Guardia Zibilak Generalitateko goi karguen aurka egin duen operazioa disimulurik gabeko Estatu Kolpea da. Operazio honekin Espainiako Erresumak, de facto, 155. artikulu famatua aplikatu du praktikan modu koldarrean. Zergatik ez da ausartzen Rajoy garbi esatera Kataluniako autonomia suspenditu duela? Eta egoera honetan Urkulluren EAJk lankidetzarako eskua luzatzen jarraitzen du. Honakoa da Espainiako Gobernuak sustengu horrekin egiten duena: atxiloketak, miaketak, konfiskazioak, oinarrizko eskubide zibilak zapaldu eta herri borondatea zapaldu.
Autodeterminazioa eta burujabetza herrien eskubide ukaezinak dira. Kataluaniko prozesua eta urriaren 1eko erreferenduma 78ko Erregimena kolokan jarri duen torpedoa dira. Autonomien Estatua hil da. Estatuak berak hil du bere izaera zurrun, autoritario eta antidemokratikoaren bidez.
Gure herriak, kataluniak bezalaxe, burujabetza osoa behar du. Gure herriak, kataluniak bezalaxe, estatu propio bat behar du. Urriaren 1eko erreferendumaren alde gaude eta independentziaren alde gaude. Gero eta argiago ikusten da independentzia dela marko demokratiko bat eskuratzeko modu bakarra.
2016an 53 langile hil ditu lan prekarietateak. 2017 hasi denetik 31 euskal herritar hil dira lanean. Prekarietateak jende asko hiltzen du, gehiegi. Lotsagarria da, LOTSA sentizen dugu.
Presoen kaleratzearen aldeko borroka, memoriaren aldekoa, biktima guztien aitortza eta erreparazioaren aldekoa, desmilitarizazioaren aldekoa, ez dira iraganari begirako borrokak. Etorkizunaren aldeko borrokak dira, Bakean eta Askatasunean oinarritutako etorkizunaren aldekoak.
Bake iraunkor eta justua irabazteko dugu. Inork ez digu bakea oparituko. Ez da bake justu eta iraunkorrik izango, ez da Euskal Herririk izango aske eta bakean, presoek espainiar eta frantziar espetxeetan jarraitzen duten artean.
Ez da posible Euskal Herria aske eta baketsurik gerra egitera etorri ziren haiek, biolentzia, tortura, errepresioa eta heriotza inposatu zituztenak, hau da, espainiar eta frantziar gorputz militar eta polizial errepresiboak gure herritik alde egiten ez duten bitartean.
Ez dago bake justu eta iraunkorrik egia, justizia eta erreparaziorik gabe biolentzia politiko GUZTIEN biktima GUZTIENTZAT.
Testuinguru berezian dator aurtengo Aberri Eguna. Independentziarako bideak jorratzen ari dira Europan hainbat kide. Eskoziak 2018rako iragarri du bigarren erreferenduma. Katalunian irailean ondo bidean independentziarako erreferenduma ospatuko da, adostuta edo aldebakarrez. Horrek baldintza berriak sortuko ditu, baita Euskal Herrian ere. Ziklo historiko baten amaiera bizitzen ari gara, ziklo berriari ateak irekiz.
Larunbatean, armagabetzearen egunean, Baionan herriak duen indarra ikusi genuen berriz ere. Herri honek gaitasun eta imajinazio ikaragarria ditu aurrera egiteko. Sortun harro gaude horretaz. Orain herriak berriz ere lekukoari eutsi eta askatasuneraino eramateko sasoia da. Herriak bakarrik salba dezake herria.
Prozesu soberanista bat martxan jartzeko sasoian gaude horretarako prest gaudenon artean. Herria abiapuntu eta herria xede. Duela 80 urte faxistek II. Errepublikaren aurka jo zuten. Orain, I. Euskal Errepublikaren alde egiteko determinazioa dugu. Erabakitzeko eskubidea praktikan jarriz Estatu propio baten alde, borrokan jarraituko dugu.
Hori horrela izanik, Independentistak Sareak eta Gernika Batzordeak antolatuta igandean Gernikan ospatuko den Aberri Egunera ikurrinak eskutan joateko deia egiten diegu euskal herritarrei. Herria da aberria.
ETA erakundearen armagabetzea, Euskal Herrian bakea eta bizikidetza eraikitzeko eta askapen prozesuan aurrera egiteko aldebakarreko urrats historikoa izan da. ETA herriaren eskutik armagabetu da, Estatuak indartsuak direla baina ez garaitezinak demostratuz. Bakearen Artisauen zein gizarte zibilaren oro har inplikazioa eta konpromisoa miresgarriak izan dira Estatuen oztopoak gainditzeko.
Baina oraindik Aieteko bide orriari atxikiz, bake osoa eraikitzeko urrats gehiago eman behar dira. Besteak beste preso, iheslari eta deportatuak etxeratzeko bide orri komuna behar da batetik eta bestetik, Euskal Herriaren desmilitarizazio osoa ezinbestekoa da.