PRENTSA ARETOA


borroka feminista

Indarkeria matxistaren aurrean tolerantzia zero eta balio feministak

Ohar honen bidez Zarauzko eraso matxistaren harira sortu den harrabotsa dela eta Sortuk ondorengoa adierazi nahi du:

1. Tolerantzia zero. Aski ezaguna da Ezker Abertzalearen konpromisoa eta irmotasuna bai indarkeria matxistaren kontra bai, oro har, gizartearen eta ezker abertzalearen beraren eraldaketa feministaren alde. Ezker abertzaleak indarkeria matxistari aurre egin izan dio beti; beti salatu ditu eta salatuko ditu eraso matxistak, izan jendartean gertatuak, izan gure komunitatearen baitan gertatuak. Izan ere, ezker abertzalea jendartearen parte denez gero, estrukturala den matxismoak, zoritxarrez, gure komunitatea ere alderik alde zeharkatzen baitu. Horregatik daukagu indarkeria matxista kasuak kudeatzeko barne protokoloa, dagoeneko hogei urte bete dituena eta, mugimendu feministako zenbait kideren nahiz aditu ezberdinen laguntzaz, aurten berritu eta zorroztu duguna. Bada, barne protokolo horren bidez, gertatutako eraso guztiak eta haietako bakoitza bana-banan aztertu eta kudeatu izan dugu. Inoiz ez dugu zalantza izpirik izan hartu beharreko neurri eta erabakiak hartzeko, edozein zirelarik ere kontestua, erasoaren egilea edota neurri horiek hartzearen ondorioak. Hala erakusten du hemerotekak. Eta hala erakusten du Zarauzko kasu honek ere, erasoaren berri jakin orduko erasoa egin zuen kidearen militantzia eten baikenuen, baita Barne Protokoloan aurreikusitako gainerako urratsak egin ere. Beraz, inork ezin dio leporatu ezker abertzaleari eraso matxisten aurrean beste aldera begiratzea edo erasotzailea ezker abertzalekoa denean berau babestea. Tolerantzia zero izan da eta izango da gure leloa hitzez eta ekintzez.

2. Erasoa jasan duen pertsona erdigunean. Hori da gure Barne Protokoloaren oinarri nagusietako bat. Protokoloan jasotako urratsak egiteko erasoa jasan duen pertsonaren borondatea kontutan hartzen dugu beti. Zarauzko kasuan ere hala izan da. Erasoa jasan duen pertsonaren borondatea izan da orain arte eraso matxista hau publikoki ez salatzea eta Sortuk borondate hori errespetatu baizik ez du egin. Hala ere, erasotuak babes nahikorik gabe sentitu dela badio, guk onartu eta errespetatu beste aukerarik ez dugu. Prozesu hauek konplexuak eta delikatuak dira, eta beti ez da asmatzen. Aitzitik, ez da egia erasoa ezkutatzen edota erasotzailea babesten saiatu garenik. Ez dugu akusazio hori inondik inora onartzen.

3. Balio ezkertiar eta feministak, eraldaketarako oinarriak. Oro har, gizartean baina, zoritxarrez, baita ezkerreko sektore batzuetan ere dagoen pultsio punitiboak kezkatzen gaitu. Sortuk hala feminismoaren balioetan nola haren justiziaren kontzepzioan sinisten du: erasoa jasan duenaren erreparazioan eta, posible den kasuetan eta posible den heinean, behintzat, erasoa egin duenaren heziketa feministan eta berreskurapenean. Sorturen protokoloaren printzipio nagusiak horiek dira.

4. Sektore jakin batzuen aldetik Sorturen nahiz ezker abertzalearen izena eta izana kaltetzeko nahia salatzen dugu, oraingoan gai honekin. Baita, saiakera horretan, beste behin ere, komunikabide jakin batzuen kolaborazio ordainezin eta sutsuarekin kontatu izana ere, zeintzuk, Sorturekin inolako kontrasterik egin gabe, albistearen bertsio bakarra eman eta titularretara gezurrak eraman dituzten. Bada, halako jokabide maltzurrekin, fabore gutxi egiten zaizkio bai borroka feministak urte luzeetako borrokaren bitartez lortutakoei, baita erasoa jasan duen pertsonak dituen beharrei ere.

