PRENTSA ARETOA


sortu

Sorturen Kontseilu Nazionalak aho batez babestu du EH Bilduren mahai politikoak oinarriei luzatu dion abstentzioren aldeko proposamena

EH Bilduren mahai politikoak oinarriei galdetuko die Espainiar Erreinuan PSOE eta Unidas Podemosen arteko koalizio gobernuari bide emateaz. Mahaiak posizioa finkatu eta proposamena luzatu du: EH Bilduren bost diputatuek abstentzio aktiboaren bidez Pedro Sanchezen inbestidura ahalbidetzea. Horretarako arrazoiak ere azaldu dizkio kidegoari.

Bada, Sorturen Kontseilu Nazionalak aho batez bat egin du EH Bilduren mahai politikoaren irakurketatekin eta proposamenarekin.

Hauteskunde kanpainetan lau lehentasun finkatu genituen: 1.-Inboluzioari eta autoritarismoari aurre egitea; 2.-Azken urteotako politika eta neurri neoliberalak atzerarazi eta langile eta herri sektoreen lan eta bizi baldintzak hobetzea; 3.-Euskal Errepublika helburu, 78ko Erregimenaren krisian sakondu eta gure herriaren autodeterminazio eskubidea eskuratzea; 4.-Euskal preso, iheslari eta deportatu politikoak etxeratzea.

Ez gara inozoak; ezagun zaigu PSOEren historia iluna, baita ere Podemos-ek, ibilbide laburra izanagatik, dagoeneko metatu duen huts egite eta errenuntzia-soka luzea. Ezin eszeptikoagoak gara, beraz, gobernu horrek egin nahi/ahal izango duenarekin. Guztiarekin, baina, PSOE eta Unidas Podemosen gobernu hori aipatu lehentasunetan aurrera egiteko aukera gehien eskaintzen duen eskenatokia delakoan gaude.

Edonola ere, espainiar gobernutan ez, gure herriarengan dugu guk konfiantza. Beti bezala, herri indarra, aktibazio soziala eta borroka izango dira aipatu lehentasunetan aurrera egin eta garaipenak lortzeko giltza.

Dei egiten diogu ezker abertzaleko oinarriari EH Bilduren mahai politikoak deitutako kontsultan parte hartzera eta bere proposamena babesteko.

 

Sorturen Kontseilu Nazionala, 2019ko abenduaren 31n

2019-12-31

-