KANPAINAK


bakea eta bizikidetza

Preso Politikoen Nazioarteko Eguna

2019-04-02

Apirilaren 17an, Preso Politikoen Nazioarteko Egunean, euskal preso, iheslari eta deportatu politikoak etxean libre behar ditugula aldarrikatuko dugu. Azken urteetan, espetxe-politikaren aldaketa aldarrikapen sozial garrantzitsu bihurtu da Euskal Herrian. Kontuan dugu Estatuak espetxe-politika darabilela askapen-prozesua baldintzatzeko. Espainiako Estatua ezartzen ari den blokeoari aurre egin behar diogu, beraz, mobilizazioaren, indar metaketaren eta ezeberdinen arteko akordioak bultzatuz.

Preso Politikoen Nazioarteko Egunaren testuinguruan, aurten Lemoan egingo da ekitaldi nazionala, apirilaren 19an. 17:00etik aurrera hango frontoian parte hartzeko deia egiten dugu.

demokrazia eta erabakitzeko eskubidea

Kolpez Kolpe

2019-03-16

SORTUk sakon aztertu du Nafarroako erregimena zer den eta garrantzitsua deritzo Aldaketa zertan den ulertaraztea. Erregimena sare politiko-instituzionalaz harago doan zerbait da. Nafarroako Erregimena sistema juridiko-politiko, ekonomiko, sozial eta kultural bat da, elite espainiarzale atzerakoien nagusitasuna eta Espainiarekiko menpekotasuna posible egiten dituena. 

Aldaketak Erregimenaren harresian arrakala sortu du, baina harresia botatzeko asko dago egiteko, aldaketa prozesua indartu eta azkartu beharra dago.

Irakurri txostena hemen:

http://sortu.eus/fitxategiak/prentsaaretoa/1553523493.pdf

bakea eta bizikidetza

Hau ez da justizia. Altsasukoak askatu!

2019-03-08

Espainiar Estatuan 13 urteko kartzela zigorra ezarri berri zaie gazte batzuei taberna batean izandako borroka bategatik. Espainiar Estatuan txiolariak, raperoak eta titiriteroak kartzelaratu egiten dituzte. Espainiar Estatuan une honetan Kataluniako lider politikoak epaitzen ari dira eta 25 urtera arteko espetxe zigorrak ezarri nahi dizkiete, zergatik eta erreferendum bat deitzeagatik. Eta espainiar Estatu honetan, bien bitartean, aldi berean milaka eta milaka genozida frankista, milaka eta milaka torturatzaile, ustel edo hamarnaka bortxatzaile, Manadakoak bezalaxe, kalean dira. Horixe da espainiar Estatuaren benetako izaera.

"Kalera atera beharra dago beste behin ere, Altsasukoen askatasuna aldarrikatzeko eta exijitzeko. Baina batez ere kalera atera beharra dago geure herrien askatasuna exijitzeko. Askotan esan dugun bezalaxe, ez katalanek ez euskal herritarrek ez dugu benetako demokraziarik ezagutuko espainiar Estatuaren menpe jarraitzen dugun artean.

borroka feminista

Politika feministaren garaia da!

2019-03-04

XXI. mendeko iraultzak emakumeon eta herrion izena du. Lurraldea behar da bizitza erdigunean jarriko duen antolamendu ekonomiko eta politikoa gauzatzeko. Era berean, burujabetza eta boterea behar dira lurralde honetan bizi den komunitateak trantsizio feminista gara dezan. Feminismoa behar da, bizitzak erdigunean kokatu eta justizia soziala gauza dadin.

Feminismoaren eta askatasunaren kontrako ofentsiba mundu zabalean indartzen ari den honetan, Euskal Herria aukera bilakatzen da. Euskal Herriko Mugimendu Feministak eskatu du Itun Sozial berria eraikitzea. Inoizko baldintza soziopolitiko egokienak ditugu demokrazia eta emantzipazioan urratsak emateko, feminismoa ardatz duen jendarte baterantz ibilbidea hausnartu, adostu eta jorratzeko.

Emantzipazio-borroken historian ezagunak dira aurrera eta atzera urratsak, lortutako espazioak eta galdutako eskubideak. Orain, lorpenak ondo lotzea dagokigu, aurrera egiten jarraitzeko. Galtzen ari garenaren defentsa soilean baino, eredu berri baten eraikuntzan kokatu behar dugu.

bakea eta bizikidetza

Torturaren aurkako eguna

2019-02-13

Torturaren aitortza instituzionalean aurrerapausoak lortu ahal izateko, SORTUk exijitzen dio Nafarroako Gobernuari herrialdean izandako tortura kasuak ikertzeko baliabideak abia ditzan. Pauso horiek garrantzi berezia dute, biktimen aitortza eta erreparazioa lortze aldera eta etorkizunean berriro ez gertatzeko bermeak ezartze aldera. Iaz, Jaurlaritzako Giza Eskubideen idazkaritzak Kriminologiaren Euskal Institutuari eta EHUri enkargatutako txostenaren aurkezpenari esker aurrerapauso garrantzitsuak eman ziren torturaren aitortzan. Torturaren erabilpena sistematikoa izan dela ondorioztatzeko baliagarria izan da, gainera.

Espainiako Estatuak beti ukatu izan du tortura. Torturaren existentzia eta erabilpen sistematikoak agerian uzten ditu gatazkaren existentzia eta aktore ezberdinen inplikazioa, indarkeria alde ezberdinek erabili baitzuten. SORTUren aburuz, garrantzi berezia du biktima guztien aitortza integrala jasoko duen errelatoa indartzeak. Torturaren errealitatea aitortu behar da, irtenbideak bilatu eta justizia trantsizionalerantz pausoak emateko. Azken batean, torturapean egindako deklarazioen ondorioz pertsona ugarik urte luzeak eman dituzte espetxean edo espetxeratuta jarraitzen dute.

Tortura gure herriaren aurka erabilitako tresna izan da. Azken batean, 78ko erregimen posfrankistak tortura baliatu du herri honi dagozkion eskubideak gauzatzeko borondatea oztopatzeko eta bortizkeriaren bidez konfrontazioa inposatzeko.