2020-06-05

-
nazioartea

SORTU atsekabetuta dago Jacinto Suarez buruzagi sandinistaren heriotza dela eta

SORTUk atsekabea adierazten du Jacinto Suarez Espinozaren heriotza dela eta. Suarez Iraultza Sandinistaren liderretako bat izan zen eta gaur egun diputatua zen eta FSLNko nazioarteko harremanen arduradun.

Doluminak helarazten dizkiegu bai familiari eta gertukoei, bai Frente Sandinistari eta Nikaraguako herri osoari ere.

Jacinto Suarez Espinoza oso gaztetatik sartu zen FSLNn Somoza diktadorea boteretik kendu eta Nikaragua justuago eta oparoago bat eraikitzeko asmoz. Bere bizitza osoa kausa sandinistari eskainia egon zen.

Galera honen aurrean, jaso ezazu gure besarkada solidarioa.

Que la tierra te sea leve.
Agur eta ohore, Jacinto!

2020-04-02

-
bakea eta bizikidetza

Lannemezango presoek Eliseoraino eraman nahi dute Esnal, Haranburu eta Paroten askatasunaren aldeko oihua

Lannemezango euskal preso politikoen Kolektiboko kideek Jakes Esnal, Xistor Haranburu eta Jon Paroten askatasuna exijitzeko ekimena abitu dute, eta dei egin diete herritarrei eskutitz masiboak bidaltzeko Emmanuel Macron presidenteari eta Nicolle Belloubet Justizia ministroari. Horrekin batera, eskutitz ereduak ere prestatu dituzte inprimatu eta postaz bidaltzeko.

Lannemezango presoek honela aurkeztu dute ekimena:

"Guk, Lannemezango euskal preso politikoen Kolektiboko kideok, Jakes ESNAL, XISTOR HARANBURU eta Jon PAROT euskal presoen askatasuna eskatzeko ekimena abian eman dugu. apirilaren 4an, Jakes ESNAL, Frederick HARANBURU eta Jon PAROTek haien presoaldiaren 31. urtea hasiko dute. Noiz arte egon beharko dute preso?

"Frantses estatuak, Estatu espainiarrean gertatu egitateengatik Jakes ESNAL, Xistor HARANBURU eta Jon PAROT bizi arteko zigorrera kondenatu zituen. Espainian epaitu eta kondenatu balituzte neholako hertsadurarik gabe libre lirateke.

"Hurrenez hurren 69, 66, eta 68 urte dituzte, eta 10 urte baino gehiago dira baldintzapeko askatasuna eskuratzeko baldintzak betetzen dituztela. Zigorren Aplikaziorako auzitegi antiterroristak azken baldintzapeko askatasun eskaerak onartu baldin baditu ere, ministerio publikoak dei egitea erabaki du. Helegite auzian, Helegite Auzitegiak ministerio Publikoaren argumentu zentzugabe bezain funsgabekoak bere egin zituen. Besteak beste, berriz ere borroka armatuan sartzeko arriskua, goizegi eginiko esakera… agertzen dira.

"Aski da! Baitezpadakoa da frantses estatuak Bake Prozesua eta zentzu horretan eginiko ahaleginak kontuan hartzea. Jakes ESNAL, Xistor HARANBURU eta Jon PAROT askatu behar dira. 2017an, frantses Errepublikako Lehendakariari zigor ordezte eskaera helarazi zitzaion. Emmanuel Macronek eskaera hori izenpetuko balu, bizi arteko zigorra 30 urteko kartzela zigor bilakatuko litzateke. Jakes ESNAL, Xistor HARANBURU eta Jon PAROT kartzelatik aterako lirateke. Gure ekimenaren helburua, euskal gizartearen oihuaren oihartzuna Eliseoraino iristea da, Errepublikako Lehendakariak zigor ordezte hori izenpetu dezan.

