NOTICIA

Ongi etorri, Euskaraldia!

2022-11-18

Arrakasta opa diogu euskararen aldeko kanpaina erraldoi honi. Borondate politiko irmo batek egingarri egingo luke gure hizkuntzaren biziberritzea, hainbat neurri ausart aplikatuz.

Azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo den Euskaraldia kanpainarekin bat egiten du Sortuk eta garrantzitsua deritzo euskararen aldeko ariketa erraldoi honetan parte hartzeari. Hori dela eta, herritarrak animatzen ditu Euskaraldian murgildu daitezen.

Aurreko edizioetan, agerian gelditu da Euskaraldiak izan duen harrera ona. Euskararen normalizazioa lortzeko, norabide onean doan urratsa dela uste dugu. Arrazoiak asko dira. Lehenik eta behin, erabilera sustatzeko ariketa kolektiboa delako, eta bertan herri-mugimenduak, erakunde publikoek eta norbanakoek bat egiten dutelako. Euskal Herri osoko kanpaina izanik, are handiago eta garrantzitsuagoa da egitasmoa, herria eta hizkuntza hartzen baititu aintzat, gorputza eta bihotza, Xalbadorrek irakatsi zigun moduan.

Bigarren arrazoia da Euskaraldiak bidelagun berriak gerturatzen dituela euskarara. Egunerokoan euskaraz aritzeko era bateko edo besteko zailtasunen bat duten horiei lagungarria suertatzen zaie euskaraz aritzea, ahalegintzea, entzutea.

Hirugarrena da motibazioa: euskaraz bizi direnek ere gehiago erreparatzen diete haien eta ingurukoen hizkuntza-ohiturei, eta horrek motibazioa areagotzen du.

Hamaika arrazoi gehiago ere aipa genitzake, baina horietan galdu beharrean, begira diezaiogun alde praktikotik zer ekarpen egin dezakegun gure hizkuntza-ohiturak hobetzeko. Sortuk Euskal Herri euskalduna du helburu eta urtarrilean amaitu genuen kongresuan euskara ardatz estrategikotzat definitu genuen, iaz euskalduntze-prozesua ezkerretik eta independentismotik arnasberritzeko planteamendua plazaratu ondoren (Arnasberritzen dokumentua). Sortuk oro har euskara du komunikazio-hizkuntza nagusi. Praktikan arigunea gara: nazio- eta herrialde-mailan eta herri gehientsuenetan euskaraz aritzen da gure mugimendu politikoa eguneroko jardunean: bilerak euskaraz egiten ditugu, txostenak euskaraz ekoizten ditugu, euskarazko komunikazioa lehenesten dugu jendeaurrean... Halere, zorrotzago jokatu beharko genuke, askotan euskara alboratzeko joera izaten baitugu oharkabean, herri honek bizi duen egoera diglosikoaren seinale. Hori dela eta, Euskaraldian, Sorturen baitan kontzientzia areagotu eta sendotzeko konpromisoa berresten dugu.

Azken batean, kontzientzia horrek salbatu zuen euskal hizkuntza duela hamarkada batzuk. Desagertzera kondenatua zirudienean, lortu zuen herri antolatuak euskara putzu sakon eta ilun hartatik ateratzea. Ikastolak, gau-eskolak, euskal prentsak, literaturgintzak eta militante askoren lan ordainezinak lortu zuen. Herri antolatuaren lorpena izan zen. Baina, ez gaitezen engaina, osasunez makal segitzen du oraindik. Euskararen ezagutza handitzea lortu badugu ere, ez dugu erabilerak gora egin dezan lortzen. Kezkatzeko motiboak dauzkagu, euskal administrazioek ez baitute borondaterik euskara normalizatzeko politika eraginkor eta bateraturik abian jartzeko. Gainera, judikatura euskarafobo batek indarrik gabe uzten ditu hainbat eta hainbat aurrerapauso etengabe.

Arrakasta opa diogu Euskaraldiari, eta ahalik eta jende kopuru handiena motiba dezan espero dugu. Halere, ez genuke ahaztu behar kanpaina bat dela, oso norabide egokian ari dena. Kanpaina hutsek ez dute, baina, euskara salbatuko. Beraz, Euskaraldia amaitutakoan, ez gaitezen autokonplazentzian murgildu, ez dezala inork baliatu egin ez dituen etxeko-lanak zuritzeko. Euskaraldiaren arrakastaz harago, ezinbestekoa zaigu hizkuntza-politika ausartak aplikatzea eta euskarari dagokion dimentsio politikoa ematea. Izan ere, askok kontrakoa sinestarazi nahi badigute ere, euskara afera politikoa da eta erabaki politikoek lagundu beharko dute berau normalizatzen.

Borondate politiko irmo batek egingarri egingo luke normalizazioa, euskararen aldeko hainbat neurri ausart aplikatuz. Batzuk aipatzearren, euskararen aitortza eta ofizialtasunak berebiziko garrantzia du Ipar Euskal Herrian, non euskararen ezagutza eta erabilerak beherakada beldurgarria izan duen azken hamarkadetan. Nafarroa Garaian, euskararen zonifikazioaren amaiera behar-beharrezkoa da, praktikan hizkuntza-eskubiderik gabeko euskaldunak egotea ahalbidetzen baitu. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, berriz, agerian gelditu da indarrean den euskararen legeak zer-nolako mugak dauzkan eta premiazkoa da lege hori berritzea. Horrez gain, hona hemen euskara biziberritzeko beste zenbait neurri: euskara ikasteko doakotasuna euskal herritar guztientzat, euskara eta euskal kultura aintzat hartuko dituen curriculumak abian jartzea Euskal Herri guztian, euskarazko ikus-entzunezkoak eta teknologia berriak sustatzea eta EITBren hizkuntza-politikaren birplanteamendu erradikala.

Neurri horiek aplikatuz gero, euskararen osasunak seguruenik makalalditik irtengo luke. Neurri horiek aplikatzeko lan eta borroka egin behar dugu, jakinda Espainia eta Frantzia ez ditugula bidelagun, eta oztopoak jarriko dizkigutela. Zorioneko gure hizkuntza txiki honen salbazioa estatu-tresnak izatetik pasatzen da. Txillardegik esan zuen moduan, “hizkuntza bat ezin da salbatu bihotza ez badago tartean, ez bazaio dimentsio abertzalea ematen. Estatu batekin, agian, euskara ez da salbatuko; baina estaturik gabe, ziur ezetz”.

Ekin lanari!

#INDarra