Sorturen adierazpena euskararen egunean

Euskararen normalizazio eta berreskurapen prozesuan zer esan handia eman duen urtea izan da 2022a. Euskararen egunaren buelta testuinguru aproposa da abertzale eta ezkertiarrok askapen prozesuan ardatz dugun erronka honi nondik eta nola begiratzen diogun partekatzeko.

Euskararen ezagutzan azken hamarkadetan lurralde guztietan, oro har, eman den aurrerapausoa itzela da. Aldiz, mugak ere agerian geratzen hasiak dira: esaterako, derrigorrezko eskola aldia bukatzean ikasleen ia erdiak ez dira euskalduntzen eremu batzuetan. Euskal Herriko eremu askotan, euskara eskoletan ez da ikasgai soil ere, euskara anekdota hutsera murrizten da eta derrigorrezko hezkuntza D ereduan egiteko bermerik ez dago.

Erabileran ematen ari diren atzerakada zantzuak ere oso kezkagarriak dira, Soziolinguistika Klusterrak eta UEMAk emandako datuek azaltzen dutenez. Kultur globalizazioaren baitan, euskaldunok eta Euskal Herria ia biluzik gaude ekosistema egokia eraiki ahal izateko.

Euskararen aurkako ofentsiba politikoa eta judiziala areagotu egin da. Kutsu erreakzionarioa duen jokabidea hartu dute epaileek, arduradun politiko eta sindikatu zenbaitzuek, feminismoan edo arrazakeriaren auzian gertatzen ari den bezala, zapaltzailea zapaldu gisa, biktima gisa agertuz, eskubideak zapalduz, egun dagoen statu quoari eusteko helburuarekin.

Egoera hau izanda, euskararen etorkizuna norbanakoaren ohituren esku soilik uztea arduragabea da.

Helburu estrategikoa Euskal Herria euskalduna izanda, hauek dira datozen bi hamarkadetarako helburuak Sorturen iritziz: 1) Euskararen normalizazioa bermatuko duten funtsezko erabaki politiko eta sozialak hartuta egotea eta horiei dagozkien ezinbesteko lehen urratsak eginda egotea. 2) Euskarak estatus ofiziala izatea lurralde guztietan. 3) Ezagutza unibertsala izatea. 4) Hizkuntza politika osoa eta koherentea izatea plano sozialean eta politiko-instituzionalean.

EAEn jauzi berriak emateko aukera dago. Euskararen Legeak 40 urte beteak ditu eta berritu beharra dago jauzi kualitatiboak emateko. Nafarroan zonifikazioak segregazioa sustatzen du: eskubide guztiak guztientzat printzipio gidaria aplikatu behar da ofizialtasuna lurralde osora hedatuz. Ipar Euskal Herrian euskarak erabateko ukazioan segitzen du. Kinka larria da eta heriotzara kondenatu nahi du Frantziar Estatuak.

Jauzi berria eman beharra dago euskararen berreskurapen prozesuan eta horretarako euskararen aldeko mugimendua biziberritu eta indartu beharra dago. Borroka indartzen ari da eta badira itxaropenerako kimuak: Gazte Euskaltzaleen Sarea, Azterketak euskaraz! dinamika, Pantailak euskaraz, Hordago!, Agerraldia...

Bestalde, hizkuntzaren auzia ezin dugu euskal kulturaren transmisioan dagoen eten larritik bereizi. Euskaldun izatea ez baita soilik hizkuntzaren jabe izatea komunikaziorako tresna soil gisa. Euskalduna izatea komunitate baten parte izatea ere bada.

Mundura irekia den hizkuntza bat eta herri bat nahi dugu, hori baita biziraupenerako gakoa, Irulegiko herrixkatik gaurdaino: egokipen gaitasuna. Baina biziko den hizkuntza bat ere nahi dugu eta horrek hizkuntza politika berriak eskatzen ditu. Euskaldunok ekosistema egoki bat behar dugu bizitzeko eta ekosistema hori babesteko zein eraikitzeko burujabetza behar dugu, hizkuntza politika berriak eta ausartak behar ditugu. Estatu tresnak behar ditugu.