"Horretarako, gutun bat idatzi dugu eta igor dezazun proposatzen dizugu.

"Ekimena, 1. partea: Posta bidezko gutun igortze masiboa

"Datak: martxoaren 25aren eta apirilaren 8aren artean".

 

  • Helbideak:

Emmanuel MACRON

Président de la Répiblique

Palais de l’Elysée,

55 rue du Faubourg-Saint-Honoré

75008 Paris, France
 

Nicole BELLOUBET

Ministre de la Justice

13 Place Vendôme

75001 Paris

 

Collectif de prisonniers.e.s politiques basques de LANNEMEZAN

2020-03-26

-
nazioartea/eskala politikoa

Osasuna eta errepublikak

Junts Per Catalunya, Crida Nacional, PDeCAT, CUP, BNG, EH Bildu, ERC, Més por Menorca, Esquerra Valenciana, Més por Mallorca eta Demòcrates de Catalunya alderdiek honako testu bateratu hau izenpetu dute:

Gogor kolpatzen ari zaigu osasun, zaintza eta jendarte larrialdi betean ezagutu da borbondarren enegarren ustelkeria. Espainiar Estatuko populazioa aspaldiko egoerarik larrienean murgilduta badago ere, estatu-buruak bere irudia zuritzeari ekin dio, eta Gobernuak egoera baliatu du zentralizazio joera zaharrak areagotzeko.

Gaizki kudeatzen ari dira erronka hau, ardurarik gabe, berriz ere eliteen interesak lehenesten ari direlako. Hau guztia herritarrentzat zein herrientzat kalte ikaragarria da, eta hondamendi honen aurrean protesta egin beharra dago, berau gainditzeko bide alternatiboak eraikitzeaz batera.

Errealitatearen larritasuna dela eta, uste dugu espainiar erresumaren baitako herri ezberdinetako mugimendu soberanistok geure bidea egin behar dugula, nork bere herrian eta elkarlanean espainiar Estatuaren aitzinean. Deialdia egiten dugu, honenbestez, martxoaren 18 honetan, espainiar erregearen diskurtso telebisatuaren iragarri duten ordurako, 21:00etarako, balkoi eta lehioetara atera eta zarataren bidez gure haserrea adierazteko. Lapikoak astin ditzagun, lehenbailehen monarkiari agur esan eta herrien errepublikak sortzeko premia adierazteko.

2020-03-18

-
bakea eta bizikidetza

Zabal daitezkeen aukera posibleak zapuzteko saiakera da Auzitegi Nazionaleko gaurko zitazioa

Ezker abertzaleko sei militanteri deklarazioa hartu diete gaur Auzitegi Nazionalean eta beste sei kide deituak daude datozen asteetan deklaratzeko. Auziak helburu garbi bat du: independentismoak Estatuan ahalbidetu duen agertoki berriak zabal dezakeen edozein aukera zapuztea. Urtarrilaren 20an, ezker abertzaleko lau kide atxilotu zituztenean, esan genuen operazio horren guztiaren atzean Estatu Sakona zegoela, eskuin-mutur polizial, judizial eta mediatikoa.

Gertatzen ari dena ez da kasualitatea. Inoiz baino adostasun zabalena dago euskal gizartean espetxe-politika aldatzearen alde. Atxiloketek eta zitazioek ez diote logika judizial bati erantzuten: Euskal Herriko eta Kataluniako independentismoak ahalbidetu duten egoera berriari erantzuten diote. Estatu Sakona modu iraunkorrean saiatzen ari da edozein aukera-leiho zapuztu asmoz. Estatu Sakon horrek ez du nahi gatazkaren ondorioen nahiz zergatien alorrean aurrera pausorik eman dadin. 
 

2020-02-24

-