PRENTSA ARETOA


nazioartea/eskala politikoa

Osasuna eta errepublikak

Junts Per Catalunya, Crida Nacional, PDeCAT, CUP, BNG, EH Bildu, ERC, Més por Menorca, Esquerra Valenciana, Més por Mallorca eta Demòcrates de Catalunya alderdiek honako testu bateratu hau izenpetu dute:

Gogor kolpatzen ari zaigu osasun, zaintza eta jendarte larrialdi betean ezagutu da borbondarren enegarren ustelkeria. Espainiar Estatuko populazioa aspaldiko egoerarik larrienean murgilduta badago ere, estatu-buruak bere irudia zuritzeari ekin dio, eta Gobernuak egoera baliatu du zentralizazio joera zaharrak areagotzeko.

Gaizki kudeatzen ari dira erronka hau, ardurarik gabe, berriz ere eliteen interesak lehenesten ari direlako. Hau guztia herritarrentzat zein herrientzat kalte ikaragarria da, eta hondamendi honen aurrean protesta egin beharra dago, berau gainditzeko bide alternatiboak eraikitzeaz batera.

Errealitatearen larritasuna dela eta, uste dugu espainiar erresumaren baitako herri ezberdinetako mugimendu soberanistok geure bidea egin behar dugula, nork bere herrian eta elkarlanean espainiar Estatuaren aitzinean. Deialdia egiten dugu, honenbestez, martxoaren 18 honetan, espainiar erregearen diskurtso telebisatuaren iragarri duten ordurako, 21:00etarako, balkoi eta lehioetara atera eta zarataren bidez gure haserrea adierazteko. Lapikoak astin ditzagun, lehenbailehen monarkiari agur esan eta herrien errepublikak sortzeko premia adierazteko.

2020-03-18

-
bakea eta bizikidetza

Zabal daitezkeen aukera posibleak zapuzteko saiakera da Auzitegi Nazionaleko gaurko zitazioa

Ezker abertzaleko sei militanteri deklarazioa hartu diete gaur Auzitegi Nazionalean eta beste sei kide deituak daude datozen asteetan deklaratzeko. Auziak helburu garbi bat du: independentismoak Estatuan ahalbidetu duen agertoki berriak zabal dezakeen edozein aukera zapuztea. Urtarrilaren 20an, ezker abertzaleko lau kide atxilotu zituztenean, esan genuen operazio horren guztiaren atzean Estatu Sakona zegoela, eskuin-mutur polizial, judizial eta mediatikoa.

Gertatzen ari dena ez da kasualitatea. Inoiz baino adostasun zabalena dago euskal gizartean espetxe-politika aldatzearen alde. Atxiloketek eta zitazioek ez diote logika judizial bati erantzuten: Euskal Herriko eta Kataluniako independentismoak ahalbidetu duten egoera berriari erantzuten diote. Estatu Sakona modu iraunkorrean saiatzen ari da edozein aukera-leiho zapuztu asmoz. Estatu Sakon horrek ez du nahi gatazkaren ondorioen nahiz zergatien alorrean aurrera pausorik eman dadin. 
 

2020-02-24

-
bakea eta bizikidetza

David Plari ezarritako kautelazko neurriak bertan behera uzteko exijitzen dugu

David Plaren atxiloketak eta espainiaratzeak ez zuten inoiz gertatu behar. Joan den astean salatu genuen oinarrian muntaia polizial bat eratu zela haren aurka jarduteko. Espainiako Auzitegi Nazionalak gaur Plari ezarri dizkion kautelazko neurriak bertan behera gelditzeko exijitzen dugu: Espainiako Estatutik ireteteko debekua ezartzean, haren familiarekin etxean bizitzea debekatu diote, Lapurdin bizi baita.

Herri honetan garai berri bat irekitzeko, besteak beste funtsezkoa izan da David Plak eginiko ekarpena. Alabaina, estamendu boteretsu askok iraganeko dinamikei eutsi nahi diete kosta ahala kosta. SORTUk adorea eskatzen dio Estatuari behingoz benetako urratsak egin ditzan.

2020-02-19

-
bakea eta bizikidetza

Muntaia polizialik ez. David askatu!

David Plaren atxiloketa salatzen du SORTUk, eta berehala aske utz dezaten exijitzen du. Muntaia polizial baten aurrean gaudela esan dezakegu, leporatzen zaizkion egitateek ez baitute oinarri juridikorik, ikerketan frogatuta gelditu zen moduan.

Garbi dago Espainiako Estatuan eta Hego Euskal Herrian sektore eta estamendu boteretsu askok iraganeko dinamiketan iltzatuta jarraitzen dutela eta aurrerapausoak emateko deseroso sentitzen direla. Gogora dezagun, halaber, herri honetan garai berri bat irekitzeko, besteak beste funtsezkoa izan dela David Plak eginiko ekarpena.

Berriz diogu: ez da kartzelak betetzeko garaia, hustekoa baizik, bake eta askatasun agertoki berri bat eraiki nahi badugu.

Horregatik guztiagatik antolatu diren mobilizazioetan parte hartzeko dei egiten dugu.

2020-02-13

-
nazioartea

El Salvadorko kolpe instituzionalari ez!

Sortu alderdi-mugimenduak kezka agertu nahi du El Salvadorrek bizi duen egoerarekiko. Nayib Bukele presidenteak armada eta polizia mobilizatu zituen matxinadara deituz, Salvadorko Konstituzioaren 87. artikuluan oinarrituta. Matxinatzeko eskubidea Konstituzioan aitortutako eskubide bat da, herriari ematen zaiona, ordena konstituzionala berrezartzeko xedearekin.

Konstituzioaren legezkotasuna urratuz, Nayib Bukele presidenteak Kongresua militarizatu du biltzarkideei 109 milioi dolarreko mailegu bati buruzko beren eskakizunak onar ditzaten exijitzeko eta presionatzeko. Gertaera hori demokraziaren eta El Salvadorren bakea ahalbidetzen duten zutabeen aurkako ekintza larria da.

Militarren irudiak, kaleak eta Kongresua okupatuz, 70-80ko hamarkadako El Salvadorko diktadura eta gerra zibil garai ilunagoetara garamatza atzera.

Sortuk Estatu Kolpea salatzen du eta gure babesa adierazi nahi diegu El Salvarko herritarrei eta, larritasun eta ziurgabetasun uneak bizitzen egongo den El Salvadorko euskal komunitateari.

2020-02-10

-