Pandemiak areagotu duen krisi egoerari aurre egin behar diogu. Krisia ezin dute betikoek ordaindu, eragin dutenek baizik. Horretarako, langileekin, feministekin, pentsiodunekin, migratzaileekin, gazteekin... eskuz esku borrokatuko gara instituzioetan eta, batez ere, kalean. Sakoneko eraldaketa behar dugu, bizitza eta haren zaintza erdigunean jarriko dituen zibilizazio berri bat lortzeko.
Estatu izan behar dugu, gero eta gehiago. Espainiarekiko eta Frantziarekiko dependentzia hausteko tresnak eskuratu behar ditugu. Hori da egun Euskal Herriak duen erronka, Hori da eromen neoliberal honekin amaitzeko bide nagusia. Jendarte kontziente, kritiko, mobilizatu eta engaiatua behar dugu, Estatu egiturak eratu behar ditugu, Euskal Errepublika bat, demokratikoa, sozialki justua, feminista eta planetarekin errespetukorra behar dugu
Erronka horiei modurik eraginkorrenean erantzute aldera, galderak pausatu eta erantzunak bilatu behar ditugu; erantzun politikoak eta organizatiboak. Gaur, atzo bezala, gakoa antolakuntza eta borroka da.
Euskal preso, iheslari eta deportatu politikoen etxeratzean urrats kualitatiboak ematen jarraitu behar dugu.
Sortun praktika feminista garatzeko urrats berriak emateko erronka dugu eskuartean. Duela lau urte Plan Feminista osatzeko eta martxan jartzeko konpromisoa hartu genuen. Hala egin dugu, baina norabide horretan Kongresu hau baliatu nahi dugu urrats kualitatiboak emateko eta emakumeon parte hartzea biderkatzeko maila guztietan. Zentzu horretan, militante feministoi egiten duzuen lana eskertu nahi dizuegu, ez baita erraza, baina zuek gabe ezinezkoa litzateke egin nahi dugun bidea, eraldaketa feminista osoa gauzatzea.