PRENTSA ARETOA


bakea eta bizikidetza

David Plari ezarritako kautelazko neurriak bertan behera uzteko exijitzen dugu

David Plaren atxiloketak eta espainiaratzeak ez zuten inoiz gertatu behar. Joan den astean salatu genuen oinarrian muntaia polizial bat eratu zela haren aurka jarduteko. Espainiako Auzitegi Nazionalak gaur Plari ezarri dizkion kautelazko neurriak bertan behera gelditzeko exijitzen dugu: Espainiako Estatutik ireteteko debekua ezartzean, haren familiarekin etxean bizitzea debekatu diote, Lapurdin bizi baita.

Herri honetan garai berri bat irekitzeko, besteak beste funtsezkoa izan da David Plak eginiko ekarpena. Alabaina, estamendu boteretsu askok iraganeko dinamikei eutsi nahi diete kosta ahala kosta. SORTUk adorea eskatzen dio Estatuari behingoz benetako urratsak egin ditzan.

2020-02-19

-
bakea eta bizikidetza

Muntaia polizialik ez. David askatu!

David Plaren atxiloketa salatzen du SORTUk, eta berehala aske utz dezaten exijitzen du. Muntaia polizial baten aurrean gaudela esan dezakegu, leporatzen zaizkion egitateek ez baitute oinarri juridikorik, ikerketan frogatuta gelditu zen moduan.

Garbi dago Espainiako Estatuan eta Hego Euskal Herrian sektore eta estamendu boteretsu askok iraganeko dinamiketan iltzatuta jarraitzen dutela eta aurrerapausoak emateko deseroso sentitzen direla. Gogora dezagun, halaber, herri honetan garai berri bat irekitzeko, besteak beste funtsezkoa izan dela David Plak eginiko ekarpena.

Berriz diogu: ez da kartzelak betetzeko garaia, hustekoa baizik, bake eta askatasun agertoki berri bat eraiki nahi badugu.

Horregatik guztiagatik antolatu diren mobilizazioetan parte hartzeko dei egiten dugu.

2020-02-13

-
nazioartea

El Salvadorko kolpe instituzionalari ez!

Sortu alderdi-mugimenduak kezka agertu nahi du El Salvadorrek bizi duen egoerarekiko. Nayib Bukele presidenteak armada eta polizia mobilizatu zituen matxinadara deituz, Salvadorko Konstituzioaren 87. artikuluan oinarrituta. Matxinatzeko eskubidea Konstituzioan aitortutako eskubide bat da, herriari ematen zaiona, ordena konstituzionala berrezartzeko xedearekin.

Konstituzioaren legezkotasuna urratuz, Nayib Bukele presidenteak Kongresua militarizatu du biltzarkideei 109 milioi dolarreko mailegu bati buruzko beren eskakizunak onar ditzaten exijitzeko eta presionatzeko. Gertaera hori demokraziaren eta El Salvadorren bakea ahalbidetzen duten zutabeen aurkako ekintza larria da.

Militarren irudiak, kaleak eta Kongresua okupatuz, 70-80ko hamarkadako El Salvadorko diktadura eta gerra zibil garai ilunagoetara garamatza atzera.

Sortuk Estatu Kolpea salatzen du eta gure babesa adierazi nahi diegu El Salvarko herritarrei eta, larritasun eta ziurgabetasun uneak bizitzen egongo den El Salvadorko euskal komunitateari.

2020-02-10

-
bakea eta bizikidetza

Larunbatean Bilboko eta Baionako kaleetan olatua sortzeko dei egiten du SORTUk

Bilboko eta Baionako karrikak olatu erraldoi bihur daitezen, larunbatean Sarek ‘Atera Bidera. Orain Presoak’ lelopean deitu duen manifestaziora joateko dei egin du SORTUk. Olatua sortu eta denon artean mugitu behar dugu, egoera astintzeko, Parisko eta Madrilgo agintariak behingoz mugiarazteko eta salbuespeneko egoera anker hau betiko amaitzeko, gure herriak behingoz bake eta askatasun agertoki bat eraiki dezan.

Euskal preso politikoen egoera konpontzeari dagokionean, ez dugu espero Espainiako Gobernu berriak urrats ausartik egingo duenik jendartearen eta eragileen bulkadarik ezean. Jakin badakigu hori ez dela berez gertatuko. Horregatik da garrantzitsua asteburuan kaleak betetzea, eratu berri den Gobernuak presoak etxera bidean jarriko dituen egitasmoari behingoz hel diezaion.
 

2020-01-09

-
sortu

Sorturen Kontseilu Nazionalak aho batez babestu du EH Bilduren mahai politikoak oinarriei luzatu dion abstentzioren aldeko proposamena

EH Bilduren mahai politikoak oinarriei galdetuko die Espainiar Erreinuan PSOE eta Unidas Podemosen arteko koalizio gobernuari bide emateaz. Mahaiak posizioa finkatu eta proposamena luzatu du: EH Bilduren bost diputatuek abstentzio aktiboaren bidez Pedro Sanchezen inbestidura ahalbidetzea. Horretarako arrazoiak ere azaldu dizkio kidegoari.

Bada, Sorturen Kontseilu Nazionalak aho batez bat egin du EH Bilduren mahai politikoaren irakurketatekin eta proposamenarekin.

Hauteskunde kanpainetan lau lehentasun finkatu genituen: 1.-Inboluzioari eta autoritarismoari aurre egitea; 2.-Azken urteotako politika eta neurri neoliberalak atzerarazi eta langile eta herri sektoreen lan eta bizi baldintzak hobetzea; 3.-Euskal Errepublika helburu, 78ko Erregimenaren krisian sakondu eta gure herriaren autodeterminazio eskubidea eskuratzea; 4.-Euskal preso, iheslari eta deportatu politikoak etxeratzea.

Ez gara inozoak; ezagun zaigu PSOEren historia iluna, baita ere Podemos-ek, ibilbide laburra izanagatik, dagoeneko metatu duen huts egite eta errenuntzia-soka luzea. Ezin eszeptikoagoak gara, beraz, gobernu horrek egin nahi/ahal izango duenarekin. Guztiarekin, baina, PSOE eta Unidas Podemosen gobernu hori aipatu lehentasunetan aurrera egiteko aukera gehien eskaintzen duen eskenatokia delakoan gaude.

Edonola ere, espainiar gobernutan ez, gure herriarengan dugu guk konfiantza. Beti bezala, herri indarra, aktibazio soziala eta borroka izango dira aipatu lehentasunetan aurrera egin eta garaipenak lortzeko giltza.

Dei egiten diogu ezker abertzaleko oinarriari EH Bilduren mahai politikoak deitutako kontsultan parte hartzera eta bere proposamena babesteko.

 

Sorturen Kontseilu Nazionala, 2019ko abenduaren 31n

2019-12-31

-