztiei. Eta galdera bat espainiar estatuari zein, bereziki, herri honetako arduradun instituzional nagusiei: norbaitek uste du eraiki daitekeela elkarbizitza demokratikorik Meliton Manzanas, Carrero Blanco eta enparauen gorespenaren, estatu biolentziaren zuriketa eta inpunitatearen eta estatu biolentzia horren biktimen diskriminazio eta are jazarpenaren oinarrien gainean?  

Ezinezkoa da elkarbizitza demokratikorik eraiki estatuaren biolentzia zuritzen bada eta haren inpunitatea iraunarazten bada. Ezin da, biktimen arteko diskriminazioak jarraitzen duen bitartean eta haietako batzuek jazarpena pairatzen duten bitartean.

Bizikidetza demokratikorik eraikiko bada, Estatu biolentziaren zuriketa eta inpunitatearekin amaitu beharra dago. Eta biolentzia horren biktimentzat, beste biolentzia batzuen biktimentzat bezalaxe, egia, justizia eta erreparazioa bermatu beharra dago. 

2021-06-06

-