Nehork ez dio eguri itxaropena kenduko

Irailaren 27an, Txiki eta Otaegi, erail, fusilatu zituzteneko urteurrenean, gogoan ere baditugu ekarpen maila ezberdina eginez Euskal Herriaren alde bizitza eman duten lagun guztiak. Zentzu horretan, garrantzi berezia ematen diogu irailaren 27aren urteurrenaren bueltako kartelari. Azken urteetan, zenbait artistengana jo dugu iruditeria berritzeko asmoz. Eta aurten, mundu zabalean sona handia duen euskal sortzaile batengana jo dugu, Kepa Akixo ‘Zigor’ artista, poeta, eskultore eta margolariarengana. Zigor, gaztetatik herri honen askatasunaren alde engaiatu zena, iheslari politiko ere izan zen 70eko hamarkadan. Gaur egun, jarraitzen du bere ekarpena egiten.

Artistak egunsentiko kolore-leherketaren aurreko uneari erreparatu dio, iluntasunetik egunero piztu ohi den argi-zirrinta horri. Une hori da Egu, Zigorren arabera. Modu horretan, momentu iheskor bati begira jartzen gaitu: egun berriaren hasierak dakarren itxaropen uneari; hau da, herri honetan egunero berritzen den borrokari, bizi nahiari eta horrek guztiak dakarren itxaropenari. Azken batean, herri-gogoak mantendu du Euskal Herria bizirik, askatasun egarriz, aurkakotasun guztien aurrean. Lan honen bidez, militante abertzale orok pizten duen itxaropenari egiten dio gorazarre.

Hemen eskura dezakezue irailaren 27ari buruzko deialdiei buruzko informazio gehiago.
 

Gauaren iluntasunetik ateratzen den lehen argi-zirrinda da egu