Euskararen geroaz aritzeko hiru ideia gako nabarmendu nahi genituzke. Lehena, euskararen etorkizuna erabat lotuta dago herri honen etorkizun politikoarekin, batak bestearekin egingo du aurrera elkar elikatzen diren prozesuak baitira, banaezinak. Bigarrena, globalizazio uniformatzailearen aurrean euskal estatua eraikitzeko indargunea eta aukera da euskara. Hirugarrena, herri gogoak jarriko du euskara dagokion lekuan.
Emakumeen kontrako indakeriaren nazioarteko eguna aurten #metoo kanpainak eta La Manada kasuak besteak beste astinduta iritsi da.
Egiturazkoa den indarkeria patriarkala inoiz baino ageriago ari da geratzen eta indarkeria matxistaren aurka inoiz baino kontzientzia sozial handiagoa ari da pizten mugimendu feministaren urteetako borrokari esker. Baina esan bezala, indarkeria patriarkala egiturazkoa da eta eguneroko ogia dira emakumeen aurkako erasoak. Hori gutxi balitz, sistemak eta propaganda matxistak emakume erasotuak berbiktimizatzen ditu euren hitza zalantzan jarriz edo erasoaren erruduntzat emakumea bera joaz. Indarkeria beraren aurpegi ezberdinak baino ez dira.
Guk ere sinisten diegu erasoa jasan duten emakumeei.
Errusiako Iraultzaren 100. urteurrenean, iraultzaileei egiten ahal diegun omenaldirik onena gure garaiko iraultzak bultzatzea da. Ikasitakoa aintzat hartuta, autokritika eginaz, bai, baina halaber, segurtasun sendo batetik: kapitalismoa gainditu beharra dago mundua hondamendira daramalako. Komunismoa, denonaren nagusitasuna, politika ekonomiaren gainetik jartzea, hauxe da erronka, hauxe da beste zibilizazio baten funtsa. Eta honi gure garaian herriaren burujabetza ere deitzen diogu, kapitalak demokrazia formalaren mozorroa kendu duelarik. Bizitza eta kapitalaren arteko talkan, bizitza da gure hautua.
100 urteren ondoren, kapitalismoak inoiz baino arrazoi gehiago eskaintzen dizkigu injustizien aurka borrokatu eta bizitza kapitalaren gainetik lehenetsiko duten alternatibak eraikitzeko. Gure iraultzak egiteko garaia da, XXI. mendeko iraultza demokratikoak, behetik gora, herrietatik, feminismotik, gure planetaren defentsatik, guzti horren biziraupena arriskuan jartzera iritsi baita kapitalismoa.
Guk ederki dakigu non dauden gure garaiko iraultza eta matxinadak. Aspaldi altxatu zen gure herria Francoren diktaduraren aurrean, 1978ko erregimenaren inposaketa antidemokratikoaren aurka baita kapitalen diktaduraren aitzin ere. Bizitza maite dugulako, justizia maite dugulako, denona izan behar dena denona izan dadin.
Kataluniako herriari zorionak eman nahi dizkiogu urriaren 1ean emandako lezio demokratikoagatik: Poliziaren jarrera basatiak ez du herri oso baten determinazioa gelditu eta, oztopoak oztopo, bere eskubidea gauzatu du. Gure elkartasun eta babesa agertu nahi diogu Kataluniari. Kolpe, mehatxu eta manipulazioen aurrean ez daude bakarrik, haien ondoan gaituzte.
Urriaren 1eko irudiek beste behin ere frogatu dute Espainiako Erresuma demokratizatzea ezinezkoa dela. Erregimenarekin hausteko beharra berresten dugu, azken lau hamarkadetan egin dugun moduan. Espainiako ezkerrak ulertu beharko luke PP ez dela arazoa, Estatua bera baizik: Katalunian gehiengoak indepentzia nahi badu ere, Estatua ez dago borondate hori inoiz onartzeko prest; beraz, errepresioa baino ez zaio gelditzen. PSOE Gobernuan izan balitz, antzeko jokabidea izango zukeen.