AKTIBISMOA


bakea eta bizikidetza

Euskal preso, iheslari eta deportatuak etxera!

2019-12-30

Bada garaia Espainiako Gobernuak espetxe politika berri bat abian jartzeko. Euskal preso, iheslari eta deportatu guztiak etxeratzea herri gisa dugun erronka da. Ezinbestekoa da bakea eta bizikidetza eraikitzeko preso guztiak etxeratzea. Bide orri partekatu bat adostu behar dugu horretarako presoak, gizarte zibileko erakundeak eta instituzioen artean.

Bilboko gabonetako izotz pistan, presoei gure elkartasuna eta maitasuna adierazteko ekimena egin dugu.

gora herria

Konstituzioari txistu ozena

2019-12-06

Espainiako ereserkiari ozen egin diogu txistu Bilbon, Gobernuaren Ordezkaritzaordetzaren aurrean, Konstituzioaren egunaren harira. Ekintza baten bidez, Espainiako erregimena herrien eta pertsonen kartzela dela salatu du SORTUk, eta 78ko Erregimenarekin hausteko beharra nabarmendu du, autodeterminazio eskubidea eta askatasuna eskuratzeko.

Plaza eliptikoan, buruz behera esekita agertu dira Francoren, Felipe Borboikoaren eta Juan Carlos Borboikoaren erretratu erraldoiak. SORTUko 35 aktibista Gobernuaren ordezkaritzaordeara begira paratu eta hizki batzuk zabaldu dituzte, “España, herrien kartzela” esaldia eta “askatasuna” hitza osatuz. Orduan, megafoniatik Espainiako ereserkia entzuten ahal izan da, baina, txistukada ozen batek estali egin du musika.

Espainiako ereserkiari egindako txistukadaren bidez, Konstituzioa salatu du SORTUk. Urtza Alkorta bozeramailearen esanetan, “Konstituzioak ez zuen frankismoarekin hautsi eta Francok ezarritako bi oinarriak bere egin zituen: Espainiaren batasuna eta kapitalismoa. 78ko erregimena elite ekonomikoen eta oligarkiaren mesedetan aritu da eta ari da, langile-klasearen kaltetan. 78ko erregimena, horrenbestez, herrien eta pertsonen kartzela dugu. Guk argi dugu: beharrezkoa da 78ko erregimenarekin haustea, askatasuna eta autodeterminazio eskubidea gauzatzeko”.
 

gora herria

Kapitalismoa ala bizitza

2019-09-19

Gure planetaren baliabideak mugatuak izan arren, eredu kapitalistak ez du mugarik. Gelditu ere ez da egiten, aurrean harrapatzen duen guztia suntsitu arte. Sistema kapitalistak eragin du klima-larrialdia, beste desoreka nabarmen askorekin batera. Konpondu ezik, areagotu egiten ditu emakumeen zapalkuntza, migrazio-krisiak, goseteak, pobrezia, langabezia, prekarietatea, gerra...

Mende amaieran, Lurraren tenperatura 3ºC igoko da orain arte bezala jarraituz gero. Hurrengo 10 edo 20 urteetan hartuko diren neurriek erabakiko dute gure ondorengoen geroa.

Hego Euskal Herrian, herritar bakoitzak 9 tona CO2 isuri zituen 2017an, Europako Batasunean (8,4 tona) eta Estatu espainiarrean (7,2) zenbatutako kopuruaren gainetik.

Alarma gorri guztiak piztu dira. Munduak trantsizio sozio-ekologikoa behar du eta gu gure aletxoa jartzeko prest gaude. Gure iparrorratza da karbono isurietan neutroa izango den Euskal Herri batera abiatzea. Hemen asmatu genuen auzolana, besteak beste, basoak, bideak edo ibaiak garbitzeko. Gainera, iraunkortasunaren eta ingurumenaren alde esperientzia ugari metatu ditugu azken hamarkadetan (kontsumo taldeak, borroka antinuklearra, AHTaren aurkakoa, energia berriztagarrien aldeko kooperatibismoa...). Arazo global honi aurre egiteko prest gaude. Burujabetza behar dugu, tresna propioak behar ditugu.

Kapitalismoak bizitza jartzen du arriskuan. Norabide aldaketa behar dugu. Berandu baino lehen.

Irailaren 20tik 27ra mobilizazioak mundu osoan.


 

gora herria

Eskuin muturraren gorroto eta gezurrezko hitzak desinfektatuz

2019-05-23

Albert Riverak Ugaoko frontoiako hitzaldian gezurrak eta gorrotoa zabaldu nahi izan baditu ere, SORTUko aktibista boluntarioek berak jaurtitako horiek desinfektatu dituzte, Ciudadanosen ikuskizunaren ostean. Modu honetan, Ugaoko herriak emandako erantzunarekin bat egiteaz gain, autoritasimoaren eta eskuin muturraren arriskuez ohartarazi du SORTUk.

Garbiketa-ekintzan parte hartu duten kideen arabera, “eskuin muturra eta autoritarismoa arriskutsuak dira Euskal Herriarentzat. Gaur Ciudadanos alderdia etorri da Ugaora, Albert Rivera buru dutela, gorrotoz eta inposizio diskurtsoa zabaltzera. Euskal gizarteak aspaldi egin zuen bakearen aldeko hautua. Ciudadanosen helburua ordea euskal herritarrak bakea eta askatasuna lortzeko egiten ari diren ahalegin oro zapuztea da, interes alderdikoiak lehenetsita”.

“Trifatxitoak bazter guztiak zabarkeriaz, gezurrez eta irainez bete nahi du. Desinfekzio brigada antolatu dugu gaur bere gorroto-diskurtsoa garbitzeko. Euskal Herrian bakea eta bizikidetza eraikitzea oztopatu nahi duelako”.

#GoraHerria

euskal herria

Desinfekzio antifaxista

2019-04-16

Eskuin muturra, faxismoa eta autoritarismoa mehatxua dira Euskal Herriarentzat. Euren programa atzerakoia inposatzera datoz. Ez dugu onartuko. Casado, Rivera eta Abascal ez dira ongi etorriak Euskal Herrian. Jakin dezaketa gure eskubide nazionalen eta sozialen alde borrokan jarraituko dugula.

Trifatxitoak dena kakaztu nahi du euren zabarkeria, gezur eta irainekin. Hori dela eta Sortuk desinfekzio kanpaina jarri du abian, zikinkeria hori desagerrarazteko, berandu izan baino lehen. Gure etorkizuna dago jokoan.

#GoraHerria #EginAurre #AgurTrifachito