PRENTSA ARETOA


bakea eta bizikidetza

Voxen probokazio faxista eta Ertzaintzaren errepresioa saltzen ditu SORTUk

Vox alderdiak Bilbon gauzatutako probokazio faxistaren ondotik izandako gertakarien harira, honako hau adierazten du SORTUk:

1.- FAXISMOA ONARTEZINA DA
Onartezina da faxismoak egiten duen espazio publikoaren erabilera. Horrekin batera, mugimendu horrek daukan inpunitatea gogor salatzen dugu. Ulertezina da haien probokazio oro gauzatzen uztea.

2.- ERREPRESIOA SALATZEN DUGU
Ertzaintzak gauzatutako kaleen militarizazioa eta errepresioa gogor salatzen ditugu. Aurreko egunetan bezala, atzo ere Jaurlaritzaren Polizia bortizki oldartu zitzaien manifestariei. Berriz diogu: EAJ oker dabil errepresioaren bidetik.

3.- ATXILOTUEKIN ELKARTASUNA
Atxilotuei eta haien ingurune hurbilari elkartasuna helarazten diegu. Guztiak lehenbailehen aske uzteko eskaera egiten dugu.
 

2019-10-21

-
demokrazia eta erabakitzeko eskubidea

SORTUk Ertzaintzaren bortizkeria saltau eta atxilotuak aske uzteko exijitzen du

Ertzaintza bortizki oldartu zaie gaur justizia eza eta autoritarismoa salatzeko modu baketsuan kalera irten diren milaka gazteri, eta hogei bat lagun atxilotu dituzte. Hori dela eta, SORTUk honako hau adierazten du:

1. Elkartasuna

Atxilotuei eta haien inguruneari gure elkartasuna eta babesa helarazten diegu. Atxiloketak erabat lekuz kanpo daude. Era berean, lehenbailehen aske utzi ditzaten exijitzen dugu.

2. Salaketa

Ertzaintzak Bilbon eta Gasteizen erakutsi duen jarrera bortitza gogor salatzen dugu. Mobilizazioak bukatutakoan oldartu zaizkie Jaurlaritzaren poliziak manifestariei, oso modu bortitzean oldartu ere. EAJ oker dabil bide horretatik, errepresioa eta indarkeria albo batera utz ditzan exijitzen diogu.

3. Mobilizazioak

SORTUk bat egiten du Ernaik gaurko antolatu dituen mobilizazioekin, euskal gehiengo sindikalak biharko antolatu dituenekin eta etzi Gure Eskuk egingo duen manifestazioarekin. Amorrua kalera atera behar da. Eraso autoritarioen aurrean ez gaude geldirik. Hori dela eta, dei egiten diogu euskal jendarteari mobilizazio horietan guztietan parte har dezan.
 

2019-10-17

-
demokrazia eta erabakitzeko eskubidea

Urriaren 1ean Kataluniari elkartasuna agertzeko mobilizazioak egingo ditu SORTUK

SORTUk elkarretaratzeak egingo ditu datorren asteartean, urriaren 1eko Erreferendumaren bigarren urteurrenean, Kataluniako herria pairatzen ari den errepresioa salatzeko eta hango mugimendu independentistari elkartasuna agertzeko.
“Autodeterminazioa ez da delitua, Euskal Herria eta Katalunia elkarrekin bat” lelopean. Honako hauek izango dira urriaren 1ean aurreikusitako mobilizazio-hitzorduak:
• Bilbo: Arriaga Plazan (20:00)
• Gasteiz: Andre Mari Zuriaren Plazan (19:30)
• Donostia: Artzai Onean (19:00)

2019-09-04

-
bakea eta bizikidetza

Estrasburgoren ebazpenak gabezia juridiko, politiko eta etiko larriak dauzka

SORTUk harriduraz eta atsekabez jaso du Europako Giza Eskubideen Auzitegiak gaur kaleratutako ebazpenaren berria, estatu-terrorismoak eragindako biktimen kalte-ordainei buruzkoa, bakean eta bizikidetzan aurrera egiteko gabezia juridiko, politiko eta etiko larriak dauzkana.

Alde juridikotik, sinistezina da ebaztea kalteordainak ukatzeak ez duela errugabetasun-printzipioa urratzen. Orain arte horrelako baieztapen larririk ez da adierazi. Biktimak umiliatzeko baino ez du balio.

Politikoki, estatu-terrorismoak izandako zigorgabetasuna areagotu besterik ez du egiten ebazpen honek. Egia, aitortza eta erreparazioan sakondu beharrean, kontrako norabidea hartu du Estrasburgok. Herri honek bake eta bizikidetza agertoki berri bat eraikitzeko determinazioari mesederik ez dio egiten.

Ikuspegi etikotik, gisa honetako ebazpenek biktima batzuk ikusezin bihurtzen dituzte, berriz ere, eta kategorizazio bat ezartzen du biktimen artean. Horrek batzuen birbiktimizazioa areagotu besterik ez du egiten. 
 

2019-07-18

-
bakea eta bizikidetza

Josu Urrutikoetxea kontrol judizialpean aske uzteari buruz

Josu Urrutikoetxea behin-behinean aske uztea berri ona dela uste du SORTUk. Norabide egokian hartutako erabakia da. Auzitegiak kontuan hartu du Euskal Herriko azken urteotako bilakaera politikoa eta Josu Urrutikoetxeak bete duen papera. Izan ere, Josu Urrutikoetxea izan zen da bakearen aldeko konpromiso handiena erakutsi duen etakideetako bat. Hain zuzen, berak jarri zion ahotsa ETA desegin zeneko agiriari. Bera izan zen zen ETAren indarkeria euskal politikagintzako ekuazio politikotik behin-betiko ateratzeko protagonista nagusietako bat.

Euskal gizartearentzat albiste itxaropentsua da. Epailearen erabaki honek erakusten du Euskal Herrian posible dela bakean, demokrazian eta bizikidetzan oinarritutako agertoki berri bat eraikitzea eskema zaharrak alboratuta, gatazkaren konponbidean dauden korapilo konpon baitaitezke nagusiak hitz eginaz eta adostasunetara iritsita.

Madrilentzako irakasgai garrantzitsua izan beharko luke gaur Parisen hartutako erabaki honek. Utzi egin beharko lioke euskal gizarteak bake agertoki baten alde erakutsi duen determinazioa zangotrabatzeari. ETA desagertu zen, ETAren biolentzia betiko desagertu zen baina herri honetan biolentziak izan badira: estatuen biolentziak indarrean jarraitzen dute. Azken batean, dispertsio politika indarrean mantentzea ere biolentzia da. Gaixorik larri diren presoak espetxean mantentzea biolentzia da. Onen eta gaiztoen, justuen eta injustuen, garaileen eta garaituen errelato bat inposatzen saiatzea ere biolentzia delako. Eta, nola ez, Euskal Herriaren, Kataluniaren eta Estatuko gainerako herrien autodeterminazio eskubidea indarrez galaraztea ere biolentzia delako.

Zentzu horretan, dei egiten diogu estatu espainiarrari eta PSOEri egin dezatela behingoz, bere garaian ezker abertzaleak egin zuen bezalaxe, estrategia demokratiko eta baketsu baten aldeko apustua. Egin diezaiotela behingoz uko beren biolentziari. Egin dezatela behingoz apustu bakearen alde, demokraziaren alde eta herri honen eskubide nazionalak eta sozialak errespetatzearen alde.
 

2019-06-19

-