KANPAINAK


ekonomia eta bizi baldintzak

Ekozidioa gelditu!

2021-11-01

Euskal Herrian ingurumenari kalterik handiena eragiten dituzten enpresak asko dira. Esanguratsuenak eta, era berean, boteretsuenak hauexek dira: Petronor (Muskiz), Exolum (Ribabellosa), Zabalgarbi (Alonsotegi), Sener (Neguri), FCC, Iberdrola (Bilbo), Energyworks (Gasteiz), REEren zentral elektrikoa (Ezkio-Itsaso), Bahia de Bizkaia (Zierbena), Boroako zentral termikoa (Zornotza), Cementos Rezola (Arrigorriaga eta Añorga), Cementos Portland (Olatzagutia), Cementos Lemona (Lemoa), Smurfit Kappa Group papertegiak (Iurreta, Zangotza), Papelera Guipuzcoana de Zicuñaga (Hernani), Sader (Bilbo), Befesa (Erandio), Magna (Zubiri), Indumetal (Asua) eta Valle de Odieta etxaldea (Kaparroso).

Horiez gain, honako azpiegitura eta egitasmoen mehatxutik salbu ere ez gaudela salatzen dugu: AHT, Super Surren anpliazioa Bolintxun, Armentia II-ko gas proiektua (Subilla Gasteiz), Zubietako erraustegia eta Verter Recycling honkakindegia (Zaldibar).

Euskal Herrian, ingurumena kaltetu duten enpresa eta azpiegiturak multinazionalen esku daude kasu gehienetan. Ekozidioa eragin dute etekin handiak irabazi dituzten bitartean, langileen bizi-baldintzei erreparatu gabe kasu askotan. Trantsizio ekologikoari heltzeko eztabaida betean, ekozidioa eragin dutenek ordain dezatela exijitzen dugu. Ez dezatela trantsizio ekologiko hori herritarren eta langileen bizi-baldintzak are gehiago prekarizatzeko eta haien mozkinak gizentzeko baliatu. Horregatik, politika ekosozialistak aplikatzeko beharra nabarmentzen dugu, trantsizio ekologikoa modu ordenatuan egiten ez bada kapitalismo basatiena nagusituko delako bestela. Norabide horretan, administrazioek esku hartzea ezinbestekoa da, politika sozialistak aplikatuta, herritar guztien eskubideak babesteko.

sortu

Inurri-lanaren bilduma

2021-07-28

Fanzine bat zabaldu dugu Sortuko kideen artean, egindako lanaren lagin txiki batekin, militanteon ahotik kontatua, gure mugimendu politikoaren erakusgarri. Sortu eta ezker abertzalea aldarri eta borroka eraldatzaile orotan izan direla ikus daiteke. Uzta emankor hori ikusita, harro egoteko moduko kapital politikoa eta humanoa dugula esan dezakegu.

Ezker abertzalean maiz darabilgu inurri-lanaren metafora. Olatu mobilizatzaileen urteak bizi izan ditugu. Herri bulkadaz ETAren zikloa modu ordenatuan itxi dugu, aro berri bat irekiz. Preso, iheslari eta deportatuen etxeratzeko bideari ekin diogu, mobilizazio jendetsuak eginez. Erabakitze-eskubidearen aldeko mugimendua behetik gora sustatzen ibili gara. Pentsio duinen aldeko borrokan, zaintza-grebetan eta -sareetan, indarkeria matxistaren aurkako olatuan, prekarietatearen aurkako borrokan eta enplegu duinaren aldekoan eskuz esku ibili gara beste milaka militanterekin batera. EH Bildun eta EH Bain buru-belarri aritu gara, eta indartu egin gara. Euskal Herria ipar hartuta, herriarekin, herritarron interesak defendatzen jardun dugu.

Mugimendu politiko gisa indartu behar dugu Sortu. Aurrez aurre ditugun erronkei modu eraginkorrean erantzuteko, galderak pausatu eta erantzunak bilatzen ari gara Kongresu prozesu honetan. Ezker abertzaleko kideon parte hartzea ezinbestekoa da, askapen borrokaren ekuazioan, konpromisoa garrantzitsua baita.

Deskargatu fanzinea


 

sortu

Lehenik herria!

2021-06-19

Gure herriaren burujabetza prozesua azkartzeko egiten dugu borroka. Sorturen lehentasuna Herria da, herritarrak gara. Hori da gure balioa: herrigintzan jardutea herriarekin batera, herrian urtuta. Herritarrak gara, herriaren alde.

Ezker abertzaleak bere etxekolanak egiten ari da. Berriz ere, herria bizkarrean hartu eta jauzi berri bat ematera goaz askapen prozesuan. Aldaketak onuragarriak izan dira euskal jendartearentzat eta norabide horretan ekarpena egiten segiko dugu. Euskal Herrian burujabetza eta eraldaketa soziala gauzatzeko dihardugu. Eraldaketa hori balio feministetan oinarrituta egiteko konpromisoa hartua du Sortuk. Gure burua eraldatuko ditugu feminismoak egindako ekarpenak gureganatuz.

Borrokak ekarri gaitu honaino. Duela 60 urte borrokaren alde egindako hautua onuragarria izan zen Euskal Herriarentzat eta bertako jendearentzat. Borrokak onurak dakartza eta aurrera begira ere jendearen bizitza erdigunean izango duen Euskal Errepublika lortzeko borroka ezinbestekoa izango da.

Zeri erantzun behar diogu Kongresuan?

nazioartea

Nakbarekin amaitu. Elkartasuna Palestinarekin

2021-05-11

Nakba hasi zenetik palestinarren kanporaketak ez du etenik izan. Azkena Zisjordaniako Sheij Jarrah auzoan gertatzen ari da. Han ari dira Israelgo Polizia eta kolonoak familia palestinarrak haien etxeetatik kanporatzen. Horrek palestinarren haserrea ekarri du eta kale-protesta nabarmenak eragin ditu.

Beste behin ere palestinarren esku hutsak eta Israelgo Armada zein Poliziaren arma sofistikatuak aurrez aurre ari dira. Ondorioa agerikoa da: 600 zauritu baino gehiago Zisjordanian, eta enfrentamendu militarra Gazako lurralde setiatuan; Israelen bonbardaketek 24 hildako eragin dituzte gutxienez, horietatik 9 haurrak.

SORTU erakundeak elkartasuna helarazten dio Palestinako herriari. Horrekin batera, Israelgo Estatuari, politika anexionistarekin amaitzeko exijitzen diogu.

Herri palestinarraren autodeterminazio eskubidea, burujabetza edota independentziarako eskubidearen aldeko deia egiten dugu. Palestinako herriak libre eta bakean bizitzeko eskubidea eskubidea du.

nazioartea

Irlandaren askatasunaren alde bizitza eman zuten lagunei

2021-05-05

Gaur duela 40 urte Bobby Sands Irlandaren askatasunaren alde bizia eman zuen lehen gose grebalaria izan zen, haien ereduak bizirik darrai.

Irlandaren Askatasunaren alde bizitza eman zuten lagunei.

Gure haurren irribarrea izango da gure mendekua. Bobby Sands