AKTIBISMOA


ekonomia eta bizi baldintzak

Krisia kapitalak ordain dezala

2020-06-06

Iberdrola Dorretik Bizkaiko Foru Aldundira joan gara #Covid_19-ak eragin duen krisiari aurre egiteko erabaki ausartak eta norabide aldaketa bat behar direla aldarrikatzeko, ez “normaltasun” zaharrera itzulera. Gehien duenak gehiago ordaindu behar du, zerbitzu publikoetan inbertsioak handitzeko eta krisiari aurre egiteko.

Iberdrolak 2019an 3.406.000.000 €-ko irabaziak izan zituen. BBVAk 4.830.000.000 €-ko irabaziak. Foru Aldundien esku dago irabazi handiak dituzten enpresi eta fortuna handiei #CovidTasa bezalako elkartasun zergak ezartzea.

#LehenikHerria

gora herria

Black lives matter

2020-06-05

Africa United kultur arteko elkarte antiarrazistako kideek eta SORTUko militanteek, performance erako protestaldia egin dute ostiral goiz honetan Iruñean, arrazakeria eta bortizkeria poliziala salatzeko. AEBetan George Floyden hilketaren harira, gaurko ekimenak gogora ekarri digu Errotxapea auzoan antzeko hilketa arrazista gertatu zela 2016an: Elhadji Ndiaye senegaldarra Polizia espainiarraren esku zegoela hil zen. 

Euskal Herrian ere ez gaude arrazkakeria eta indarkeria polizialetik salbu. Salaketa hori plazaratu dute SORTUko eta Africa United elkarteko kideek gaur goizean, Espainiako poliziak Elhadji Ndiaye hil aurretik atzeman zuen lekuaren aurrean. Lore eskaintza egin ondoren, ekimenean parte hartu dutenak belauniko jarri dira ukabila altxata, berriki AEBetako Poliziari aurre egin zion emakume beltzak egin bezala. 

Arrazismoaren eta polizia bortizkeria salatzeko protestaldiaren ostean, Modou Fayek eta Ainhoa Urrutiak nabarmendu dute kazetarien aurrean gu guztion bizitzek inporta dutela. “Arrazakeria estrukturala, estatu arrazakeria eta lege arrazista eta inhumano guztiekin amaitzeko borrokatuko dugu. Guztiok barneratuta dugun arrazakeriaren aurka borrokatuko dugu. Milaka lagunek ikusi, sentitu eta pairatzen duten, eta beste guztioi gure buruetan horrenbeste ikustea kostatzen zaigun arrazakeria horren aurka”, adierazi dute, eta faxismoaren eta arrazakeriaren aurka borroka egitearen garrantzia nabarmendu dute.

gora herria

Desparasitazio Kanpaina Nazionala

2020-01-28

Zer dira parasitoak?

Besteek egiten dutenaz elikatzen dira, eta horrenbestez kalteak eragiten dizkiete besteei. Bestela esanda, gainerakoen edota gizartearen bizkar bizi dira.

Zertan eragiten digute?

  • Aseezinak dira: beti gehiago nahi dute. Ahalik eta etekinik handiena lortu nahi izaten dute besteen kontura. Gainera, berdin zaie beste horiek pertsona xumeak diren ala ez; berdin zaie langileak, pentsiodunak edota eskaleak badira.
  • Egoista hutsak dira: ez daude prest gizarteari ekarpenik egiteko, haien fortuna besteen ahaleginari esker lortu badute ere. Ez dute zergarik ordaindu nahi.
  • Boteretsuak dira: gobernuengan eragiten dute etekin handiagoak lortzeko. Murrizpen, salbuespen eta hobari fiskal ugari dituzte. Haien fortuna paradisu fiskaletan gorde ohi dute. Haien egoerak okerrera eginez gero, erreskateak edo amnistia fiskalak lortzen dituzte.
  • Ez dute mugarik: nahiago dute gizarte dual bat, desberdintasun sozial handiekin. Sektore pribatua eta haien negozioak indartzeko lan egiten dute, sektore publikoaren eta haren bermeen kaltetan.

Nola egin aurre?

  1. Kontzientzia hartuz: desparasitatutako gizarte bat askoz justuagoa eta berdintsuagoa izango litzateke, langile-klasearen bizkar bizi diren parasitorik gabe.
  2. Egunero lan eginez eta mobilizatuz: pentsio duinen alde (1.080 euro); pentsio-sistema propioaren alde; gure eros ahalmena murriztu duten lan-erreformak baliogabetzearen alde; lan-hitzarmen propioen alde; soldata duinen alde, pobretutako langilerik egon ez dadin (1.200 euro gutxienez); beka-sistema propioaren alde; guk geuk hemen erabaki dezagun, inolako injerentzia eta inposaketarik gabe.
  3. Urtarrilaren 30eko Greba Orokorrarekin bat eginez.

 


 

 

bakea eta bizikidetza

Euskal preso, iheslari eta deportatuak etxera!

2019-12-30

Bada garaia Espainiako Gobernuak espetxe politika berri bat abian jartzeko. Euskal preso, iheslari eta deportatu guztiak etxeratzea herri gisa dugun erronka da. Ezinbestekoa da bakea eta bizikidetza eraikitzeko preso guztiak etxeratzea. Bide orri partekatu bat adostu behar dugu horretarako presoak, gizarte zibileko erakundeak eta instituzioen artean.

Bilboko gabonetako izotz pistan, presoei gure elkartasuna eta maitasuna adierazteko ekimena egin dugu.

gora herria

Konstituzioari txistu ozena

2019-12-06

Espainiako ereserkiari ozen egin diogu txistu Bilbon, Gobernuaren Ordezkaritzaordetzaren aurrean, Konstituzioaren egunaren harira. Ekintza baten bidez, Espainiako erregimena herrien eta pertsonen kartzela dela salatu du SORTUk, eta 78ko Erregimenarekin hausteko beharra nabarmendu du, autodeterminazio eskubidea eta askatasuna eskuratzeko.

Plaza eliptikoan, buruz behera esekita agertu dira Francoren, Felipe Borboikoaren eta Juan Carlos Borboikoaren erretratu erraldoiak. SORTUko 35 aktibista Gobernuaren ordezkaritzaordeara begira paratu eta hizki batzuk zabaldu dituzte, “España, herrien kartzela” esaldia eta “askatasuna” hitza osatuz. Orduan, megafoniatik Espainiako ereserkia entzuten ahal izan da, baina, txistukada ozen batek estali egin du musika.

Espainiako ereserkiari egindako txistukadaren bidez, Konstituzioa salatu du SORTUk. Urtza Alkorta bozeramailearen esanetan, “Konstituzioak ez zuen frankismoarekin hautsi eta Francok ezarritako bi oinarriak bere egin zituen: Espainiaren batasuna eta kapitalismoa. 78ko erregimena elite ekonomikoen eta oligarkiaren mesedetan aritu da eta ari da, langile-klasearen kaltetan. 78ko erregimena, horrenbestez, herrien eta pertsonen kartzela dugu. Guk argi dugu: beharrezkoa da 78ko erregimenarekin haustea, askatasuna eta autodeterminazio eskubidea gauzatzeko”.